Musika

Sex Pistolsetik Eurovisionerako lehiara

John Lydonen PiL taldea Irlanda ordezkatzeko lehian sartu da, alzheimerraren inguruko abesti batekin.

John Lydon, 2001ean, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urtarrilaren 09a
18:34
Entzun

John Lydon bataioko izena baino ez du erabiltzen aspaldi, baina Johnny Rotten (Johnny Ustela) ezizenarekin egin zen ezagun, Sex Pistols taldeko abeslari gisa. Itzulinguru asko eman ditu musikaren munduan, eta azken atala iragarri berri du: Public Image Limited taldearekin, aurten Eurovision jaialdian parte hartzeko lehian sartu da, Irlanda ordezkatzeko asmoz.

66 urteko musikaria Londresen jaio zen, baina haren gurasoak Irlandan jaio ziren, eta Irlandako pasaportea dauka.

RTÉ Irlandako irrati-telebista publikoak gaur iragarri duenez, beste bost talderekin lehiatuko da Lydonen PiL banda. Hawaii kantarekin lehiatuko dira. Lydonek esan duenez, Alzheimerren gaitza duen emazteari eskainitako abestia da, eta, era berean, bizitzan ataka latzean dauden guztiei.

Otsailaren 3an egingo da lehia Irlandan, eta, PiL-ez gain, Leila Jane, K Muni & ND, Adgy, Connolly eta Wild Youth lehiatuko dira Eurovisionerako plaza eskuratzeko. Irlandako eta nazioarteko musikaren munduko bi epaimahaik eta herritarren botoak ebatziko du nork ordezkatuko duen herrialdea.

Europako telebista publikoek antolaturiko jaialdia Liverpoolen (Erresuma Batua) egingo dute aurten, maiatzaren 13an.

Punk mugimenduaren txinparta izan zen Lydon Sex Pistols taldearekin, 1975tik 1978ra. Hiru urte bakarik iraun zuen taldeak, eta disko bakarra argitaratu zuen (Never Mind the Bollocks), baina sekulako eragina eduki zuen. 1978. urtean bertan, PiL taldea sortu zuen, eta horrekin askoz ibilbide luzeagoa izan zuen, 1993ra arte, eta 2009tik aurrera berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.