«Down to Fuck» (txortan egiteko prest). Horixe da DTF St. Louis telesailari izena ematen dioten DTF siglen esanahia, eta baita istorioaren erdigunean dagoen ligatzeko aplikazioarena ere: helduen eta ezkonduen topaketak errazten dituen tresna bat da. St. Louis, berriz, Missouri estatuan (AEB) dagoen hiri baten izena da.
Protagonisten artean daude David Harbour (Stranger Things), Jason Bateman (Ozark) eta Linda Cardellini (Bloodline). Batemanek Clark Forrest hiriko meteorologo ospetsua antzezten du; Harbourrek, berriz, Floyd Smernitch, keinu hizkuntzen interprete xelebre eta berezia; eta Cardellinik Carol Smernitch-en rola du, Smernitchen emaztea eta beisbol partidetan arbitro lanak egiten dituena. Hirurak gurutzatuko dira, desiraren eta bakardadearen arteko lerro mehean, eta gurutzaketa horretatik sortuko da korapiloa: maitasun eta desira triangelu bat. Egun batean, haietako bat (Floyd Smernitch) hilik agertuko da.
Hilketa bi detektiberen esku geratuko da (Richard Jenkins eta Joy Sunday), eta aurre egin beharko diote hasieran dirudien baino askoz konplexuagoa den kasu bati. Nork hil du Smernitch? Galdera horren bueltan osatuko da kontakizuna, eta hirukotearen arteko loturak argituko dira pixkanaka. Kontakizunak ez du ildo zuzenik hartuko: denboran zehar zatituko da, egia osatzeko piezak banan-banan erakutsiz. Krimena ez da izango ardatza; barneko pitzadurak argitara ekartzeko aitzakia gisa erabiliko da.
Azken urteotan thriller kriminala formula errepikakorrez bete bada ere, Steven Conradek sortutako DTF St. Louis telesailak bide bitxi eta deseroso bat hartuko du; 50 urtetik gorakoen adin krisia suspensearen motor bihurtuko da.
Desleialtasunen inguruko kontakizun arrunt bat izan zitekeen, baina generoaren mugak lausotzen dituen pieza bihurtu da: komedia beltzak, drama existentzialak eta misterioak elkar ukituko dute, oreka hauskor baten ertzean. Eta, hain zuzen, ertz horretan sortzen da haren edertasun arraroa. Desoreka horretan aurkituko du bere nortasun berezia.
Tonu deserosoaren argi-ilunetan
Tonuak berehala harrapatuko du ikuslea, eta, aldi berean, urrunduko: deserosoa da, baina erakargarria; definitzea zaila den horietakoa. Ez du antzik familia burgesen krisiak erakusten dituzten telesailekin (Big Little Lies eta The White Lotus, esaterako); hemen giroa zikinagoa da, arraroagoa. Fargo-ren itzala sumatzen da, baina hau ez da polizia kasu klasiko bat, ezta True Detective-ren ildoko zerbait ere. Conradek umore beltz eta deserosotasun sotil bat darabil, une batzuetan barrea eta tristura lerro berean jarriz, surrealismoaren ertzera hurbilduz.
Testuingurua: hiri inguruko paisaia gris bat, non asperdura eta frustrazioa etengabe arnastuko diren. «Ondoriorik gabeko emozioen» bila dabilen mundu bat da, baina hemen guztiak izango du ondorioa. Keinu txikienek ere, ia oharkabean, hondamendia ekar dezakete.
Ez da telesail erraza. Hasieran, pazientzia eskatzen du, erritmoak eta isiluneek euren tokia har dezaten. Baina, behin barrura sartuta, zaila izango da ihes egitea. Deserosotasunean aurkitzen du indarra, pertsonaien eremu grisetan murgilduz. Eta krimena? Ez da ikuskizun: erabaki txikien, desira isilen eta hutsune handien kate baten azken ondorioa baizik.
'DTF st. louis'
- Sortzailea. Steve Conrad.Â
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2026.
- Aktoreak. Jason Bateman, David Harbour, Linda Cardellini, Joy Sunday eta Richard Jenkins.
- Non ikusi. HBO Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Drama, komedia beltza, thrillerra.