Euskara

Shin Chan, eusko gudaria

Espainiako eta Nafarroako eskuinak espantuka hartu du ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izateko Madrilek eta EH Bilduk eginiko ituna. Haserre planta horrek hainbat erantzun ironiko eta umoretsu eragin ditu sare sozialetan.

Shn Chan marrazki bizidunetako telesailaren bertsio berezia zabaldu dute sareetan.
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 24a
15:55
Entzun

Astelehenean zabaldu zuten EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak akordio bat lortu dutela ETB3ren seinalea Nafarroa osora zabaltzeko. Orain arte, Nafarroan ikusten zen oro har, baina ez Euskararen Legeak eremu euskalduntzat jotzen dituen guneetan, hala nola Baztanen, Malerrekan, Bidasoan edo Sakanan. Itunak Espainiako eta Nafarroako eskuinaren erreakzio gogorra eragin du. Sare sozialetako hainbat erabiltzaileri horren gehiegizkoak iruditu zaizkie itunaren aurkako espantu plantak, non ironiara jo duten horretaz barre egiteko.

Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidenteak esan zuen «euskara, Espainiaren ondare kulturala, Nafarroako telebistaren bidez ezarri nahi dute, euskara areagotzeko, eta arma gisa erabiltzeko». UPNk Espainiako Kongresuan duen diputatu Sergio Sayasek ere ozen salatu zuen telebistaren bidez haurrak «doktrinatzeko» asmoa dutela.

Halako egoera bat irudikatu du Twitterreko @oznerol_10 erabiltzaileak: «Adi, atera dute EITB3ren lehenengo emanaldia Nafarroan». Mezuarekin, Shin Chan marrazki bizidunetako telesailaren eszena bat argitaratu du. Horretan, Eusko gudariak ereserkiaren musikarekin desfilatzen agertzen da Shin Chan pertsonaia. Japonierazko testuen itzulpen irudinentsuak sartu ditu: Sabino Aranaren omenez, hemen maketorik ez; alde hemendik, utzi bakean; eta Euskal Herri feminista, sozialista, euskaldun, ekologista eta antifaxista lortu arte.

Ane Lindane aktore, websail zuzendari eta, oro har, sareetako sortzaileak bere jarraitzaileei erakutsi nahi izan die «euskarazko bikoizketa doktrinamendu hutsa» dela, eta Doraemon telesailaren hasierako kantuaren barruan ezkutatzen den mezua nabarmendun du: «Pron pon pon, gora ETA gora beti, Doraemon!».

Arkaitz Terron Twitterreko erabiltzaileak idatzi du: «Argi bazegoen Bud Spencer (@JonInarritu) eta Terence Hill (@OskarMatute) ETAkoak zirela… Denbora kontua zen #Dorarmon aurkitzea, anime komandoko burua». Testua Doraemon armatu batekin ilustratu du.

Jurgi Marcus erabiltzaileak Sayasen adierazpenen inguruko iruzkina egin du: «ETB3 Nafarroan ikustearen ondorioak». Txioa irudi muntaketa batekin ilustratu du: begi askoko munstro batek bi gazteren burmuinak xurgatzen ditu.

Bestelako mezu asko eragin ditu erreakzioak. Jon Artieda txiolariak hau adierazi du: «Otegi bera etorriko da Nafarroako etxe guztietara ETB3 sintonizatzera eta gainerako kanalak kentzera».

Maria Jauregik ETB3ko programazioan ikus daitezkeen hainbat saioren irudi bat argitaratu du.

Joseba Permachek egun ona opatu die munduko doktrinatzaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.