Sinestesia da: entzuten duzu irudi hau?

Fenomeno neurologiko bat da sinestesia: zentzumenen uztarketa bat, eta ez zentzumenen nahasmendu bat. Biztanleen %4 dira sinestesiadunak. Koloreak aditu ditzakete, soinuak ikusi, eta zaporeak ukitu. «Ez dakit entzuten ikusi gabe».

ZALDI EROA
ZALDI EROA
enekoitz telleria sarriegi
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Literatur tropo baten barruan bizitzea bezalakoa behar du izan. Horixe baita sinestesia, izatez, figura erretoriko bat: zentzumen bati esleitzea berea ez den sentsazio bat. Horregatik dira hitzak hotzak, ahotsak leunak, besarkadak beroak, begiradak gozoak eta garaipenak mingotsak. Bada erre usaina duen euria. Badira kristalezkoak diren arratsaldeak. Eta entzuten duten begiak. Eta ikusten duten belarriak. Azken horien multzokoak dira sinestesiadunak.

Ez dira asko, baina badira. Biztanleriaren %4 da sinestesiaduna. Eta argi utzi beharreko lehen gauza: «Ez da gaixotasun bat. Eta ezta beste gaixotasunen bat eragiteko arriskua sortzen duen ezer ere. Fenomeno bat dela esaten dugu», azaldu du Miren Altuna neurologoak.

Oinarri neurologiko bat duen fenomenoa da, alegia, eta neurologo batek esplikatu beharrekoa: «Normalean, estimulu sentsorial bat dagoenean, burmuinaren eremu bat aktibatzen zaigu. Eremu bakoitzak funtzio bat dauka». Adibide bat jarri du: «Ukimenaz arduratzen den zatiak ez dauka zerikusirik ikusmenaz arduratzen denarekin. Departamentu estanko gisa funtzionatzen dute. Estimulu bat sortzen da, estimulu horretaz arduratzen denak jasotzen du, eta ez du komunikazio sare handirik beste eremuekin».

Hori da ohikoena, edo biztanleriaren %96 horren sentitzeko eta jarduteko modua. Baina zer gertatzen da sinestesia kasuetan? «Guztiz nahi gabe, kontrolatu ezin den modu batean, interkonexio bat sortzen dela zenbait zentzumenez arduratzen diren eremu horien artean. Estimulu batek, eremu bakarra aktibatu beharrean, estimulu horrekin zerikusirik ez duen buruko beste eremu bat aktibatzen du. Zirkuitulabur bat gertatuko balitz bezala».

«Sinestesia ez da gaixotasun bat. Eta ezta beste gaixotasunen bat eragiteko arriskua sortzen duen ezer ere. Fenomeno bat dela esaten dugu»

MIREN ALTUNANeurologoa

Eta non dago zirkuitulabur horren jatorria? Altunak dio jatorriari buruzko hainbat teoria daudela, eta oraindik ere sinestesia ikertzen segitzen dutela. «Teoria horietako batek dio entzumenaren eta ikusmenaren inguruko komunikazio adarrak oso indartsuak izaten direla jaioberritan, baina urteek aurrera egin ahala gutxitu egiten direla; kimaketa moduko bat gertatzen dela. Ordea, teoria horren arabera, batzuetan kimaketa hori ez da gertatzen, eta komunikazio adar horiek mantendu egiten dira». Badaude gehiago: «Beste batek dio zentzumenak prozesatzen dituen eremu hori hiperaktibo dagoela, eta horretarako badagoela aldez aurretiko joera genetiko bat. Alegia, sinestesia dutenen %40-50ek aurrekariak dituztela».

Ikertu dute sinestesia, baina segitzen dute ikertzen. Altunak azaldu duenez, sinestesiari «beste erabilera batzuk» ematea da ikerketa horietako batzuen helburua. Esplikatu du nola ari diren horretan: «Neurologook erresonantzia magnetikoak egin ditzakegu egitura ikusteko; argazkia ikusteko. Baina erresonantzia magnetiko funtzionalak ere egin ditzakegu». Adibide bat jarri du: «Jartzen dugu pertsona bat testu bat irakurtzen, eta, normalean, ikusten dugu buruan aktibatzen den eremua ikusmenarena eta letraren prozesamenduarena dela. Sinestesia dutenetan ikusten dugu kolorearen prozesamenduari dagokiona ere aktibatu egiten dela».

«Nik ikusmena eta entzumena erabat lotuta dauzkat. Beti dut informazio gehigarri hori, zentzumenen batuketatik jasotakoa. Koloreekin pentsatzen dut»

MIREN KARMELE GOMEZ GARMENDIASinestesia duen artista

Zer erabilgarritasun izan dezake horrek? «Guri bide bat zabaltzen digu, esanez: burmuin horiek plastikoagoak dira, edo neuronen komunikazioa hobetu liteke. Oinarrian zer dagoen ulertu nahi da, eta erabili ote litekeen geure mesederako». Beste adibide bat jarri du: «Iktus bat badago: hitzak prozesatzeko toki horretan pertsona horrek aukera balu hitz hori kolore batekin konektatuta ikusteko, estimulatuko bagenu kolore horien interpretazioa, gaitasuna izango genuke paziente horrek hitzak topatzeko duen zailtasuna pixka bat hobetu ahal izateko».

Adar asko ditu sinestesiak, eta sinestesiadun izandako legendazko artisten zerrendak ere badaude eginda. Sinestesiadun askok adierazpen artistikoan topatu baitute aterpea euren sentsazio eta estimulu zaparradarentzat. Sinestesiadunak ei ziren Vincent van Gogh eta Wassily Kandinski margolariak, Vladimir Nabokov idazlea, Charles Baudelaire poeta eta Duke Ellington jazz musikaria. Sinestesiadun garaikideagoak dira Billy Joel musikaria, Billie Eillish abeslaria eta Geoffrey Rush aktorea. Eta sinestesiaduna da Miren Karmele Gomez Sinesk artista euskalduna ere —sinestesia.eus webgunean dauzka jasota bere bizipenak eta lanak—. «Gaur egun zarata handia dago terminoaren inguruan. Asko lotzen baita ikus-entzunezkoekin, eklektikotasunarekin... Eta komeni da gaia argitzea. Horregatik egin nuen webgunea», azaldu du Gomezek.

Koloretan pentsatzen du, eta koloreak ikusten dizkie soinuei: «Ez dakit entzuten ikusi gabe». Eta argitu du ez dela nahasketa bat: «Nik ere hasieran esaten nuen sinestesia zentzumenen nahasketa bat zela. Baina gaiari buruz irakurrita eta sakonduta ohartu naiz nahasmendu bat balitz nire egunerokoa ez litzatekeela horren erosoa izango. Alegia, niri ez zait nabaritzen nahasmendu bat dudanik».

Sinestesia «zentzumenen batuketa bat» da Sinesk-entzat. «Eta sinestesia dugunoi oso modu pertsonalean eta ezberdinean eragiten digu. Hor dago, hain zuzen, ikerketarako zailtasuna: ez baita gaixotasun bat, ezaugarri bat baizik. Eta gaitasun bat dela ere ez nuke esango. Baditut hitz horrekin nire zalantzak, zeren badirudi gaitasun gehiago dutenak hobeak direla, eta nik ez dut neure burua hor kokatzen».

Gomezek txikitatik dauka sinestesiaduna izatearen kontzientzia, eta oso modu dibertigarrian kontatzen du bizi izandakoa. «Niri hori gertatzen zitzaidala jakin nuenean, sekulako ezustekoa hartu nuen. Harrituta gelditu nintzen, ez niri gertatzen zitzaidalako, baizik eta ingurukoei gertatzen ez zitzaielako».

Sinestesia txikitan «integratua» zuela dio, baina «isildua» ere bai, nolabait. «Ez dakit adibiderik onena den, baina txikia zarelarik, esaten duzu: ‘Ama, kristoren puzkerra egin dut!’. Baina adin batetik aurrera, esaten dizute: ‘Horrelakoak ez esan jendaurrean; horrelakoak, esan, baina etxean’. Nik adibide hori jartzen dut nire autozentsura esplikatzeko. Hau da, ni txikitan ibiltzen nintzen esanez: ‘Min laranja daukat’, ‘Kili-kili gorria egin dit’... Baina, une batetik aurrera, halakoek ez zuten segidarik izaten inguruan. Orain ateratako ondorioak dira, baina une jakin batetik aurrera halakoak zure baitarako gordetzen dituzu, eta ez diezu arretarik paratzen».

2005etik aurrera hasi zen gertatzen zitzaionari sinestesia izena jartzen. «Ordura arte, nire etxean beti erabiltzen zuten esaldia zera zen: ‘Zer-nolako imajinazioa duen neskato honek’». Eta sinestesiaduna izateagatik sufritu ote duen edo inoiz pertsona bitxi baten gisa tratatu ote duten galdetuta, garbi dauka erantzuna: «Nire erabakia izan zen gertatzen zitzaidan hori guztia margotzea. Duela hogei urtetik hona gertatutako dena erregistratu dudanez, badut kontrol bat. Ez naiz inoiz sentitu arraroa. Eta ez naute sekula baztertu horregatik eskolan eta. Lagunek adarra jotzen zidaten, baina nire apunte guztiak kolorez beteta zeudelako».

Eta hasi da azaltzen zer gertatzen zaion: «Nik erabat lotuta dauzkat ikusmena eta entzumena. Beti dut informazio gehigarri hori, zentzumenen batuketatik jasotakoa. Koloreekin pentsatzen dut, eta badakit kolore horiek erabiltzen gauzak azkarrago egiteko: adibidez, kronogramak nire eguneroko lanean».

Gomezek dio zentzumenen batuketa hori bi eratakoa izan daitekeela: sinestesia asoziatiboa —«buru barruan gertatzen dena»— eta sinestesia proiektiboa —«gorputzetik kanpora gertatzen dena»—. Ez zaie sinestesia duten guztiei horrela gertatzen, baina Gomezek bi aldaerak dauzka, eta modu harrigarri honetan kontatu ditu: «Proiektiboa: irratia entzuterakoan. Demagun etxeko sukaldean daukadala jarrita. Bada, gailutik nireganaino soinuak okupatzen duen toki hori guztia tindatu egiten da kolore, forma eta mugimendu batekin». Eta oraindik harrigarriagoa dena: «Asoziatiboa: zurekin ari naiz orain hitz egiten. Bada, ez dakit zenbat nanosegundo lehenago, esaten dizkizudanak ikusten ditut kolore forma batekin nire buruaren barruan, eta gero erabakitzen dut zer kolore edo forma itzuli zuri hitz moduan».

Onartu du egoera batzuk ezerosoak iruditzen zaizkiola, baina saiatzen dela horiek saihesten. Umorez gogoratu ditu matematikekin ateratako izerdiak. «Zeren zenbakiek kopuru bat adierazten dute, baina hitzez esaten ditugu. Adibidez: 1, zifra moduan, urdina da niretzat. Baina bat esaten badut, a hori niretzat zuria denez, hitzez esandako bat hori zuria da niretzat. Gaztelerazko uno esaten baldin badut, urdina eta gorria da niretzat. Eta ingelesez sekulako saltsa sortzen da, zeren one idazten baita, eta gorria eta berdea da hori niretzat, baina uan esaten da, alegia, urdina eta zuria da niretzat». Sinestesiadunentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.