Telesailak

Sinetsi nahi ez den egia

John Worboys serieko bortxatzailea 'Believe Me' telesailaren erdigunean dago, baina ez da protagonista nagusia. Benetako kasu batean oinarrituta, telesailak sexu-erasoak ikertzeko modua aldatzea lortu zuen emakume talde baten borroka du ardatz.

'Believe me' telesailaren fotograma bat. MOVISTAR
'Believe me' telesailaren fotograma bat. MOVISTAR
gaizka izagirre
2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telesail labur honek Erresuma Batuko gizartea astindu eta asaldatu zuen benetako kasu bat izango du abiapuntu: John Worboys taxi gidariarena. Haren autoa emakume askoren ibilbidearen azken geltoki bihurtu zen; han eraso eta bortxatu zituen. Baina Believe Me ez da haren istorioa kontatzera mugatzen, ez behintzat ohiko true crime-aren bidetik. Kamerak beste norabait begiratzen du, haren erasoetatik bizirik atera ziren emakumeengana eta, batez ere, haiek entzuten jakin ez zuen —edo nahi ez zuen— sistema instituzionalera.

Begirada aldatzea da telesailaren erabaki narratibo eta politikorik sendoena. Narrazioak mahaigaineratzen duen galdera ez da «nor da erasotzailea?», baizik eta «zergatik ez zituen inork biktimak sinetsi eta babestu?».

Zentzu horretan, telesaila true crime-aren barruan azken boladan sendotzen ari den joera batean kokatzen da: kriminalaren nortasunarekiko lilura eta morboa alboratu, eta haren ekintzen ondorio gizatiar eta sozialetara zuzentzen du begirada. Biktimak jarriko ditu erdigunean.

Hainbat emakumeren begiradatik hurbilduko da ikuslea kasu lazgarri honetara, baina Sarah eta Laila dira narrazioaren bihotza. Bi emakumeek erasoak salatuko dituzte, baina Poliziarengandik eta, oro har, sistemarengandik ez dute babesik aurkituko. Are okerragoa dena: askok ez diete sinetsi ere egingo.

Ikerketa kriminala, beraz, ez da suspensearen erregai nagusia. Ikusleak hasieratik jakingo du nor den erasotzailea. Ez dago, zentzu konbentzionalean, argitu beharreko misteriorik. Suspensea beste leku batean jaioko da; badakigu Worboys erruduna dela, badakigu emakumeek egia esaten dutela, baina, ikusiko dugu nola sistemak haiei ez sinesteko baldintzak eraikitzen dituen.

Eta hor hasiko dira telesailaren argi-ilunak. Biktimak omentzeko dramaren eta polizia-thriller baten artean kulunkatzen da etengabe. Bi genero horien arteko tentsioan bizi da: batak zaurira hurbiltzen gaitu, besteak trama aurrera eramateko beharra du. Biek funtzionatzen dute bakoitzak bere aldetik, baina elkarrekin talka egiten dutenean, thrillerraren aldeak drama jan egiten du batzuetan. Efektista samarra da, eta une jakin batzuetan morbosoegia ere bai. Zenbait eszenatan gehiegi erakusten du. Horregatik, antzeko gaiak jorratu dituzten telesailak, hala nola Sambre edo Unbelievable, biribilagoak eta, batez ere, sotilagoak dira.

Julia Fordek eraikitzen duen obran, sexu-indarkeria gatazkaren lehen geruza baino ez da. Azpian beste indarkeria bat hazten da, isilagoa, baina ez horregatik samurragoa: erakunde batek biktima bera susmagarri bihurtzen duenean eragiten duen indarkeria.

Benetako antagonista: sistema

Antagonista ez da soilik John Worboys. Ez dago taxiaren eserlekuan bakarrik, bulegoetan, galdeketetan, txostenetan edota protokoloetan baizik. Kultura instituzional jakin baten baitan bizi da: prozedura burokratikoetan, biktimei buruzko aurreiritzietan, gaizki planteatutako galdeketetan eta emakumeen sinesgarritasuna haien erreakzio emozionalen arabera neurtzeko joeran. Telesailaren benetako antagonista ez da emakumeak erasotzen dituen gizona bakarrik, baizik eta haien hitza zalantzan jartzen duen sistema.

'believe me'

  • Sortzailea. Julia Ford. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2026.
  • Aktoreak. Aimee-Ffion Edwards, Aasiya Shah, Miriam Petche eta Daniel Mays.
  • Non ikusi. Movistar.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama, thrillerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA