Peryferyka Studio-ko kideak

Daniel Nespereira, Ariana Nespereira eta Zihara Etxeberria: «Soinu bakoitza metafora bat da: barruan sentitzen duzuna islatzen da hirian»

Peryferyka Studioko kideek ‘Hiri honen doinua’ film laburra ondu dute. «Donostiaren esentziaren bila» aritu dira, hura entzunez.

'Hiri honen doinua'-n Donostiako Kursaalak garrantzia du; han elkartu dira hiru egileak. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Hiri honen doinua'-n Donostiako Kursaalak garrantzia du; han elkartu dira hiru egileak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hiri hau guri hizketan ari da. Pixka batean gelditu eta entzun beharra daukagu. Hori egin ezean, zaila egiten zaigu ezer ulertzea». Hiri hori Donostia da, eta haren esentzia bilatzea du helburu Hiri honen doinua film laburrak, haren egileen arabera: Peryferyka Studioko Daniel Nespereira (Arrasate, Gipuzkoa, 2006), Ariana Nespereira (Arrasate, 2008) eta Zihara Etxeberria (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2006).

Zuek, Donostia ikusi beharrean, entzun egin duzue. Zergatik?

ZIHARA ETXEBERRIA: Ikusita bakarrik agian ez gara ohartzen zelako adierazgarritasuna eduki dezaketen paisaiaz harago dauden beste estimuluek: zaratak, soinuek… Film laburra egiteko ideia nagusiaren atzean bi protagonista daude, grabagailu batekin datozenak hirira, zaratak entzutera. Helburua da hiriaren esentzia topatzea, eta esentzia ez dago itxuran bakarrik. Itxura da ikusten duzun lehenengo gauza, baina esentzia soinuetan egon daiteke, jendearengan.

DANIEL NESPEREIRA: Gainera, begiak ixten badituzu, ez duzu ikusten, baina entzuten ari zara. Ezin duzu ez entzun: beti egon behar duzu entzuten. Hori da soinuaren esentzia.

Z. ETXEBERRIA: Entzuten duzun soinu bakoitza metafora bat da: zure barruan sentitzen duzuna islatzen da hirian. Harreman bat da, azken finean.

Itsasoak protagonismoa du.

D. NESPEREIRA: Itsasoaren soinua beti dago, ez da inoiz gelditzen. Ezin diozu entzuteari utzi. Film osoan presente dago.

ARIANA NESPEREIRA: Azkeneko eszenak ere sinbologia handia dauka: itsasoan sartu. Denbora guztian entzuten egon, hor islatu gure sentimenduak, eta azkenean itsasoan sartu.

Z. ETXEBERRIA: Planteatu genuen olatuak inkognita bat izatea: bi protagonisten arteko harremana eta bakoitzak sentitzen duena olatuetan topatzea. «Olatu bat izan nahi nuke: sentimenduak adierazi, harri baten aurka talka egin…». Bukaeran, elkarrekin talka egiten dute, sentimenduek talka egiten dutelako.

A. NESPEREIRA: Eta itsasoan sartzea hiria guztiz bizitzea da, sentimenduak bizitzea.

Zuek Peryferyka zarete, baina ez diozue hiriaren periferiari erreparatu. Zergatik?

Z. ETXEBERRIA: Periferiatik begiratzen dugu gazteak izanda. Kanpoaldetik atera behar da zarata, erdigunekoak xaxatzeko. Hemen erdigunea agertzen da, baina gure filosofiak, filmaren atzean dagoen talde gazteak eta geure ekintzailetasunetik sortu izanak kanpoaldean mantentzen gaitu.

Maiz ez da begi bistakoa denaz hausnartzen?

A. NESPEREIRA: Denok ikusten dugu dena, baina benetan zure nortasuna eta esentzia adierazten duena zuk entzuten duzuna da; alegia, zer hotsetan jartzen duzun arreta, horrek islatzen du zure nortasuna.

Z. ETXEBERRIA: Garrantzitsua da barne esperientzia hori izatea. Kanpo esperientzia hor dago, baina barnera ekarri behar da, gure ustez.

D. NESPEREIRA: Erlaxatzea, eta begiak ixtea.

Z. ETXEBERRIA: Ariketa introspektibo bat da.

Oraindik ez dago ikusgai eta entzungai, ezta?

Z. ETXEBERRIA: Jaialdietara aurkezten ari gara, eta, hautatzen badute, egongo dira proiekzioak, eta estreinaldia, agian.

Hiriaren xarma atzitzea da film laburraren helburua. Bete da?

A. NESPEREIRA: Nik uste dut baietz, guztiz. Guretzat Donostia den horren xarma atzitu dugula uste dut.

Z. ETXEBERRIA: Dena dela, film laburra ateratzean donostiarrek esango dute. Hori izango da gure publikorik kritikoena!

Eta zein da Hiri honen doinua?

Z. ETXEBERRIA: Hiri baten doinua zera da: bakoitzak bere barruan sentitzen duena kanpoko doinuetan azaleratzen eta islatzen da. Harreman bat da: zure barnetik kanpora proiektatzen duzuna hiriko soinuetan, eta soinuek zure barnean mugitzen dutena.

lotsabako

Hots kuttuna?
Z. ETXEBERRIA: Ura irakiten.
A. NESPEREIRA: Antzokiko txaloak.
D. NESPEREIRA: Irrintzia.

Zeri egiten diozue entzungor?
HIRUREK: Batzuetan, ezezkoari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA