Sorginen mito eta kondairak festa giroan jorratuko dituzte larunbatean Zugarramurdin (Nafarroa). Erdi Aroan herriak sorginekin eta inkisizioarekin izandako lotura gogora ekarriko dute. Lau mende igaro diren arren, herriko hainbat lagun sorginkeriarekin lotuta zigortu eta hil zituztenetik, egun sorginen herria esaten diote oraindik Zugarramurdiri.
Urdazubi eta Zugarramurdiko trikiti eta pandero taldeek irekiko dute egitaraua, 11:00etan.
Haur Ipuin eta Marrazki Lehiaketaren Sari Banaketa izango da 11:30ean, Sorginen Museoko sabaian.
Akelarre eta sorginen kondairan murgiltze aldera, hainbathitzaldi antolatu dituzte. Lehenengoa eguerdian izango da, gazteleraz. Fernando Hualdek Brujas de Zugarramurdi. Ficción y realidad, pasado y presente hitzaldia emango du, Sorginen Museoan.
Sorginen leizea ezagutzeko aukera izango da 13:00etan. Bi sorginen eskutik izango da bisita gidatua. 18:00etan ere leizea ezagutzeko aukera izango da, bisita errepikatuko baitute.
La frontière, espace du diable hitzaldia emango du Marie Denise Marckertek, 15:00etan. Frantsesez izango da hitzaldia, Sorginen Museoan.
Xipri Alberbideren Sorginak lehen eta orain, Afrikan eta hemen hitzaldia entzun ahal izango da 17:00etan. Euskaraz izango da hitzaldia, Sorginen Museoko auditoriumean.
Teatrapalacalle taldearen kale ikuskizuna izango da, 17:00etan hasita. Behitiko Karrikatik abiatu, eta plazarantz joango dira.
Bestalde, Zugarramurdiko haur dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera izango da. 19:00etan izango da emanaldia, herriko plazan.
Eguneko ekitaldi nagusia 20:00etan izango da, sorginen leizean. Suziriak barne dituen ikuskizuna eskainiko du Teatrapalacalle taldeak. Leizeari eskainitako errituala izango da, eta akelarrearen antzezpena egingo dute. Bost euroren truke har daitezke sarrerak.
Bestalde, artisau azoka egongo da egun osoan Behitiko Karrikan. Halaber, Sorginik izan al dira zure herrian lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa ikusi ahal izango da, Sorginen Museoko sabaian.
SORGINEN EGUNA
Zer. Hitzaldiak, akelarrearen antzezpena, leizera bisita gidatuak...
Non. Zugarramurdi (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Sorginen akelarrera bisitan
ZugarramurdiSorginen eguna ospatzeko ikuskizun eta hitzaldi ugari antolatu dituzte larunbatean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu