ATZEKOZ AURRERA. Olatz Salvador. Musikaria

«Sorkuntzan beharrezkoa da intuizioari kasu egitea»

Kolaborazioz jositako disko bat osatu du Olatz Salvadorrek bakarkako ibilbideko bigarren lanean: 'Aho uhal'. Aurkezpen kontzertuekin hasi da dagoeneko, eta «oso harrera ona» izan du.

GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Barruraino sartzen diren melodiak sortu ditu Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990) Aho uhal izeneko lan berrian. 2018an hasi zuen bakarkako ibilbidea, Zintzilik diskoarekin, eta, ordutik, pausoz pauso, bere bidea egiten ari da. Aurkezpen biran bete-betean sartuta dagoen honetan, Bilboko Campos Eliseos antzokian egingo du hurrengo geldialdia, asteartean.

Zuzeneko kontzertuekin hasi zara dagoeneko. Ari zara ohitzen publikoa maskararekin ikustera?

Uste dut ez dela komeni horretara ohitzea. Bai kalean eta baita kontzertuetan ere, salbuespen egoera bat dela pentsatu nahi dut, eta irrikan nago jendea maskararik gabe ikusteko eguna noiz iritsiko.

Zer-nolako harrera izan du bigarren diskoak?

Oso ona. Diskoa kaleratu genuenetik, jendeak bere egin zuen lan berria, eta zuzenekoetan ere harrera oso beroa nabaritu dugu. Esan daiteke jendeak bazuela gogoa espazio hori elkarrekin partekatzeko, eta gu ere oso pozik gaude jasotako erantzunarekin.

Lehenengo diskoak izan zuen oihartzunaren ondoren, presiorik sentitu al duzu lan berria sortzerakoan?

Bai, erronka handia izan da niretzat. Izan ere, ardura handia sentitu dut jendeak entzun nahi zuen hori lortu behar nuelako. Egia da, azkenean, barrutik ateratzen zaizun hori egin behar duzula, eta jendeari gustatu ala ez, ez dagoela norberaren esku. Halere, eta nahi gabe bada ere, horrek eragiten dizu, eta, ondorioz, autoexijentzia maila nahiko handia jarri diot neure buruari.

Kolaborazio ugari ditu diskoak: Rozalen, Idoia Asurmendi… Zeren arabera aukeratu dituzu kolaboratzaile horiek?

Kolaboratzaile horiek ez ditut guztiz nik aukeratu. Rozalenen kasuan, esate baterako, guk ez genuen espero baiezkoa ematerik, kolaborazio eskaera asko jasotzen baititu egunean, baina aukeratu ninduen, eta, ondorioz, esan daiteke elkar aukeratu genuela. Gainerako kolaborazioei dagokienez ere, bakoitzak bere istorioa dauka atzean, eta oso pozik gaude prozesu guztiekin eta lortutako emaitzarekin.

Bestalde, osabarekin batera Ez garen gu abestia aurkeztu zenuen Late Motiv saioan. Nolako esperientzia izan zen?

Oso polita. Hasiera-hasieratik oso ondo zaindu gintuzten, oso eroso egon ginen, eta sekulako gozamena izan zen han abestea.

Sentimenduz betetako kantuak dira nagusi Aho uhal diskoan. Nolakoa izan da sortze prozesua?

Nahiko luzea eta gogorra, egia esan: gorabehera handikoa. Lehenengo diskoan, bi lagunekin batera ekoitzi nituen abestiak, baina lan berri honetan, hasiera behintzat, bakartiagoa izan da. Gerora, Pablo Novoa sartu zen jokoan, eta beste era batera lan egin nuen, baina asko egin dut neure buruaren aurka, eta horrek asko gogortu du sortze prozesua.

Disko honetan intuizioari lekua utzi diozula esan daiteke?

Bai, beti. Sorkuntzan beharrezkoa da intuizioari kasu egitea, baina baita bizitzan erabakiak hartzerakoan ere.

Diskoak norbere ahuldade eta hutsuneekin lotzera eramaten du entzulea. Horiek ere bizitzaren parte baitira, ez?

Zalantzarik gabe. Ez digute inon erakutsi era horretako sentimenduak eta emozioak azaleratzen, eta, nire ustez, oso garrantzitsua da. Izan ere, zure inguruko jendeak ere gauza berdinak edo antzekoak sentitzen dituela dakizunean, agian, ez zara horren bakarrik sentitzen.

Pandemiaren ondorioz, eraginik nabaritu duzu?

Bai, noski. Uste dut musikari eta kulturgile guztiok nabaritu dugun zerbait izan dela, eta nahiko egoera tragikoan utzi gaituela. Aurretik ere egituratuta ez zegoen sistema bat izan gara, baina ea lortzen dugun pixkanaka egoera duinago bat izatea eta zirkuitua berrabiaraztea.

Eta zuk nola bizi duzu pandemia?

Ez oso ondo. Uste dut inork ez duela gustuko bizi dugun egoera hau. Gainera, uste baino gehiago ari da luzatzen, nekea nabaria da, eta ez dugu amaierako argi hori ikusten. Nahiko zaila da kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.