Sormen ariketa bat da, funtsean: imajinatzea txosna bat marrazkilari baten tailer bihurtu daitekeela. Bi izaera horiek uztartu ditu-eta Hor Dago Abante konpartsaren etxeak azken egunetan. Oraindik edalontzirik gabe eta garbi-garbi dagoen barraren gainean lauzpabost esprai agertu dira bat-batean, hozkailuetako baten ondoan egin diete tokia pintura pote mardul bati eta makila luze bati, eta datafono berrien aldamenean kokatu dituzte gainerako esprai poteak, mordo bat, kutxa bete bat daborduko hustu dituzten beste askoren artean. Txosnaren egitura prest dago, zutik, sendo: hura apaintzea baino ez da falta. Eta horretan dabil Mikel Pedraza Zabaleta Eibarko (Gipuzkoa) grafitigilea (@Transition.Dfc).
Barraren atzeko paneletan, goitik behera berde deigarriz pintatutako horietan, mihise zuri bat prestatu du Pedrazak, hasteko eta behin. Eta pintura sikatu denean ekin dio lanari: BERRIAren azken kanpainaren irudia eta leloa txertatuko ditu txosnan. Euskaraz jarduten duten hainbat elkarte eta hedabide diruz laguntzen ditu Abante konpartsak, BERRIA ere bai tartean, eta urtero-urtero egiten diote keinu egunkariari. Eremu zuriaren aurrean, eskuko eskailera eta espraiak eskura dituela, Pedrazak buruan du aurtengo irudia: aldeetako batean, gorri biziz eta hauts-urdinez taxutuko ditu berripaper ale bat eta hura oratuta daukan eskua; beste panelean, berriz, mezu bat idatzi: «Euskarak badu egunkari bat».
«Enkarguak ere gustatzen zaizkit: sormena moldatu behar dut beste gauza batzuk egiteko»
MIKEL PEDRAZA ZABALETA Grafitigilea
Orain dela bost bat urte hasi zen Pedraza konpartsarekin kolaboratzen. Harenak dira pirataz mozorrotutako Marijaia irribarretsua, barraren azpiko tipografiak, eta, aurten, kufijaz bildutako haur palestinar bat, bere herriko banderaren eta ikurrinaren koloreez inguratua. «Urtero izaten dut nire ukitua sartzeko tokia», adierazi du Pedrazak, alai, marrazki horri erreferentzia eginez.
Bestela, gauza asko ez dira aldatzen urtetik urtera: txosnaren egitura, pintatzeko eskuragarri duen eremua, BERRIAren aldeko mezuren bat edo beste. «Lehenengo urteetan ez nekien oso ondo zelakoa zen espazioa eta zeintzuk ziren ideiak: dena oso berria zen», ekarri du akordura. Jaiak hasi baino bi hilabete lehenago jartzen dira harekin harremanetan konpartsakideak, eta orduan jakinarazten diote gaia. Txosna ia eginda dutenean, bizpahiru egun behar izaten ditu ideiok mamitzeko. «Gaur bigarren eguna da, baina uste dut bihar bukatuko dudala, euria dela eta».
Letraz josita?
Agertu dira eraikin pare bat, errepideak, mahuka zuri-gorri bat; sortu dira laster atzamarrak, eta azazkalak, eta, azkenik, egunkari bat. Mugitu du eskailera, eta berehala idatzi du leloa, lau berba urdin, letra bereziki loraturik gabekoak, baina kolore festa horretan nabarmentzen direnak. «Nahiago ditut lan propioak», aitortu du artistak lana bukatu eta gero, pintura usainak indarra galdu barik oraindik. «Baina enkarguak ere gustatzen zaizkit. Ikasi egiten da: sormena moldatu behar dut beste gauza batzuk egiteko». Esplikatu du grafitiaren esparruan ibiltzen denez letra asko egiten dituela, baita komiki gisako marrazkiak ere: horiek ditu estiloaren ardatz. Nola hornituko luke Abanteren txosna, bada? Barrez, zalantzati erantzun du: «Ez dakit, baina nik letraz beteko nuke dena».

Marrazkia bukatuta, konpartsakideek beste egiteko bat ezabatu dute zerrendatik. «Prestaketa lana jada eginda daukagu», egin du errepasoa Iñaki Jubeto konpartsakideak. «Hozkailuak betetzea bakarrik falta da, zerbeza makinak konektatzea, eta jaiak hastea». Eta dekorazioa ere borobildu dute kasik: BERRIAren kanpainaz gain, unibertsitatera sartzeko probako zero saldoak izango dituzte hizpide. Bada sormen ariketa bat ere: imajinatzea txosna bat buka daitekeela.