Ezagutza da zientziaren oinarririk behinena, eta erabilgarritasuna ere izaten du helburu sarritan, baina sormenak eusten die praktikoagoak diruditen zutabe horiei. Elhuyar Zientzia Azokan pasiera azkar bat baino ez da egin behar horretaz ohartzeko. Irudimenak iradokitzen baitu, kasurako, posible dela erroberen mugimenduaren bitartez energia sortzen duen maleta bat taxutzea, edo oliben hezurrei erabilera bat eman dakiekeela, edo aztergai izan daitekeela NASAk itsasoa ikertzeari utzi izanaren kausa. 12 eta 18 urte bitarteko 660 gaztek 183 proiektu erakutsiko dituzte Bilboko Areatzan, larunbatera bitarte.
Ezaguna duten buruhauste bat ezagunak dituzten teknologiekin uztartu dute Naia Casasek, Irune Madinak, Ane Ortizek eta Nora Cristobalek Gogoan aplikazioan: sakelako telefonorako programa bat da, Alzheimer gaixotasuna dutenei eta haien zaintzaile eta senideei gauzak errazteko diseinatua. Diseinu minimalista eta intuitiboa dauka. Aplikazioa zabaldu eta berehala, gorri bizidun larrialdi botoi bat agertzen da. Eta eskaintzen ditu, horrez gain, gaixotasunaren inguruko jakingarriak, botikak hartzea gogorarazteko atal bat, baita oroitzapenak gordetzeko txoko bat ere. Hala, bildumako objektu bat eskaneatuz gero, hari buruz aurretik gordetako oroitzapenak jakinaraziko dizkio aplikazioak erabiltzaileari.

Lauaxeta ikastolako (Zornotza, Bizkaia) Ainhize Lezamak, Maren Lekuek, Asier Cuberok eta Lander Martinezek, berriz, energiaren aferari erreparatu diote. Iturri berriztagarriekin funtzionatzen duen farol bat sortu dute, baina bateriarik gabekoa. «Bi fase ditu», ekin dio azalpenari Lezamak. «Egunez, gainean ipinitako plakak eguzki energia jaso, eta, motor bati esker, energia elektriko bihurtzen du». Energia elektriko horrek igo egingo du polearen muturrean dagoen pisua, eta energia gorde. Gauean, argirik ez dagoela nabarituko du sentsore batek, eta kontrako bidea egingo du tresnak: pisuak behera egingo du, energia potentzial hori energia elektriko bihurtuko da, eta LED argia piztuko da.
Hainbat Petri plaka horiztaturen gainetik, haien proiektuaren nondik norakoak kontatzen ari dira Santurtziko (Bizkaia) Kantauri institutuko Aloa Ramos eta Nahia Garzon. Bakterio erresistenteetan ipini dute arreta, eta antibiotikoak toki egokietara botatzearen garrantzia berretsi dute haien esperimentuarekin. Bi botika iraungirekin egin dute lan: bata zabalik zegoen; bestea, berriz, zarratuta. Eta ondorioa argigarria da: ondo kontserbatuta egonez gero, antibiotiko bat eraginkorra izan daiteke iraungitze data gainditua izan arren; beraz, erresistentziak sor ditzake.
STEAM identitatea
Beste mota bateko erresistentziak aztertu dituzte, kontrara, Zornotzako Andra Mari ikastolako Maddi Billelak eta Alaia Tejedorrek: erresistentzia linguistikoak. Herriko saltokietan euskara zer-nola erabiltzen den jakiteko galdetegi bat prestatu, eta ausaz aukeratutako hogei dendatara bidali zuten. Erantzunen arabera, euskaraz mintzatzen diren bezero gehienak helduak dira, baina gazteek ere darabilte; ez, ordea, nerabeek. Lehen hitza erdaraz egiten dutenek erosotasuna nabarmendu dute, edo denbora falta, edo argudiatu dute laneko denbora ez dela «probatzeko momentua», baizik eta behar egitekoa. «Zornotza UEMAn dagoenez, pentsa daiteke euskaraz egiten dela, baina badago zer hobetua», adierazi dute Billelak eta Tejedorrek. «Eta, azkenean, saltokiak ere badira hizkuntzen parte».
«Ikerketa zentroetan gazteak lanean ikusteak hurbildu egiten die ikerketa ikasleei»
AITZIBER LASA IGLESIAS Elhuyar Zientzia Unitateko STEAM hezkuntza arloko koordinatzailea
Azalpenok argi eman dituzte guztiek, goizean gauza bera behin eta berriro azaldu behar izan duenaren trebetasunaz. Edo egindakoaz harro dagoenaren erraztasunaz. Eta hori da, hain zuzen, zientzia azokaren helburuetako bat: gazteak ohartu daitezela badagoela haientzako tokia zientzian eta teknologian, STEAM siglekin laburbiltzen diren diziplina horietan. STEAM identitatea deritzo horri, Elhuyar Zientzia Unitateko STEAM hezkuntza arloko koordinatzaile Aitziber Lasa Iglesiasen esanetan. Zientzia azoka eta halako egitasmoek ekarpen garrantzitsua egin dezakete identitate horren sustapenean, Lasaren aburuz. «Ikasleak ikerketa zentro batera joaten direnean eta ikusten dutenean neska gazte bat han lanean, agian eskalada eta musika ere egiten dituena, bizitza normala duena... Horrek hurbildu egiten die ikerketa». Sormena edonorentzat baita. Eta, beraz, baita zientzia ere.
