Javi P3Z. Musikaria

«Soul beltza sortzea da asmoa, baina, geuk eginda, soul zuria baino ezin egin»

Elektronikan aritu da urte luzez Javi P3Z musikari eta musikazale amorratua, baina onartzen du «elikagarriagoa» dela musika taldean sortzea. Ia denetik egin du, eta egiteko duena gauzatzeko asmoa du.

Javi P3Z, Triz3ps taldeko bere kide Oriol Flores eta Alberto Boschekin. TRIZ3PS / BESTEAK.
Edu Lartzanguren.
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Javier Vicente Calderon du izena (Donostia, 1967), baina musika munduan erabiltzen dituen ezizenak beti ibili dira pez hitzaren inguruan, 1980ko hamarkadan 23 Ojos De Pez taldean hasi zenetik. Ia denetik egin du harrezkero: musika esperimentala, popa, rapa eta ikus-entzunezko lanak. Disko jartzaile ere ibili da. Triz3ps egitasmoarekin dabil orain, soul musikaren indarrarekin jendea mugiarazten. Izen horixe duen disko bat aurkeztuko du taldeak gaur, 22:30ean, Bastero kulturgunean, Andoainen (Gipuzkoa).

Triz3ps hirukote bat da, izenak adierazten duen bezala. Baina, batzuetan, laukote bihurtzen da. Zer da, zehazki?

Berez, ohiko hirukotea da: baxua, bateria eta gitarra-ahotsa. Alberto Bosch, Oriol Flores eta hirurok gabiltza horretan, abestiak egiten, baina zuzenekoetan Paul San Martinek teklatuekin laguntzen digu. Diskoan, Mikel Azpiroz aritu zen teklatuekin. Izan ere, Boschekin eta Azpirozekin aritu ginen 1990eko hamarkadan, Parafunk egitasmoan, diskoak grabatzen eta kontzertuak ematen.

Triz3ps gihar izena da. Giharrak mugiaraztea da zuen asmoa, edo harago zoazte?

Soul beltza sortzea da geure asmoa, baina, geuk eginda, soul zuria baino ezin egin, noski. Giharramugitu beharreko gauza bat da, izerdia botatzea eskatzen duena, eta soulak zerikusi handia du horrekin. Halere, ez da dantza soilik. Badu barrura begirako alde bat: pertsonen arteko harremanak lantzen ditu, amaitzen direnean igarotako garai latzak... Baina, noski, lasaitzeko eta dantzatzeko uneak daude. Giharra tinkotu egiten da, eta gero, lasaitu.

Nondik ateratzen duzu baikortasuna, halako garai latzetan?

Beste edozein garaitan bezala bizi gara. Beraz, zertarako izan ezkor. Guk sortzen ditugu arazoak, eta geuk konpon ditzakegu, buruari eraginez, eta konponbide logikoen inguruan hitz eginda. Garrantzitsuena hitz egitea da.

Iragana lantzen duzu Pretérito edo Trifünka abestietan. 1980ko hamarkadako Vitaminas maketa esperimental hartatik gaurko soulera, nola azaltzen duzu zeure ibilbidea?

Ni musikazale amorratua naiz, ezer baino lehen. Disko bilduma izugarri handia dut etxean, eta estiloen kontuak ez nau kezkatzen jadanik. Berdin entzuten dut Kraftwerk edo ia Gabi, Fofo eta Miliki. 23 Ojos De Pezekin pop independentea egiten genuen, hori zer zen inork ez zekienean. Esperimentala egin dudanean ere, oso modu tolesgabean egin dut. Baina, musika entzuteko aukeratzen jartzen naizean, soula etortzen zait gogora ezer baino lehen. Sintonia berezia dut horrekin.

Elektronikarik gabeko egitasmoa da Triz3ps, eta zu izango zinen, bada, Euskal Herrian sampler bat izaten lehenetarikoa.

Bai, baina samplerra ez nuen erabiltzen oso modu elektronikoan: Juan Grisek bezala, Kraftwerken estiloan baino. Ez nuen sekuentziadorerik erabili orduan. Gero bai, baina beti oso soinu organikoarekin. Elektronika ondo dago norbere kabuz ibiltzeko, baina askoz hobea eta elikagarriagoa da taldean abestiak egitea eta besteen iritziak entzutea.

Ekingo diozu berrizXabier Montoiarekin lan egiteari?

Aurreko batean horretaz hitz egin genuen jai batean, eta baliteke berriz hastea elkarrekin. Kanta gehiago ditut Triz3psekin, eta aurten EP bat argitaratu nahi dugu. Zinema aretoetako irudi eta musika ikuskizun bat egin nahi dut. Ideia ero samarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.