Ikus-entzule bati baino gehiagori atzera egitea eragingo dio jakiteak filmak Tom Cruise duela protagonista, baina hori alde batera utzita, oso film interesgarri eta entretenigarria da.
Steven Spielberg maisuari gauza asko leporatzen ahal dizkiote zinemazaleek, baina ukaezina da haren joera komertziala bazter batean uzten duenean oso film onak egiteko gai dela. Oscarren grina beteta, azken urteotan zientzia fikziozko lanekin asmatu egin du, eta Minority report horien artean nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe.
2054. urtean Washington krimenik gabeko hiria da, hilketak aurrez ikusten dituen sistema bati esker. Hasiera ikusgarria du filmak, eta, harrigarriro, bigarren partean, batez ere Samantha Mortonen pertsonaia misteriotsuari esker, oso tonu iluna hartzen du. Blade Runner-en giroa ekartzen du gogora zenbaitetan, eta ez da kasualitatea, bi film horiek Philip K. Dick idazlearen narrazioetan oinarrituta baitaude.
Gidoi txukuna du, eta Spielbergek badaki istorioa nola kontatu. Efektu bereziak, ohi bezala, apartak dira eta eszenaratzeak ez du parekorik. Max von Sydowren parte-hartzea eskertzen da. Eta azken emaitza ikus-entzule gehienak betetzeko modukoa da: bikaina.
Urtzi Urkizu
MINORITY REPORT
TF1, 22:40. Zuz.: Steven Spielberg. Akt.: Tom Cruise, Max von Sydow, Colin Farrell, Samantha Morton, Steve Harris, Neal McDonough, Jessica Capshaw. 140 min. AEB, 2002.
Steven Spielvergen maisutasuna agerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu