Egia Records dendaren jabea

Beñat Maneiro: «Streaming plataformek kopuruei ematen diete garrantzia, ez musikari; horregatik, askok erabaki dute biniloak kontsumitzea»

Azken urteotan gora egin du biniloen salmentak, eta, gorakada hori aprobetxatuz, abenduan ireki zituen ateak Egia Records binilo dendak. Musikarien lanik berrienak eta bigarren eskuko diskoak topatu daitezke bertan.

Beñat Maneiro, ostegunean, Egia Records binilo dendan, Donostian. JON URBE / FOKU
Beñat Maneiro, ostegunean, Egia Records binilo dendan, Donostian. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pentsa daitekeen arren diskoak ahanzturan erori direla streaming bidezko musikaren eraginez, ez da hala. Batzuek uste ez badute ere, asko dira gaur egun biniloak erosten dituztenak; hala gazteak nola helduak, gainera. Londresen igaro zituen hamabost urteetan jabetu zen horretaz Beñat Maneiro (Donostia, 1986). Donostiara bueltatu, eta, hirian zegoen hutsunea betetzeko asmotan, Egia Records binilo denda ireki zuen Egia auzoan, Haizea Fernandez bikotekidearekin batera.

Noiz esan zenuten «biniloen denda bat irekiko dugu»?

Askotan galdetu izan digute. Londresen bizi izan naiz hamabost urtez, eta han kultura zabala dago biniloaren inguruan. Azken urteetan ikusi nuen gorakada bat izan zela Londresen, eta denda asko ireki zituzten bat-batean. Donostiara etortzen nintzenean, ikusten nuen ez zeudela han bezainbeste denda. Egia da Londresekin alderatzea ez dela egokiena, hiri oso handia da eta, baina Madrilen edo Bilbon, esaterako, badaude halako dendak. Beraz, iruditu zitzaidan Donostian hutsune handi bat zegoela. 

Horregatik sortu duzue Egia Records.

Hori da. Martxoan bueltatu nintzen Londrestik, diru pixka batekin, eta lokala bilatzen hasi nintzen bikotekidearekin. Eraberritze lanak egin, eta abenduan zabaldu genituen ateak. Jendeak asko lagundu dit; lagunak, familia eta auzokoak beti egon dira laguntzeko prest. Ziur nago proiektu hau Londresen egingo banu ez litzatekeela berdin aterako; auzoa erabat murgildu da nire proiektuan.

Diskoak saltzeaz gain, entzuteko aukera ere eskaintzen duzue.

Begira, disko denda berriek ez dute diskoak entzuteko gailurik. Sartu, diskoaren azala ikusi, gustatu, eta erosi egiten duzu. Guk argi genuen gure lokalak diskoak entzun ahal izateko eremu bat izan behar zuela. Jendeak bi edo hiru disko hartu, entzun, eta gero erabakitzen du erosi edo ez. Bigarren eskuko diskoekin gertatzen da hori normalean.

Eta disko berriekin?

Ezberdina izaten da. Jendea gauza jakin bat erostera etortzen da. Batzuek aurretik entzuna izaten dute streaming plataformetan; beraz, ez dute dendan bertan entzun beharrik. 

Zer musika estilo dituzue?

Batetik, euskal musika dugu. Argi eta garbi genuen Euskal Herriko artistak protagonista izango zirela gure dendan. Talde asko etorri dira diskoak ekartzera, eta asko eskertzen dugu. Bestetik, rock, folk eta indie musika ere badugu, baita klasikoak ere. Ekarpen txiki bat ere egin nahi izan dut, eta musika elektroniko asko ekarri dut Londrestik. Gainera, munduko beste hainbat musika estilo ere baditugu, eta  jazz-a, noski. 

«Disko batetik entzuten duzunean, musika desberdina da, eta gazte asko jabetu dira horretaz»

Diskoan edo streaming bidez kontsumitu, ba al dago alderik? 

Alde handia dago. Streamingean milioika eta milioika abesti dituzu, eta, askotan, ez dakizu zer aukeratu; aukeratze hutsagatik aukeratzen duzu. Disko bera ehun aldiz entzun, nekatu, eta beste disko bat entzuten hasten zara. Kontsumo oso azkarra da, eta garrantzirik gabekoa. Gainera, uste dut streaming plataformak ez doazela bide egokitik. Kopuruei ematen diete garrantzia, ez musikari. Nik uste dut horregatik biniloak kontsumitzen hastea erabaki dutela askok.

Hona etorri eta biniloei begiratuta jendeak aukeraketa zorrotzagoa egiten du, zure ustez?

Aukera asko izanez gero, ez duzu ondo aukeratzen. Musikan gastatzeko hogei euro badituzu, ordea, oso ondo aukeratuko duzu zertan gastatu. Erositakoari garrantzia emango diozu, eta baliotsua izango da zuretzat. Streamingean entzuten duzunean ere gogoratuko duzu nola entzun duzun biniloan. Horregatik, kontua ez da bata edo bestea aukeratzea: biniloak streamingarekin batera bizi behar du. Streaminga ez da desagertuko, baina uste dut jendeak gehiago gozatuko duela musika biniloan entzuten duenean. 

Gero eta musikari gehiagok egiten dute biniloaren alde.

La Revuelta telebista programan argi eta garbi ikusi daiteke hori. Musikariek, orain, biniloak eramaten dituzte, halakoek fisikoki ere bultzada bat ematen baitiote haien musikari. Duela bost urte, hori ez zen horrela. Durangoko Azokan ere ikusi da zenbat jende joan den biniloak erostera, eta musikariei bultzada hori ematera. 

Erosleen artean gazteak ere badaude?

Bai, eta sekulako ezustekoa hartu nuen gazte bat etorri zitzaidan lehenengo aldian; izan ere, ez nuen uste 17 edo 19 urteko gazteak hona etorriko zirenik. Gainera, gazteengandik hurbilago egoteko, haiek entzuten duten musika ekarri dugu dendara: rap asko, indiea, Rosalia eta C.Tangana, esaterako. Disko batetik entzuten duzunean, musika desberdina da, eta gazte asko jabetu dira horretaz.

Zer-nolako etorkizuna izango dute biniloek?

Nik ez dakit Donostian ba ote dagoen inor ni bezain zoroa, 2026. urtean binilo denda bat irekitzeko prest. Hala ere, merkatua egon badago, eta espero dut hala izatea aurrerantzean ere, nire onerako.

LOTSABAKO

Binilo bat?
'Los destellos'.

Musika non?
Familiarteko afarietan.

Disko berriak ala bigarren eskukoak?
Berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.