Donostiako Aste Nagusia

Su festaren barne historia

Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak urtemuga berezia du. Zaragozana su etxeak irabazi zuen lehen aldia, 1964an. Azken bi urteetan Valencianak eskuratu du Urrezko Maskorra. Bi pirotekniek azaldu dute nola prestatzen duten zeruan lehertzen den festa.

Zaragozana su etxearen emanaldia, astelehenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zaragozana su etxearen ikuskizuna, astelehenean, Donostiako Aste Nagusian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2025eko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontxako badian milaka lagun elkartzen dira gauero-gauero, baita hiriko beste hainbat txokotan ere, zeruan lehertzen diren koloretako suak ikustera. Aste Nagusiko ekitaldi kuttunena da askorentzat. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa Donostiako ikur bilakatu da. 1964an egin zuten lehen aldiz; beraz, aurtengoa berezi-berezia izango da, 60. urtemuga borobila baita. Su festa horrek, baina, badu bere intrahistoria, su artifizialena arte efimeroa baita, hasi eta bukatu egiten dena, eta hamabost minutuko ikuskizun liluragarriak ezkutuan geratzen den lan itzela dauka atzean.

Luis Brunchu (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1974) apirilean hasi zen astelehenean zeruratu zuten bildumaren diseinua prestatzen. Zaragozana su etxean ari da orain lanean; hain zuen ere, lehiaketaren lehen aldia irabazi zuen su etxean. Brunchuren sendiak, dena den, ehun urte eman zituen piroteknia propioarekin, eta, besteak beste, bengalak egin zituen 1936ko gerran armada errepublikanoarentzat. 

Brunchu 1860an sortu zen Piroteknia Zaragozanako diseinu arduraduna da egun. Pozarren dago astelehenean jaso zuten txalo zaparradarekin: «Askotariko artefaktuak erabili genituen, kolore eta efektu sorta zabalarekin: izar iheskorrak, txilibitu afonikoak, eraztunak, ezkatak, mosaikoak, mamuak, daliak...». 

Gidoi batekin hasten da dena

Azkar batean amaitu zen 400 kilo material piroteknikoko «gaztelu» dotorea. Su etxeko kideak azaldu duenez, gidoi batekin hasten da dena: «Sekuentziak zehaztu behar dira errepikatu ez daitezen, eta gero, pixkanaka-pixkanaka, diseinua garatuz joan. Orduan, kalkulagailua atera behar da aurrekontura egokitzeko».

Zaragozana pirotekniak jada ez ditu suak fabrikatzen: «Piroteknia onenei erosten diegu materiala. Japoniarrak dira gorenak, baina ez dute ezer saltzen, beren ikuskizunetarako erabiltzen baitute ekoizten duten guztia. Txinan, Espainian eta Italian erosten dugu guk. Udaberrirako, biltegia betea izaten dugu».

Hiru asteko lan nekeza dator ondoren. Dena prest dagoenean, gidoia eta materiala, ikuskizunaren lekura joan beharra dago. Su artifizialak garraiatzea ez da lan samurra, material piroteknikoa merkantzia arriskutsua baita: «Europako ADR nazioarteko itunak arautzen du garraio mota hau; paketatzetik eta etiketatzetik hasita, dena dago araututa». 

«Sekuentziak zehaztu behar dira errepikatu ez daitezen, eta gero, pixkanaka-pixkanaka, diseinua garatuz joan. Orduan, kalkulagailua atera behar da aurrekontura egokitzeko»

LUIS BRUNCHU Zaragozana su etxeko diseinatzailea

Zaragozana su etxekoak ikuskizunaren bezperan iritsi ziren Donostiara. Biharamunean goiz-goizean ekin zioten lanari: «Egun bizia izaten da. Goizeko zazpietan hasi ginen muntatzen. Lehenik eta behin, egiturak eta hodiak jartzen ditugu, lerrokatuta. Suziri bakoitza haga bati lotuta egon ohi da. Aireratzeko norabidea zehaztuta geratzen da. Ondoren, material piroteknikoa sartzen dugu. Azkenik, konexioak egiten ditugu kontsolekin, gaur egun dena digitalizatuta baitago. Proba asko egiten ditugu, azkena ikuskizuna baino ordu erdi lehenago». 

Ordenagailu batetik zehazten da karkasa bakoitza noiz jaurti behar den; ez dago mukia edo metxa piztu beharrik: «Elektrikariak garela ematen du. Software batek programatzen du dena». Brunchuren iritziz, zeharo aldatu da su artifizialen mundua, «onerako zein txarrerako»: «Nire aitona zenak ikusiko balu... Segurtasunaren aldetik irabazi egin dugu, baina sorkuntzaren aldetik, galdu. Egia da denborak hobeto sinkronizatu daitezkeela, baina dena oso araututa dago. Margolari bati mihisean zenbat olio erabili behar duen esatea bezala da. Muga horiek sormenaren aurkakoak dira». 

Bolbora beltza

Bolbora beltza da su artifizialen gakoa. IX. mendeko asmakizun horri esker aireratu ahal dira karkasak. Txinako alkimistek potasio nitratoa, ikatza eta sufrea nahastuz lortu zuten bolbora beltza, eta, beste konposatu kimikoekin nahastuz, koloreak lortzen dira. Metalen araberakoak dira koloreak; estrontzioak, adibidez, gorri distiratsua sortzen du; barioak, berdea; sodioak, horia; eta magnesioak eta aluminioak, berriz, zuria. 

Su artifizialak, beraz, fisika eta kimika hutsa dira. Brunchuk jakinarazi duenez, bolbora kantitateak zehazten du noraino igoko den suziria, kandela, bengala, sumendia edo dena delakoa: «Karkasaren formak eta tamainak zehazten du su artifizialak eztanda egiten duenean zer efektu sortuko den zeruan. Esferikoak daude, zilindrikoak... Barruan bolboraz egindako bolak daude, kanika itxurakoak».

Zeruan eztanda egin eta itsasoan islatzen diren figurak ugariak dira. Adituaren hitzetan, gaur egun berrehun irudi baino gehiago sortu daitezke, tartean esferak, eraztunak, urreliliak eta palmondoak. Manolo Crespo (Llanera de Ranes, Herrialde Katalanak, 2004) bat dator Brunchurekin: «Sortu daitezkeen irudiak infinituak dira. Makina bat karkasa mota dago: kalibrea eta diametroa aldatu daiteke, eta baita forma ere; oinarrizkoa dago, baina baita beste batzuk ere: tximista, turrusta, txilibitua...».

DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA - SU FESTA
Donostiako Aste Nagusian ateratako argazkia. Valenciana su etxearen suak ikusten dira. JON URBE / FOKU

Crespok, aitaren eta aitonaren bidea hartu, eta, 17 urte besterik ez zuela, piroteknikaririk gazteena bihurtu zen pirotekniari lotutako lurralde batean. Valenciana su etxe enblematikoenetako bat da, eta hark eskuratu du azkeneko bi urteetan Urrezko Maskorra. Etzi jaurtiko dute beren gaztelua: «Donostiako lehiaketa zaharrenetakoa da, eta ospe handia dauka. Ohorea izango da berriz ere lehiaketa horretan egotea. Titulua defendatzera gatoz. Digitalki muturrera joango gara, fase eta tiro lerro anitzekin, bilatzen dugun zehaztasunera eta perfektutasunera iristeko. Ikuskizun dinamikoa izango da oso».

Gazteak ez du ikuskizunaren inguruko xehetasun gehiago eman nahi, baina adierazi du hiriari keinuren bat egingo diotela emanaldian: «Ikuslearen arreta bereganatzea da gure xedea, eta halako erreferentziek harrera ona dute beti. Guztira 600 kilo material erabiliko dugu». 

Arretaz eta tentuz

Taldea bihar iritsiko da Donostiara: «Zazpi edo zortzi laguneko taldea arituko gara dena prestatzen. Arretaz eta tentuz egin behar da dena, artefaktuak manipulatzea arriskutsua baita». Bere ustez, lekuak ere garrantzi handia dauka ikuskizun bat prestatzeko garaian: «Lekua aztertuz hasten gara gu: baldintzak aztertzen ditugu, arriskuak, eta gero diseinuarekin hasten gara, koloreak, efektuak eta inklinazioak aintzat hartuz. Astebete egoten gara diseinuarekin buru-belarri, eta gero hilabete behar izaten dugu materiala egiteko edo eskuratzeko».

«Sortu daitezkeen irudiak infinituak dira. Makina bat karkasa mota dago: kalibrea eta diametroa aldatu daiteke, eta baita forma ere; oinarrizkoa dago, baina baita beste batzuk ere: tximista, turrusta, txilibitua...»

MANOLO CRESPO Valenciana su etxeko gerentea

Valenciana su etxeak artean material propioa egiten jarraitzen du «doitasuna» lortze aldera. «Karkasaren konposizioa oso sinplea da, katilu baten modukoa, eta barruan tiro hautsontzia dago, karkasa gorantz bultzatzen duena; ondoren, zerurantz igotzen den esfera batek altuera jakin batean —lau segundo inguruko atzerapena du— su hartzen duenean, koloretako bolak hedatu egiten dira».

Burrunba dator orduan. Soinuari erreparatuz, efektuak ere askotarikoak dira: eztandak, trumoiak, txistuak... Azken traka izaten da ikuskizunaren unerik gogoangarriena. Koloreak, irudiak, erritmoak, burrunbak... denak dauka garrantzia su artifizialetan, eta piroteknikariek denean jartzen dute arreta. Su ikuskizuna laburra bezain ederra da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.