Donostiako Aste Nagusia. Xabi Bastida. Su Ta Gar taldeko gitarra jotzailea

«Su Ta Gar gure pasioa eta lanbidea da»

Abesti esanguratsuenak ekarriko ditu gogora Su Ta Gar taldeak gaur gauean Saguesen emango duen kontzertuan.

Donostia
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Hamahiru urte igaro dira Su Ta Gar taldeak Saguesen jo zuen azken alditik. 1998an izan zen, Koma taldearekin batera. Guztia emango dutela nabarmendu du Xabi Bastida taldeko gitarra jotzaileak.

Udalak Melocos eta Mala Rodriguezen emanaldiak bertan behera utzi, eta haien ordez Berri Txarrak eta zuek arituko zarete Saguesen; zer iritzi duzu euskal kulturaren presentzia indartzearren udalak hartutako erabakiaz?

Euskal kulturaren presentzia handitzea ondo dago, eta beharrezkoa da. Lehen, zortzi kontzertutik bakarra zen euskal taldeekin osatutakoa, eta hori gutxi da. Orain, uste dugu hiru egunetan euskal taldeekin lan egokia egiten dela euskararen eta euskal kulturaren alde. Horrez gain, ongi legoke Mala Rodriguez eta Melocos egitarautik kentzean horiek eta horien zaleek jasan ahal izan duten kaltea konpontzea.

Zer-nolako giroa espero duzue Saguesen?

Horrelako plaza handiak zailak izaten dira giroa berotzeko, baina azkenaldian Donostia eta inguruetako gure kontzertuak beroenetakoak izaten ari dira. Jende lasaia eta hotza dela dioten topikoak bertan behera bota dizkigu bertako publikoak.

Donostiakoa denboraldiko azken kontzertua izango al da? Zerbait berezirik egingo duzue?

Ez da azkena izango, irailean ere baditugu beste bi kontzertu gutxienez. Donostiakoari dagokionez, gure kanta esanguratsuenak ekarriko ditugu gogora. Kontzertu berezia da, eta muntatze mailan berrikuntza batzuk eramango ditugu. Argietan izango dira berezitasun handienak.

Otsailaren 1ean hasi zenuten aurtengo denboaldia, Badalonako Estraperlo aretoan (Herrialde Katalanak); zein herri edo kontzertu duzu buruan?

Ez da izaten batere erraza herri edo kontzertu bat azpimarratzea. Besteak beste, Badalonan publiko heavy eta beroa topatzea, Leitzako festibaleko emozioak bizitzea, Pagolan aspaldiko lagunekin berriz elkartzea, Vilanova I La Geltruko plaza gainezka ikustea eta Otxandioko eta Lemoako giroaz gozatzea aipatuko nuke.

Udazkenera arte zuekin kontzertuak ematen jarraituko du Davidek, baina gero taldea utziko du. Aurkitu al duzue beste baxu jotzailerik?

Horretan gabiltza, eta laster jakingo duzue nor den.

Uztailaren 1ean disko berriaren grabaketari ekin zenioten Berrizko Lorentzo Records grabazio estudioan; nola doa prozesua?

Grabazioa aurreko astean bukatu genuen. Irailean bueltatuko gara estudiora nahasketak eta masterizazioa egitera. Ia 50 minutuko iraupena izango du, eta gure estilo eta izaerari fidelak izaten jarraitzen dugu diskoan. 11 abestitatik gehienak melodiaz gainezka egiten duten abesti gogorrak dira. Balada edo abesti lasai batek ere badu tartetxoa, eta egia esan oso gustukoa dugu, eta nola gelditu den txundituta gaude.

Urriaren bukaeran edo azaroaren hasieran kaleratzeko asmoa duzue; ba al dakizue jada non izango den aurkezpena?

Irail bukaerarako singlea eta bideoklipa irrati eta telebistetan martxan egotea nahi dugu. Horrela bada, urrian diskoa kalean egongo da. Aurreko lanak bezala, autoekoizpen bat izango da, etaJo Ta Ke Ekoizpenak gure diskoetxearekin kaleratuko dugu. Urri bukaeran hasi eta otsailera arte Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan aurkezpen bira bat egitea nahi dugu, baina oraindik ez daude egun guztiak zehaztuta, eta zaila da non eta noiz hasiko den esatea.

Webgunea goitik behera berritu duzue aurten. Garai berrietara moldatzeaz gain, zer behar da horrenbeste urtez musika munduan aritzeko?

Horrela da, aurten berritu dugu www.sutagar.com webgunea. Atal berriak zabaldu ditugu bertan, eta berriki sortutako sare sozialetako profiletara loturak ipini ditugu. Su Ta Gar gure pasioa eta lanbidea da, eta, horregatik, gauzak amodioz eta mimatuz egiten saiatzen gara. Horrek fruituak ekartzen dituelakoan gaude. Baina garrantzitsuena, ezinbestekoa eta ahaztezina dazaleek hor jarraitzen dutela. Mila esker denoi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.