ATZEKOZ AURRERA. Steven Ekholm. Idazlea

«Suediarrek euskal ohiturez asko dugu ikasteko»

Ekholm idazle suediarrak Euskal Herriari buruz Eskandinavian eginiko lehen gida aurkeztu du, suedieraz. Euskal Herriarekin orain dela hamar urte maitemindu zela adierazi du idazleak.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Euskal kultura eta lurraldeei dien maitasuna dela medio, Eskandinaviaren eta Euskal Herriaren arteko lotura sendotu du Steven Ekholm idazle eta kazetari suediarrak (New York, 1968). Euskal Herriari buruzko gida turistiko bat kaleratu du, eta, bertan, hirien eta herrien historia eta kultura azaldu ditu, gastronomia abiapuntu nagusi harturik.

Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?

Orain dela hamar urte, familiakoak amaren urtebetetzea ospatzera etorri ginen Donostiara. Bidaian, Arzaken jatetxera joateko aukera izan genuen, eta erabat liluratuta geratu nintzen. Bertan jasotako harrerak gastronomiarekiko zuten zaletasuna erakusten zuen. Ez nuen ulertzen bertakoek azaldutako arreta eta prestutasuna, eta pasio horrekin maitemindu nintzen.

Horrek Euskal Herriaren inguruko gida egiten lagundu zintuen?

Hasiera batean, gidak Donostiaren inguruan izan behar zuen soilik, baina Euskal Herri osoaren ingurukoa izan zedin adostu genuen. Baiona, Miarritze, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea oinarri gisa hartu arren, ahal izan ditudan euskal txoko guztiak miatu ditut. Bi hilabetean idatzi nuen gida, baina, aurretik, askotan egona nintzen Euskal Herrian.

Urtero, 30.000 eskandinaviar inguru etortzen dira. Zer-nolako harrera izango du gidak?

Gida turistiko hau ez da edozein gida; nire esperientziaren isla da. Euskal Herrian izan ditudan bizipenen ondorioa da. Orain dela hiru aste eskas kaleratu zen; beraz, jendea pixkanaka konturatzen hasi da. Hala ere, aurreko astean, Bilbon,suediar bikote bat hurbildu zitzaidan, jada nire gida eskuan zutela. Azaldu zidaten Euskal Herrian zehar bidaiatzen ari zirela gida oinarri hartuta. Arzaken jateko lekua ere hartua zuten.

Euskal gastronomiak gidaren atal oso handia hartzen du.

Euskal Herriak aurreko hamarkadetan jasandako iraultzaren ondorioz, gastronomia oso berezia garatu duzue, ohiturak eta berrikuntzak uztartzen dituena. Horri esker, euskal gastronomiak baieztatzen du kalitatez eta merke jatea posiblea dela. Gastronomia ulertzeko, ezinbestekoa da euskal kultura ulertzea. Euskal herritarrek zuen kulturari eta historiari diezuen maitasuna ikusita, nabaria da gastronomia eta halako esparruetan grina hori islatzea.

Euskal Herriko zerk harritu zintuen gehien?

Natura, ohiturak eta janaria paregabeak dira, dudarik gabe, baina euskal herritarrak dira altxor handiena. Urte hauetan, beren bihotza eta etxea ireki dizkidaten lagun zoragarriak egiteko aukera izan dut, Euskal Herriko txoko guztietakoak. Kuadrilla osatzeko aukera ere izan dut. Maiz esaten da Euskal Herriko lagun bat betiko dela, eta aukera izan dut hori baieztatu ahal izateko.

Euskal herritarrak ondo ezagutzeko aukera izan duzu, beraz.

Bertakoak lotsatiak zaretela esaten dute maiz, baina ez zait inoiz horrelakorik iruditu. Lotsatiak baino gehiago, jakin-minez beteta zaudete. Euskal herritarrak bidaiariak izan zarete, edozeri aurre egiteko prest. Kontzeptu horien kontrasteak erabat liluratzen nau.

Eskandinaviarrak hain ezberdinak dira?

Eskandinaviarrok, euskal herritarren antzera, naturarekin lotura berezia dugu, eta errespetu handia diogu. Turista amorratuak garenez,naturarekiko dugun maitasun horrek hirietako turismo masifikatua baztertzera eraman gaitu. Euskal Herria, zorionez, gehiegi ukitu ez den txoko berezi bat da, eta oraindik ez du egoera hori jasan. Xarma handia ematen dio.

Lurralde honekin maitemindu zara?

Erabat. Posible bada, Donostian erretiratu nahi nuke. Suedian ez bezala, hemen adinekoak kalera ateratzen dira; hondartzara, esaterako. Suediarrek euskal ohiturez asko dugu ikasteko.

Euskal munduarekin lotutako beste proiekturik ba al duzu?

Txakolina izan da nire euskal aurkikuntza harrigarrienetako bat. Ondorioz, suediar lagun batzuekin batera, txakolinaren inguruko lehen gida egin nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.