Surfa eta artea uztartu baztertze egoeran dauden haurrei laguntzeko. Horixe da Surfboard Master Pieces erakusketaren helburua. Mundu osoko surflari ezagunen surf oholak margotu dituzte izen handiko hainbat artistak. Donostiako Aquariumean daude ikusgai, maiatzaren 25era bitartean.
Aritz Aranburu surflariaren eta Kind Surf gobernuz kanpoko erakundearen —Almudena Fernandez modeloa da buruetako bat— arteko elkarlanetik sortu da erakusketa. «Aritzen entrenatzailea, Aitor Francesena Gallo, itsu geratu zen istripu baten ondorioz, eta, hari laguntzeko asmoz, Aritz Kind Surfekin hasi zen harremanetan», azaldu du Artzai Gomezek, Aritz Aranbururen managerrak.
Kind Surf gobernuz kanpoko erakundeak surfaren bidez laguntzen die baztertuta dauden haurrei, batez ere. Hainbat lekutan tokian tokiko erakundeekin elkarlanean ekimenak antolatzen dituzte. «Talde askorekin lan egiten dute; autistak, garuneko paralisia dutenak, etorkinak... Abuztuan Zarautzen topaketa bat antolatu genuen, Aspaceren laguntzarekin». Haurrei zein helduei surfean erakutsi zieten, eta eskulanak egin zituzten, ondoren. «Australian eta AEBetan urte askoan dihardute surfarekin terapia egiten. Oso ongi pasatzeko ez ezik, euren autoestimua hobetzeko balio die, eta psikomotrizitate mailan asko laguntzen die».
Kelly Slater eta Eduardo Txillida
Egun horretarako zerbait berezia egin nahi izan zuten, eta orduan bururatu zitzaien erakusketaren ideia. Mundu osoko surflariekin harremanetan jarri zen Aranburu, eta Fashion Art Instituten bidez, lortu zituzten artistak. Hala, dozena bat surflari eta artista bildu dituzte erakusketan. Agustin Ibarrolak, adibidez, hamaika aldiz munduko txapeldun izan den Kelly Slaterren ohola margotu du, Ouka Leelek Eneko Acerorena eta Eduardo Txillida Belzuncek Aritz Aranbururena. Lehen emakumezko surflari profesional bilakatu zen Lisa Andersen, edota free surfeko ikur Craig Andersonen taulak ere badaude, batzuk aipatzearren.
Ohol oso ezberdinak geratu dira; badira abstraktuak eta badira figuratiboak. «Artista bakoitzak bere ikuspuntua islatu du. Artea ikusteko euskarri askotarikoak dira, gainera, oholak».
Zailena oholak jasotzea izan dela dio Gomezek.«Surflari guztiek oso ongi hartu gintuzten; berehala esan ziguten baietz». Baina mundu osoan barreiatuta zeuden, eta Aranburu txapelketetan zebilela joan zen pixkanaka bilduz, oholak garraiatzea garestia eta zaila baita.
Abuztuan Zarautzen egindako topaketarekin batera, Getariako Balentziaga museoan jarri zituzten ikusgai ohol margotuak. Aquariumeko Nautilus aretora iritsi dira orain, eta lekua goraipatu du Gomezek. Aretoaren ertz batean arrainak eta marrazoak ikusten dira pasatzen, eta uraren soinua ere entzuten da. «Azkenean taulak inguru naturalean jarrita egoteak asko pozten gaitu».
Erakusketa hiriz hiri zabaldu nahi dute, orain. Frantziatik eta Bartzelonatik deitu diete, dagoeneko. Amaieran taulak enkantean jarriko dituzte. «Lortutako dirua elkartasun proiektuetara bideratuko dugu, parte hartu duten elkarteek erabil dezaten». Aquariumeko sarrera ordaindu behar da erakusketa ikusteko: helduek, 13 euro, eta lautik hamabi urte arteko haurrek, 6,50 euro.
Surfa arte zipriztinekin
Mundu osoko surflari ezagunen oholak margotu dituzte hainbat artistak, baztertuta dauden haurrak laguntzeko helburuarekin. Donostiako Aquariumean ikus daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu