Surfa, bizitzako olatuetarako

Patris Surf elkarteak baliabide gutxi dituzten familiei surfa gerturatzea du helburu nagusia. Esku hartze sozialeko programetan dauden adingabeekin ere lan egiten dute.

Patris Surf eskolako ikasleak, uretan. GORKA RUBIO/ FOKU.
Naroa Rios
Donostia
2023ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Surf eskola bat imajinatzean, neoprenoz jantzitako gazte batzuk irudikatzen dira. Eguzkitako kremarengatik azala zurituta. Begirale bat surf oholera igotzeko jarraibideak ematen, eta ikasleak behin eta berriz hondarraren gainean praktikatzen, uretara sartu aurretik. Aldiz, Donostiako Patris surf eskolan, eskolak diferente samarrak izaten dira. Gazteak badaude, baina ez dute beti neoprenoa janzteko aukera. Bestalde, azala ez dute beti zuria, nahiz eta eguzkitako krema jarri. Gainera, hondar gainean praktikatu baino gehiago, pixka bat berotu eta uretara sartzen dira, korrika, algaratan.

Patris Surf irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, baina ez hori bakarrik: baliabide gutxi dituzten familientzako surf eskola bat da; surf egiteko aukera bat da emantzipazio pisuetan dauden gazteentzat; aukera bat dagizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeen haurrentzat; eta, bereziki, familia bat da.

Horren guztiaren burua Diego Larrunbide da. Beste surf eskola batzuetan lan egiten zebilela, hausnartu zuen zer-nolako esfortzu ekonomikoa zen surf egitea familia askorentzat. Eta, horren ondorioz, konturatu zen kolektibo askorentzat aisialdiko jardueren «gizarte bazterketa masiboa» sustatzen zela.

Azkenean, 2014an Patris sortu zuen. Larrunbideren hitzetan, «Patris, surf eskola bat baino gehiago, toki seguru bat da, non ikasleek beste toki batzuetan kanporatu ezin dituzten kezkak edo beldurrak azaleratzen dituzten».

Anne Rodriguezek Patrisen ikasi zuen surf egiten, 7 urte zituela, eta gaur egun begirale moduan egiten du lan. «Soslai askotako ikasleak izaten ditugu, gehienak erdaldunak», azaldu du. «Eskolatik saiatzen gara gurekin euskaraz egin dezaten, horrela eskolatik kanpo ere euskaraz egitera ohitzeko». Patrisen helburu nagusia ondo pasatzea dela nabarmendu du, «ez lehiaketetan parte hartzea».

Elkartean dauden gazte batek baino gehiagok arazoak izaten dituzte familian edo eskolan. «Behin baino gehiagotan ikusi ditugu eskola jazarpeneko kasuak, eta askotan guri kontatzen digute, eta ez arduradunei», nabarmendu du Larrunbidek.

Hezitzaile lanak

Gorka Pintos begiraleak eta Jakotz Erdozia boluntarioak, Rodriguezek bezala, Patrisen ikasi zuten surf egiten, eta elkartean jarraitzea erabaki zuten. «Patriseko proiektua oso polita da, eta ikasleekin sortzen den harremana, oso berezia», adierazi du Pintos begiraleak. «Lan honek ditugun pribilegioez eta ditugun aurreiritziez pentsatzeko balio du», gehitu du Erdozia boluntarioak.

«Batzuetan gogorra egiten da; azkenean, bakoitzak bere motxila du, eta, lan honekin, oraindik eta gauza gehiago eramaten ditugu etxera», osatu du azalpena Larrunbidek.

Surf eskolan askotan txostenak prestatzen dituzte, hezitzaileei ikasleen jarrerari buruz berri emateko. «Diego oso zorrotza da gazteen portaera batzuekin; adibidez, tabakoarekin», Rodriguezen esanetan. Patrisen, gazteentzako ahalik eta jarraibiderik egokienak izaten saiatzen dira, pertsona heldu baten eredu osasuntsu bat izan dezaten.

Beste elkarteak

Marijo Conik Gurutze Gorriaren bitartez ezagutu zuen Patris, duela sei urte. Coni Loreak izeneko proiektu baten barruan dago: gizarte bazterketako arriskuan dauden emakumeekin lan egiten du.

Conik eta Loreak proiektuaren barruan dauden emakumeek behin baino gehiagotan egin dituzte surfa, igeriketa eta aisialdiko beste jarduera batzuk Patrisekin. «Familia bat dira. Nire bi semeek aurrena ikasle bezala eta aurrerago boluntario bezala parte hartu dute Patrisen, eta, guztion ustez, oso beharrezkoa da proiektua», nabarmendu du Conik.

Kolore Guztiak izeneko elkarteak ere lan egiten du surf eskolarekin. Haizea Saez hezitzailea da elkartearen tutoretzapean dagoen etxebizitza batean. Saezek argitu duenez, aisialdiko jarduera gehienak garestiak izaten dira, eta emantzipazio pisuetan dauden gazteek ez dute aukerarik parte hartzeko; Patrisekin, ordea, aukera hori badute. «Aisialdiko ekintza hauek oso positiboak dira gazteentzat, eta, orokorrean, asko gozatzen dute, eta, batzuetan, errepikatu ere egiten dute», Saezen arabera.

Ainara (6 urte), Aitana (8), Ander (7) eta Juan (9), Patriseko 6-11 urte arteko taldeko ikasleak dira. Ainarari ikastarotik gehien gustatzen zaiona astearen amaierako hamaiketako berezia da; Anderri eta Juani, berriz, surf egitea; Ainarari, hondartzara joatea; eta Aitanari, egunean zehar konpainia gehiago edukitzeko aukera izatea.

Batzuentzat bukatu da aurtengo udako surf ikastaroa. Aitanak, adibidez, ikastaroa bukatzean Hondurasera bueltatu behar du. Besteentzat udako azkena izango da, baina aukera gehiago izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.