Jai gunera hurbildu ahala, sumatzen da zalaparta. Tapia eta Leturiaren Compostelako erromesa bozgorailuetatik. Jendearen hizketaldiak eta ostatu atarietan jana eta edana eskatzeko ilaretan daudenen marmarra nahasten dira. Gunera sartu, eta kolore paleta bakarra ageri da: banderola zuri, gorri eta berdeek lotzen dituzte kalearen alde banatan dauden kale-argiak; baina ez da ikurrina nagusitasuna duen ikur bakarra. Bada zuriarekin, gorriarekin eta berdearekin batera nabarmentzen den beste kolore bat ere: urdin iluna. AEBetako banderarena da, eta ikurrinaren alboan ageri da Boiseko Jaialdian, Idahon, AEBetako ipar-mendebaldean.
Ez dute besterik gabe atondu horrela. Bost urtez behin, euskalduntasunaren, euskararen eta euskal kulturaren agertoki eta elkargune bihurtzen da Boise, eta, hamar urteren ondoren —2020ko aldia bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren ondorioz—, gaur hasi da beste aldi batez. Giro ederrean abiatu da AEBetako euskal diasporarik oparoenetako bat omendu eta goratu nahi duen ekitaldia, eta giro horretan jarraituko dute abuztuaren 3ra bitarte. Tartean, kontzertuak izango dira, dantzaldiak, bertso saioak, kirol erakustaldiak... Ekintza asko eta askotarikoak bilduko ditu jaiak, eta 50.000 lagun inguru espero dituzte, hala AEBetakoak bertakoak nola Euskal Herritik joandakoak.

Ospakizuna hastear zela, azken prestakuntza lanetan aritu dira antolatzaileak Basque Block gunean. Ana Mendiola Boiseko Jaialdiaren zuzendariaren arabera, hala ere, hutsetik hastearen modukoa izan da aurtengoa prestatzea: «Hamar urte asko dira; bost urte erraz pasatzen dira. Gu geu ilusio handiagoz ibili gara, eta esango nuke datorrena ere ilusio handiagoz etorriko dela». Ilusioz bakarrik ez, miresmenez ere hitz egin du zuzendariak Boiseko euskal komunitatearen inguruan. Goraipatu egin du komunitate hori sustraitu zuten migratzaile euskaldunen rola, eta esan du aurrerantzean ere egin behar dela ekarpen hori: «Gu baino arinago etorri ziren horiek euskararekin bakarrik etorri ziren: inor ezagutu barik, ingelesa jakin barik; euskararekin eta gaztelera apur batekin bakarrik etorri ziren. Euren kultura ekarri zuten, eta eutsi egin zioten. Guk ere horretarako betebeharra dugu». Gaineratu du, halaber, Boisen nabari dela euskalduntasun hori, euskaldun asko baitaude: «Bertako herritarra bazara, ezagutzen duzu euskalduna den inor; beraz, astebete honetan ere nabari duzu euskalduntasun hori. Guk eskuzabalik jasotzen ditugu».
Kultura bidelagun
Zuzendariak esandako hori baieztatu du Amy Caldwell herrikideak ere. 30 urte daramatza Boisen bizitzen, eta aurten lehen aldiz etorri da Jaialdira: «Euskal komunitate handi bat dago hemen, eta nortasun hori harrotasunez bizi du». Komunitate horretako kide askoren laguna da Caldwell, eta duela gutxi deskubritu du bera ere haren parte dela: «Jakin dut amonaren aldetik euskalduna naizela: %23, hain zuzen ere».
Jasone Aretxabaleta Osa da Caldwellen lagun horietako bat. Markina-Xemeindik (Bizkaia) etorri da, hirugarren aldiz aurten: «Amaren aitaren anaia bat etorri zen hona, aurreko mendearen hasieran. Nire aitita zen gazteena, eta haren anaia Ignacio, zaharrena. Inoiz ez zuten elkar ikusi, baina guk badugu harremana Ignacioren seme-alabekin eta bilobekin. Ostiralean afari bat egingo dugu guztiok: 25 osatar bilduko gara; hiru Euskal Herritik etorritakoak, eta beste guztiak hemengoak». Azaldu du horietatik guztietatik batzuek gertuagotik bizi dutela euskalduntasuna beste batzuek baino, baina guztiak direla «euskal amerikanoak», bakoitza bere erara. «Sentimendu hori oso sustraituta dute», nabarmendu du.

Horren erakusgarri da Jean-Jules Flesher ere. Estatubatuarra da, Salt Lake City hirian jaioa, Utah estatuan, eta, txiki-txikitan euskara apur bat hitz egiten bazuen ere, eskolan hasi zenean galdu egin zuen. Euskal sustraiak ditu hark ere: «Aitaren amona Ipar Euskal Herrian jaio zen, eta amaren aitona ere bai». Lotura hori galdu izanaren penaz, duela hiru urte hasi zen berriz ere euskara ikasten. Boiseko Jaialdiari dagokionez, sortzetik «ia-ia aldiro» etorri dela esan du, eta datozen aldietan ere etorriko dela: «Euskal kulturari eusteko etortzen naiz, gure bizia bizitzeko. Hemen, AEBetan, galtzen ari da gure kultura, eta eutsi egin behar diogu. Horrelako egitasmoak dira hari eusteko aukerarik onena».
Eta horretarako, besteak beste, Boiseko Jaialdiak euskal kultura du bidelagun. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra, hau da, igandera bitarte, dozenaka eta dozenaka euskal kulturgile eta ordezkari iritsiko dira Boisera lanera: musikariak, dantzariak, bertsolariak, kirolariak, ordezkari politikoak... Egitarau ofizialean bildu dituzten ekitaldietan parte hartuko dute horietako batzuek, eta hortik kanpo antolatu dituzten beste hainbat ekintzatan beste batzuek.

Ruben Gabilondo, adibidez, Trikilintxo taldearekin etorri da Boisera, Azkoititik (Gipuzkoa), eta, gehienek ez bezala, beren kabuz antolatu dute dena: «2022an egin genuen hona etortzeko plana. Ordutik diru kantitate bat jartzen aritu gara, eta, beraz, errazago egin zaigu azken fase honetan». Penggillys Salon aretoan jo du taldearekin, Basque Block gunetik 200 bat metrora. Jaigune nagusitik kanpo izanik ere, trikiti doinua nagusi duen talde horren kontzertuak jende andana bildu du, eta, Euskal Herritik milaka eta milaka kilometrora, ikus-entzuleak zutik eta dantzan jarri, Ikusi Mendizaleak kantuaren hitzen eta arin-arinaren eta fandangoaren erritmora.
Jaurlaritzako ordezkariak ere han dira
Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere iritsi dira Boisera, Imanol Pradales lehendakaria buru dutela, «Euskadiren nazioarteko proiekzioa» indartzeko helburuarekin. Jaialdiaren antolatzaileek aurresku bat dantzatuta egin diote harrera ordezkaritzari. Idahoko Estatuko gobernadore Brad Littlekin eta Boiseko alkate Lauren McLeanekin biltzeko asmoa dute Jaurlaritzako kideek, eta AEBetako euskal diasporari eskerrak emateko eta aitortza egiteko asmoa ere bai, «belaunaldiz belaunaldi Euskadiko balioen eta kulturaren enbaxadore naturalak» izan direlako. Beste hainbat ekitalditan parte hartzeko asmoa ere badu lehendakariak. Zortziak bat izeneko mintegi batean parte hartuko dute, eta NABO North American Basque Organizationeko kideekin ere bilduko da.