Sanferminak Iruñean

Taconerako oasian, bertso jarioa

Oskar Estangak, Unai Iturriagak, Eneko Lazkozek eta Amets Arzallusek bertso emanaldia eskaini dute Oinez-en txokoanOrdubete iraun du saioak, eta sanferminei eta Iruñeari etengabe egin diete aipamena

Eneko Lazkoz bertsolaria, kantuan. Entzuleak itzaletan babestu ziren. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Sanferminetako eromenetik gertu, Taconeraren hegal batean, euskal txokoa dago. Euskaltzaleek bertan dute lasaitasunerako eta gozamenerako oasia. Toki aproposa da festaren zurrunbilotik apur bat atera eta arnasa hartzeko. Nafarroa Oinez-ek bertan du karpa, eta haren belardietan zuhaiztiaren itzalaren freskotasunaz eta lasaitasunaz goza daiteke. Gainera, eguerdi aldera zein arratsean eta gauerdian ekitaldiak, kalejirak eta kontzertuak egon ohi dira.

Atzo, adibidez, 13:00etatik aurrera Oinez-en txokoan bildu zirenek Oskar Estanga, Unai Iturriaga, Eneko Lazkoz eta Amets Arzallusen bertso emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten. Ehundik gora lagun bildu ziren Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolaturiko saioa entzutera. Asteburua dela eta, zirkulazio arazoak eta aparkatzeko zailtasunak tarteko berandu ailegatu ziren lau protagonistak, baina jendea zain edukiagatik euren bertso jarioak ez zuen inor atsekabetu.

Eserlekuak eguzki galgatan zeudenez, oholtza aurreko panorama apur bat tristea zen, entzule bakar bat baitzegoen. Entzule ia denek nahiago izan zuten itzalaren babesean entzun bertsoak. Eszenografia berezi hori, jakina, ez zitzaien bertsolariei oharkabean pasa eta puntukako saioan horren kontura bertsoak sortu zituzten. Arzallusek horrelaxe itxi zuen ideia horren gaineko bertsoa: «Palko printzipala beste inork ez du nahi».

Eguzkiaren eta itzalaren arteko jokoa amaituta, puntukako saioan berean zuku handiagoa atera zioten Estangaren janzkerari. Sanferminetako ohiko praka eta kamiseta zuri zein gerriko eta lepoko gorriak soinean zituen bertsolari bakarra zenez Estanga, beste hirurek horren kontura izan zuten nondik harilkatu bertsoa. Estangaren momentikoadela, besteen itxura australiarra dela, elegante dagoela, gerrikoa ondo jarri ote duen, isatsaren eta gerrikoaren arteko aldeak... ertz guztietatik heldu zioten ideiari, eta zuku guztia atera zioten.

Bat-batekotasunaren joko horretan, kasualitatez, peña bateko txaranga bere algara eta zalapartarekin gerturatu zen Nafarroa Oinez-en txokora, eta horrek bertsolarien kontzentrazioa hautsi ordez, elementu hori baliatu zuten beste hari bat irekitzeko.

Gai batzuek sanferminekin zerikusirik ez izan arren, bertsolariek ahal izan zuten heinean, jaietara eta Iruñera gerturatu zituzten. Beste batzuk, berriz, bazuten zerikusia. Adibidez, Amets Arzallusen eta Oskar Estangaren arteko elkarrizketa: «Lehena Iruñeko bizilaguna lau egunez jarraian etxe atarian bigarrena lotan topatu duena». Bertsoen hariak kalean lo egiten duenaren zikintasunerantz jo zuen, eta horrelaxe jo zion errematea Arzallusek: «Zu San Fermin bezala belzten ari zara».

Umoretsua ere Eneko Lazkozek Iruñeko alkate gisa jardun zuen saioa —beste bertsolarien kritika eta goraipamenei erantzun behar zien—. Iturriagak kritikara jo beharrean laudoriora jo zuen, baina bertsoaren erdian, Enrique Maiaren izena baliatuta, ustekabearen alde egin zuen: «Barkatu, baina uste nuen zinela Jon Maia bertsolaria».

Giro on eta freskoan garatu zen saioa, eta pixkana urtez urte jende gehiago biltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.