Algara dantza taldeak 25 urte daramatza Gasteizi irribarre bat ipintzen. Eta ez da harritzekoa. Iñigo Manuel taldeko lehendakaria (Gasteiz, 1976) eta Jone Olaizola (Gasteiz, 1998) eta Garazi Uriguen (Gasteiz, 1998) kideak ere irribarretsu agertu dira elkartearen egoitzara, ostegunero moduan. «Ahaztezinak» zaizkie otsailaren 21ean Mendizorrotzan eta handik hiru egunera Andre Maria Zuriaren plazan bizitakoak.
Oraindik azken asteen «ajea» izango duzue, ezta?
IÑIGO MANUEL: Sei hilabete bete-betean aritu gara lanean, ostiral arratsaldean sartu hemen eta gauerdian atera. Urte polita izan da, baina gogorra.
JONE OLAIZOLA: Hilabete askoko lana da, bai. Tetrisa egin jantziekin, materiala prestatu, artistekin hitz egin, baimenak eskatu... Gu izan gara antolatzaile eta sustatzaile nagusiak. Eta orain deskantsatzeko garaia iritsi zaigu, baina ez deskonektatzekoa.
Izan ere, urtebete igaro duzue ospakizunetan.
GARAZI URIGUEN: Bai, iaz hasi ginen ospatzen, Mendizorrotzan, Alaves eta Real Madrilen arteko neurketan. Eta otsailaren 21ean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, Xabi Aburruzaga trikitilariarekin eta Araban jada mitoak diren Joselu Anaiekin aritu ginen. Taldeko umeentzat izugarria izan zen.
OLAIZOLA: Gonbidapen guztiak agortuta, 2.200 lagun etorri ziren. Eta ordua heldu zenean, jendea korrika sartu zen, toki on bat lortzeko. Nik neuk espero nuen jendea etortzea, baina inola ere ez nuen espero hainbesteko jendetzarik.
Eta nola oroitzen duzue egun hura?
OLAIZOLA: Hilabeteetako lana da; dena neurtuta daukagu: pauso honen ostean, beste hau; gero, hura... Erabat kontzentratuta zaude, dena emanda, eta amaitu zenean, esan genuen: «Kito? Ia ez gara ohartu ere egin eta!».
MANUEL: Askotan oihalaren atzealdean gertatzen dena grabatuko nuke. Pieza batetik bestera arropak aldatzen, jendea gauzak botatzen, ni «30 segundo geratzen zaizkigu!» oihukatzen... ez dago pentsatzeko denborarik.
Ustez, orduan amaitu ziren urteurrenaren ospakizunak, baina Baskoniaren garaipena iritsi zen gero.
MANUEL: Larunbatean, Mendizorrotzako dena jaso, inbentarioa egin, eta, amaitzerako, 02:00ak aldera irten ginen. Eta hurrengo egunean Baskoniakoek deitu zidaten, «Iñigo, garbigailua jartzera!» esanez.
Egun hura bestearen parekoa izango zen.
MANUEL: Guztiz. Jokalarien alboan egotea pribilegio hutsa izan zen, opari bat.
OLAIZOLA: Mendizorrotzan eta Buesa Arenan dantzatu izan garenean, jende askoren aurrean dantzatu gara, eta ez zaigu arrotza egiten, baina urduritasun pixka bat izaten dugu oraindik. Ahaztezina da Andre Maria Zuriaren plaza jendez gainezka egonda bertan dantzatzea.
Taldearen ibilbidea ez zen beti halakoa izango.
MANUEL: Ni 2000. urtean sartu nintzen, taldea sortu zenean. Eta orduan hamabost dantzari besterik ez ginen. Gaur egun, 120 dantzari inguru gara, eta zortzi musikari. Gauzak asko aldatu dira ordutik.
URIGUEN: Jonek eta biok hamabost urte daramatzagu hemen. Ni nire ahizpa bertan zegoelako sartu nintzen, eta Jone, bere lehengusina ere bertan zebilelako. Hasi eta bi urtera, jada helduen taldearekin ari ginen oholtza gainean. Eta, gero, gu geu hasi ginen begirale lanetan.
Begirale ere aritu zineten?
URIGUEN: Benetan gustura egiten dugulako egiten dugu dena hemen. Eta oso pozgarria da zure ikasleak izan direnak helduen taldean zure alboan dantzatzen ikustea.
OLAIZOLA: Niretzat, gure filosofia da polita. Gure begiraleak izan zirenek ez zuten kobratzen, gu begiraleak izan gara eta ez dugu kobratu, eta hori ez da edonon gertatzen. Gure denbora librea eskaintzen diogu honi.
Zuen ibilbidea bezala, dantzaren kultura ere aldatu egin da?
MANUEL: Izugarri aldatu da. Lehen, Gasteizko auzoetako ia jai guztietara joateko deitzen ziguten; orain, aldiz, inon ez diote tarterik egiten dantzari. Euskal folklorea eta kultura maldan behera doaz. Gainbeheran egonda ere, esango nuke gaur egun erreferenteak garela.
Zergatik diozu hori?
MANUEL: Bada, otsailaren 21ean goizeko ordu txikietan amaitu ostean hurrengo egunean Baskoniakoen deia jaso nuelako. Banekien hurrengo egunean berrogei dantzariak hemen izango nituela prest. Beti konplitzen dugu; arrakasta ziurra gara. Gainera, gure oinarria euskal dantzak dira, bai, baina beti gehitzen dugu berrikuntzaren bat edo jantzi ikusgarriren bat.
Zer da horren gakoa?
URIGUEN: Algaran guztiok gara dantzariak baino zerbait gehiago. Ni, adibidez, sare sozialen arduraduna eta begiralea ere banaiz. Eta Jone, dantzaria eta begiralea izateaz gain, batzordean dago.
OLAIZOLA: Eta gurasoak, berdin. Bakoitzak ahal duen moduan ipintzen du bere alea: jostun gisa, gidari gisa... Eta, noski, borondate hutsez eta konpromiso osoarekin egiten dugu dena. Taldeak guri eman diguna nolabait itzultzen saiatzen gara.
MANUEL: Taldearen zuzendari moduan, niri izugarrizko harrotasuna ematen dit horrek. Badakit asko ahaleginduta buruan dudana taularatzea lortuko dugula.
lotsabako
Dantzarik gustukoena?
URIGUEN: Fandango edo arin-arin alai bat.
MANUEL: Guztiek dute xarma.
OLAIZOLA: Oraindik ezagutzen ez dudana.
Eta gogaikarriena?
OLAIZOLA: Atsedenaldia; dantzariok geldiaraztea oso zaila da.
URIGUEN: Asko errepikatu den koreografia bat.
MANUEL: Azken dantza.