«Talde izaeraren» erakustaldia

Euskal Herriko Casteller Taldeak eta Vilafrancako Xicots taldeak Diada Castellana bat antolatu dute Gasteizko Plaza Berrian. Tamaina askotako dorre ikusgarriak egin dituzte, tartean zazpi mailako bat.

Hainbat neurritako 'castell'-ak egin dituzte Gasteizko Plaza Berrian. JAIZKI FONNTANEDA / FOKU
Hainbat neurritako 'castell'-ak egin dituzte Gasteizko Plaza Berrian. JAIZKI FONNTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko uztailaren 26a
16:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Pertsona guztiak ongi kokatu eta egitura behar bezala osatzen ari dela egiaztatzen ari den bitartean, lasaitasuna eskatu die Tamara Gonzalez casteller-ak giza dorrea egiten ari direnei. «Ongi kokatu zaitezte, patxadaz!», egin die oihu. Beheko oinarria osatu dutenek sendo dituzte oinak lurrean, eta elkarri helduta beso eta eskuak. Giza zimendua eraiki dute, elkarri bizkarra emanez. Bigarren mailakoak igo dira orain: bizkar gainean belauna, ukalondoa sorbaldan, pisua orekatuz. «Isiltasuna, faborez», eskatu die, katalanez, gerturatutako ikusleei. Giza dorreak karratu jarraitzen duela eta egonkorra dela egiaztatu ondoren, hirugarren mailakoak igo dira. Eta haien ostean, gaztetxo batek ekin dio gailurrera igotzeari. Neskatoak trebetasun handiz lortu du igotzea, eta besoa altxatu du. Castell-a osatuta dago. Txalo zaparrada batean lehertu da plazan.

Diada Castellera Gasteizen
Euskal Herriko eta Villafrancako bi taldeek elkarrekin eraiki dituzte hainbat dorre. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Euskal Herriko Casteller Taldeak eta Vilafranca del Penedeseko (Herrialde Katalanak) Xicost taldeak antolatuta, Diada Castellana ikusgarria antolatu dute Gasteizko Plaza Berrian. Euskal Herriko taldeak urtebete egin duela ospatzeko, Kataluniako taldearekin elkarlanean erakustaldia egin dute goizean 160 casteller inguruk. Munduko colla garrantzitsuenen artean dago Xicots taldea, eta Tarragonan (Herrialde Katalanak) bi urtean behin antolatzen den gaztelu lehiaketaren kategoria gorenean parte hartzen du. «Guretzat garrantzitsua da Kataluniatik kanpo ezagutaraztea, kanpoko jendeari ere interesatzen baitzaio gure tradizioa», azaldu du Esther Vicentek, Xicots taldeko kideak.

«Pertsona guztiak dira beharrezko, berdin du adinak, gorpuzkerak edo altuerak, denek dute tokia dorrean. Talde izaerak egiten gaitu indartsu»

ASIER ERAÑA Euskal Herriko Casteller Taldeko kidea

Giza dorreak egin aurretik, kalejira egin dute Foru Plazatik abiatuta. Apur bat lehenago, dena prestatzen aritu dira parte hartzaileak: besteak beste, gerriko beltzak estu lotu dizkiote elkarri, eta helduenek azken gomendioak eman dizkiete gailurrera igoko diren gaztetxoei. Giza gazteluen atzean dagoen «esfortzu kolektiboa» nabarmendu du Euskal Herriko taldeko kide Asier Erañak: «Pertsona guztiak dira beharrezko, berdin du adinak, gorpuzkerak edo altuerak, denek dute tokia dorrean. Talde izaerak egiten gaitu indartsu».

Diada Castellera Gasteizen
Foru plazatik abiatuta, kalejira egin dute Euskal Herriko Casteller Taldeak eta Vilafrancako Xicots taldeak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Casteller-ak kalejiran iritsi dira plazara, eta segituan hasi dira lehen dorrea antolatzen. Hainbat dorre egin dituzte; altuenak zazpi maila izan ditu. Helduenak, oinarrian, euskarri lana egiten, eta gaztetxoenak, gailurrean, helduak bezain serio eta trebe, edo are gehiago. Elastiko gorria jantzi dute Xicots taldekoek, eta morea, Euskal Herrikoek, baina haien artean ez da lehiarik izan; kontrara, «lagun talde baten» gisa aritu dira giza dorreak egiten, elkarri lagunduz eta babesa emanez.

Eskarmentu handia dutenentzat zein hasiberrientzat, denentzako izan da aberasgarri. Hala izan da dorrean euskarri lanak egin dituen Vicenterentzat ere: «Geuregan konfiantza izatea eta denok batera egotea da garrantzitsuena». Diada amaituta, dantzaldia egin dute plazan Toc de Castell-en doinuek lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.