Trikitixa Kontrairo taldeko kidea

Iñigo Lopez de Santiago: «Taldeak beti izan du lotura estua Arabarekin, eta identitatearen parte garrantzitsua izan da hori»

Aitzina Folk jaialdiaren barruan, Trikitixa Kontrairo taldeak «kontzertu solidarioa» joko du bihar, Jimmy Jazz aretoan, 20:30ean, Fillas de Cassandra taldearekin batera.

Trikitixa Kontrairo taldea, entsegu lokalean. Eskuinean trikitiarekin dagoena da Lopez de Santiago. TRIKITIXA KONTRAIRO
Trikitixa Kontrairo taldea, entsegu lokalean. Eskuinean trikitiarekin dagoena da Lopez de Santiago. TRIKITIXA KONTRAIRO
unai etxenausia
2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Hogei urteko isilaldiaren ostean, Trikitixa Kontrairo taldea eszenatokietara itzuli zen urriaren 5ean, Izarrako (Araba) jaietan. Jarraipena emanez, bihar kontzertu solidario bat joko dute Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Aitzina Folk jaialdian, Fillas de Cassandra taldearekin batera. Taldeak ez du itzulera moduan planteatzen, baina ez dute «aukera berriak aztertzeko atea itxi». Taldeko kide Iñigo Lopez de Santiagok (Gasteiz, 1974) «emozio eta nostalgia» handiz hitz egin du itzulera honi buruz.

Hogei urte igaro eta gero, Izarratik heldutako proposamen batekin batu eta oholtzara itzuli zineten urrian.

Pila bat gozatu genuen. Duela hogei urte bezala, disfrutatu egin genuen. Emozio eta sentsazioak nahastu ziren kontzertua izan zen: nostalgia sentitzen duzu, gogoa, indarra... Batez ere, taldekideen arteko elkarlana eta elkarrekin sortutako gozamen berezia sentitu genuen, urteak igarota ere bizirik dirauena.

Dena ez zen duela hogei urte bezalakoa izango, ala?

Nik uste dut bakoitzak esperientzia modu ezberdinean bizi izan dugula. Taldekideen artean, nabari izan da musikan jarraitu dutenek arinago eta errazago hartu dutela prozesua. Aldiz, musikan jarraitu ez dutenak urduriago zeuden, berriro eszenatokira igotzea den erronkagatik. Hala ere, sentsazio aniztasun horren erdian, ni oso eroso eta gustura sentitu naiz; taldearen dinamika eta elkarlana berriro bizitzeak emozio positibo ugari ekarri dizkit.

Trikitixa Kontrairo duela hogei urte, Bilboko konpartsen egunean. TRIKITIXA KONTRAIRO
Trikitixa Kontrairo duela hogei urte, Bilboko Konpartsen egunean. TRIKITIXA KONTRAIRO
Nola erreakzionatu du publiko zaharrak eta berriak zuen itzulerarekin?

Gure zale zaharrek asko gozatu dute gure itzulerarekin. Gainera, publiko berria ere erakarri dugu, eta haiek ere esperientzia positiboa izan dutela nabarmena da. Gainera, nik beti esan izan dut ez dugula estilo jakin bati lotutako musika egiten: rocka, folka… estilo askotako elementuak uztartzen ditugu. Hala ere, gure musikan Arabako folka oinarri garrantzitsua izan da, lurraldeari eta bertako identitateari balioa emanez. Ikusle berriek ere oso ondo hartu dute hori, eta horrek poz handia ematen digu.

Aitzina Folk jaialdiaren kontzertuak helburu solidarioa du, zuen musika ikuspegiarekin bat datorrena...

Izaera librea izan dugu, eta beti erakutsi dugu konpromisoa ekimen solidarioekin. Eta itzulera, hasiera batean, Izarrako jaietan jotzeko izan bazen ere, Aitzina Folk jaialdikoek egin ziguten proposamena oso egokia iruditu zitzaigun, bereziki jaialdiaren helburu solidarioa kontuan hartuta. Horregatik, pozik hartu genuen bertan parte hartzeko aukera. Gainera, guretzat oso berezia da Jimmy Jazz bezalako areto entzutetsu batean jotzea; horrek ere balio erantsia ematen dio esperientziari.

Folka bultzatzeko ere garrantzitsua da Aitzina?

Folk mundua oso txikia da, eta taldeak zuzenean ikusteko aukera ez da maiz izaten. Are gehiago, Aitzina Folk bezalako jaialdiek aukera paregabea eskaintzen diete bai Arabako taldeei, bai bertako kulturari balioa emateko. Trikitixa Kontrairo taldeak beti izan du lotura estua Arabarekin, eta identitatearen parte garrantzitsua izan da hori. Gainera, jaialdia gero eta ospe handiagoa hartzen ari da, bertako taldeei ikusgaitasuna emateaz gain oso lan zaindua eta polita egiten dutelako.

Uste duzue orain taldea berpizteko beste aukera batzuk izan daitezkeela?

Printzipioz, ez dugu itzulera moduan planteatu; gure asmoa ez da berriz proiektu luze baterako konprometitzea. Halere, proiekturen batek erakartzen bagaitu, ez dugu itxiko aukera berriak aztertzeko atea. Dena den, hamabi pertsonako talde bat kudeatzea eta koordinatzea oso zaila da, eta horrek mugak jartzen ditu.

Berriz elkartzea izan da ederrena?

Azken entseguetan, gehien disfrutatu duguna elkartzea eta entseatzea izan da. Horregatik, tarteka biltzeko aukera izatea zoragarria litzateke. Pena ematen du, baina gauzak horrela dira. Momentuz, plazer hutsa izan da berriz elkartzea eta bizipen zaharrak berritzea.

lotsabako

Talde erreferente bat?
Asko dira, eta ezin bakarra esan.

Kontzertu gogoangarri bat?
Oroitzapen politak ditut Araba Euskaraz bezalako egunena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.