Talentua badago

Etzi hasiko da Topaguneak antolaturiko Laburbira, Hernanin. 27 herri bisitatuko ditu film laburren zirkuituak. Euskal zinemagile hasiberrientzako aukera paregabea da, haien lanak zabaltzeko erakusleihoa baita. Haien artean daude Alberdi, Azkoitia, Mateo eta Urkiola, sortzaile gazteen harrobiko lau ordezkari.

Goian, ezker, Eriz Alberdiren Brunilda filmeko fotograma; eskuin, Yago Mateoren Fishura filmekoa. Behean, ezker, Iker Azkoitiaren Semeak filmekoa eta, eskuin, Ane Urkiolaren Zea bingo filmekoa. BERRIA.
Iñaki Lasa Etura.
2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun

«Film laburra apustu pertsonala izaten da»

Eriz AlberdiZinemagilea

Michel Gaztanbidek Donostiako Larrotxene kultur etxean egindako gidoi ikastaro bati esker izan du Eriz Alberdik (Bilbo, 1979) bere lehen film laburra zuzentzeko aukera. «Brunilda-ren ideia orokorra da bakoitzak bere zailtasunen eta beldurren artean irtenbidea nola bilatzen duen. Protagonistak bere barnean du soluzioa, imajinazioan».

Aktore lanetan eskarmentua duen arren —AnderGoenkaleNasdrovia Chejov...—, lehen aldiz jarri da kameraren atzean: «Oso esperientzia polita izan da; oso gustura sentitu naiz, konfiantzarekin». Zuzendari hasiberria zarenean, ez da erraza aktoreak lortzea, eta horregatik, lagunengana jo du, «konfiantzazko botoa» errazagoa delakoan. Adiskideak bai, baina aktore profesionalak guztiak: Asier Oruesagasti, Naiara Arnedo, Miren Gojenola... «Oso erraza izan da haiekin lan egitea». Aktorea izanik, kameraren aurrean duen esperientzia lagungarria izan dela uste du zinemagile bilbotarrak: «Bestearen lekuan jartzea errazagoa da ofizioa ezagutzen baduzu».

Ez da erraza film labur bat egiteko dirua biltzea, eta ezinezkoa izan ohi da aktoreei edo talde teknikoari ordaintzea. «Film laburrei dagokienez, norberak bere poltsikotik jarri behar du dirua; apustu pertsonala izaten da».

Larrotxenek filma banatzen lagundu duen arren, lan handiena berak egin duela aitortu du Alberdik: «Lekeitiora eraman nuen, Durangora, Laburbirara... Apustua pertsonala bada, denbora gehiago ematen duzu, baina kasu honetan gurea baino gehiago Larrotxenearena da, ni zuzendari moduan inplikatu naizen arren».

Euskal Herrian talentua badago, Alberdiren aburuz, eta Moriarty bezalako ekoizpen etxeen lana lagungarria izango da hasiberrientzat: «Loreak eta Amama filmak ate asko irekitzen ari dira; garrantzitsua da egiten ari diren lana».

Dauden zailtasunak ikusita, garrantzitsutzat ditu Laburbira eta halako egitasmoak. Euskal Herrian ez ezik, Parisen ere izango da zirkuitua: «Hainbat herritan ikusteko aukera ematen digu; nire lana Parisen ikustea ametsa da». Izan ere, Alberdik erakundeen babes zabalagoaren falta sumatzen du:«Egoera ez da ona; hasten ari bazara, ezinezkoa da, eta etsi egin dute askok». Etorkizunari begira, Larrotxeneko ikastaroan idatzitako gidoia grabatu nahi du.

«Asmamena zorroztu behar da dirurik gabe»

Iker Azkoitia Zinemagilea

Interneteko Google bilatzailean «Iker Azkoitia» idatziz gero, «Zinemako zernahitarako mutikoa» eta «700 eurorekin film laburra grabatu zuen mutila» ageri dira. Librefilm laburraz ari da albistea, Iker Azkoitiak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1987) zuzendu zuen lehen lanaz. Veronica Vieitesekin batera, Copygram filmatu zuen gero, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldian saria jaso. Semeak da haren azken lana. Kontseiluak eta Donostiako Zinemaldiak antolaturiko Euskaraz bizi nahi dut lehiaketako profesionalen ataleko lehen saria lortu zuen obra horrekin.

«Asmamena zorroztu behar duzu diru gutxi duzunean; produkzioak antolatzea askoz zailagoa da, ezin diozulako jendeari ordaindu, ez behintzat merezi adina». Madrilen bizi da Azkoitia, eta han filmatu zuen Semeak, euskaraz ez dakiten hainbat lagunekin eta familiako bi kiderekin. Proiektuak garatzeko diru gutxi izanik, ongi hartu zuen sariarekin batera jasotako dirua. Beste lan batean inbertitu du: antzerki musikal bat.

Aktore edo zuzendari lana, zein duen gogokoago galdetuta, ez da bat aukeratzeko gai. «Istorioak kontatzen ditudala esatea gustatzen zait. Aktore moduan oso eroso sentitzen naiz, asko gozatzen dut, baina ezingo nuke ezetz esan musika idazteari, gidoiak egiteari, zuzentzeari... Nire barruan irrika batzuk dauzkat, eta hori guztia askatzea gustatzen zait». Zinema zuzendaritza da irrika horiek askatzeko beste bide bat. «Zuzentzen dudanean, ume txiki batek bezala gozatzen dut. Hori da lehenengo gauza niretzat: gozatzea. Ez badut lan batekin gozatzen, nahiago dut ez egin».

Laburbirak eskaintzen duen zirkuitua «primerakoa» iruditzen zaio. Film laburrak 27 herritan emateak lana zabaltzeko, ikusteko eta industria sortzeko balio du, Azkoitiaren aburuz. «Oso garrantzitsua da hasiberriei eta gazteei aukerak ematea. Industria ez da bakarrik sortzen, denon artean sortu behar dugu, gazteekin kontatu behar da».

Jon Garañoren eskutik jaso zuen Euskaraz bizi nahi dut saria iaz, eta momentu hura «izugarria» izan zela aitortu du. «Loreak-ek zur eta lur utzi ninduen. Zer edo zer aipa badezaket, Jon eta Jose Mari Goenagarekin proiekturen batean parte hartzea nire ametsa izango litzatekeela esan nahi nuke».

«Talentua dago, baina zabalkunderik gabe»

Yago Mateo Zinemagilea

Yago Mateok (Gasteiz, 1993) 22 urte besterik ez du, baina zuzendu duen bederatzigarren film laburra da Fishura. Egiten ari den bidean sari ugari jaso ditu gainera; azkena, Lekeitioko Euskal Zine Bilerako urrezko antzara amateur mailako film labur onenagatik.

Fishura-n Ireneren pertsonaia aurkeztu du, begiak kliskatzen ez dituen pertsonarena. Ez ezin duelako, bizitzaren une garrantzitsuak galtzeko beldur delako baizik. Mateorenak dira film laburreko ideia, gidoia eta zuzendaritza. Barbara Rivasek jokatzen du Ireneren rola. Ideiak izateko erraztasun handia du arabarrak, baina beste gauza bat da horiek garatu ahal izatea. «Gauza bat da buruan izatea, eta bestea aurrera eramatea. Lurrean jarri behar dira oinak, iragazki bat egin behar izaten da askotan, pentsatzea zer den egingarria. Ideiak handiak izan daitezke, baina beste gauza bat da horiek nola kudeatu.

Finantzaketa izan ohi da zinemagile hasiberrien buruhauste nagusia. «Ez dago dirurik, eta eskale moduan laguntza eske ibili behar duzu». Alde ona eta txarra du horrek. Txarra, ezin zaielako aktoreei edo lantaldeari ordaindu. Ona, proiektuan parte hartzen dutenek «helburu bera» daukatelako. «Dirua biltzeko modurik errazena eskua poltsikora sartu eta zer daukazun begiratzea da». Horrek sormena garatu beharra ekartzen du. Diru laguntza eskatzeko garaian oztopo ugari daudela azaldu du.

Mateoren aburuz, finantzaketaz aparte, «erakusleiho falta» da arazorik handiena: «Euskal Herrian talentu handia dago, baina zabalkunderik gabe, existituko ez balitz bezala da». Hori dela eta, Laburbiran parte hartzea oso garrantzitsua dela uste du, filma 27 herritan ikusteko aukera izango baitu. «Gazte sortzaileontzat ezinbestekoak dira lehenengo aukerak». Oihartzuna izateko sariak jasotzea ezinbestekoa den arren, nabarmendu du maila handiko makina bat film labur dagoela: «Horiek ere aitorpena merezi dute».

Talentuaz hitz egitean, ñabardura bat egin du. «Ez dugu Oscar saria irabaziko duen zuzendari batean pentsatu behar soilik; edozein gazte gai da bere auzoan, sakelako Snapchat aplikazioa erabilita, sormenez beteriko gauza polit bat egiteko. Talentua hitza erabiltzean, oso gauza handietan pentsatzen dugu askotan, eta ez da hori: sormenez beteriko gazte ugari gaude Euskal Herrian». Harreman ona dago zinemagileen artean, gainera: «Ez dago konpetentziarik; oso polita da zure adineko beste batzuk gauza politak egiten ari direla ikustea».

Kameraren bi aldeetan ibilitakoa da Mateo, aktore lanak ere egin izan baititu. Biekin disfrutatzen du, baina zuzendari gisa asko gozatzen duela aitortu du. «Aktore lanetan ibili izan naizenez, badakit zelan tratatua izan nahi dudan; aktorearen eta zuzendariaren arteko harremana hobeto kudeatzen ikasi dut».

Eszeptiko samarra da Internetek eskaintzen dituen aukerekin: «Youtube eta Vimeo bezalako kanalak daude, baina armairu bat bezalakoak dira. Zortea baduzu, norbaitek irekiko du atetxoa eta ikusiko du zure lana; bestela, sarean galduta geratuko da. Niri neuri jendeak nire lana areto batean ikustea gustatzen zait».

Mateo ez da geldi geratzen den horietakoa. Bilboko ekoizpen etxe batean lanean ibili da, eta laster Erresuma Batuko batean ariko da, hiru hilabetez, Erasmus beka bati esker. Eta bederatzigarren film laburra filmatu ostean, buruan al du hamargarren lana grabatzea? «Hamargarrena, hamaikagarrena eta hamabigarrena [barrez]. Neure buruan pil-pilean ditut ideiak, eta ikusiko dugu zer kozinatuko dugun; plater batzuk irtengo dira, beste batzuk agian ez, baina laster hasiko naiz lan berriak grabatzen».

«Zaila da gazteak zineman sartzea»

Ane Urkiola Zinemagilea

Eibartik Donostiarako autobus bidaian idatzi zuen Zea bingo film laburraren lehen zirriborroa Ane Urkiolak (Eibar, Gipuzkoa, 1988). «Komedia beltz bat, surrealista, non ikusten den hotel baten atzeko parte klandestinoa».

Tiraderan gordeta geratu zen proiektua, harik eta Euskal Harriaren ABDak egitasmoak hura grabatzeko aukera eman zion arte. Izaskun Arandia ekoizlearekin harremanetan jarri, eta lana garatzen hasi ziren. Lantalde gazte baten alde egitea erabaki zuten, emakumezkoen presentzia handia izango zuena: «Zinema munduan aurpegi berberak ikusten ditugu beti; endogamia sortzen da. Zaila da gazteak hor sartzea. Hori dela eta, hasten ari den jendeari deitzea erabaki genuen, eta emakumeen presentzia handia bermatzea. Pasatu izan zait filmatze batera joan eta emakume bakarra izatea, edo bi soilik egotea».

Laburbiraren kasuan ere, emakumezko zuzendari bakarra da Urkiola. Presentzia falta horren inguruan galdetuta argi du erantzuna: «Egon bagaude emakumeak, baina gure hezkuntza sistemak ez digu erakutsi lidergoa hartzen emakumeoi, errazago egiten zaigu itzalean geratzea, gizonezko bati laguntzen. Beldurra ematen digu bolantea hartzeak». Hori hala, berri ontzat du Lara Izagirre bezalako zinemagileak atera izana. Erreferenteak sortzeak animatzen zaitu aurrera egitea».

Telebista eta zinema ekoizpenean eskarmentua du, baina lehen aldiz aritu da zuzendari lanetan. «Oso urduri eta bertigo handiarekin» zegoela aitortu arren, «polita» izan zen. «Esperimentua izan da guretzako, ikasteko plaza bat».

Lantaldearen inplikazioa eta film labur parte hartzailea izana du gako nagusitzat. «Ez diezu ezer ere ordaintzen, eta saiatzen zara asko mimatzen taldea, ahalik eta gutxien molestatzen, familia bat sortzen». Aurpegi ezagunak jarri ditu pantailaren aurrean. Haritz Lete musikaria eta Sara Cozar aktorea —«protagonistaren profil perfektua zuen Letek»—, batetik, eta sare sozialetan presentzia aktiboa duten lagunak, bestetik: Maite Goñi, Gorka Julio, Imanol Epelde... «Horrek ukitu surrealistago eman zion filmari».

Bizia izan zen grabaketa, egun bakarrean egin baitzuten. «09:00etatik 03:00etara egon ginen. Londres hotelean grabatu genuenez, egun bakarra genuen filmatzeko». Zenbaiten irudiko, ez da lan nekeza film labur bat grabatzea; horregatik, Urkiolak nabarmendu du «gauza serioa» dela, «ez da gaupasaz grabatutako bideo bat».

Zinemagileen harrobia egon badago, baina «baliabideak indartzea» falta da, haren iritziz. «Garrantzitsua da gazteek aukera bat izatea, bultzada bat jasotzea. Ez bakarrik ekonomikoki, emozionalki ere bai agian». Dirua biltzea zaila izango zela jakinik, finantzaketa kolektibo bat egitea erabaki zuten, eta erantzun bikaina jaso zuten. «Segituan lortu genuen dirua. Ezagutzen dugun jendea ziren batzuk, baina poza eman zigun ezezagun asko zeudela ikustea; jendeak egin nahi du euskal zinemaren aldeko apustua». Hori dela eta, esker oneko hitzak besterik ez du zinemagileak.

Zinemagintzan dabiltzan gazteek aurrerapauso bat eman beharko luketela uste du Urkiolak, indarrak batzeko ahalegina: «Ondo egongo litzateke ikus-entzunezko munduko gazteak plataforma batean elkartzea. Irla asko gabiltza, baina ez gara proiektu sendo batean batu. Ekimena izan beharko genuke». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.