Iñaki Uriarte. Arkitektoa

«Tamalgarria da frontoiak horrenbeste aldatzea»

Euskal Herriko frontoiak hainbat ekitalditarako erabiltzen dira, ez kirolerako soilik. Uriartek uste du aberastasun handia ematen diela askotariko erabilera horrek.

Ainhitze Ruiz.
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Eraberritu egiten dira euskal kultura tradizionalaren parte diren ondare asko. Hala, arkitektoek utzitako jatorrizko lanak guztiz itxuraldatzen dira, eta hasierako lana erabat eraldatu. Horren harira, euskal kulturan pilotalekuak duen garrantziaren inguruan aritu zen ostegunean Iñaki Uriarte arkitektoa, EHUko Bizkaiko campusak antolatutako Kulturbasque egitarauaren barruan. El ágora vasca: la plaza frontón izeneko hitzaldia eskaini zuen (Euskal agora: frontoi plaza), eta, hirigintza, arkitektura eta etnografiaren ikuspuntutik, euskal kulturan frontoiek duten garrantzia aztertu zuen.

Pilotalekuek euskal kulturan duten garrantzia aztertu duzu.

Bai, Euskal Herriko egiturek kulturan duten garrantzia aztertu dut, bereziki frontoi irekiek dutena. Frontoien kasuan, horien erabilera ez dut kirolean soilik aztertu, zentzu antropologikoan baizik. Hau da, jokatzeko eremuaz gain, herritarrak elkartzeko eremu, bilerak egiteko gune, mota guztietako jaiak egiteko leku eta merkatua egiteko gune gisa ere aztertu ditut pilotalekuak. Baita espazio libreko edo erabilera libreko gune gisa ere; bai helduek eta bai haurrek jokorako erabiltzeko espazio libre moduan, alegia.

Zein izan da lan horren helburua?

Euskal Herriko kulturak duen garrantzia azpimarratzea izan da nire helburua. Pilotalekuek tipologia ezberdinak dituzte; batzuek jatorriko erabilera bera dute, hau da, jokatzeko eraiki ziren, eta horretarako erabiltzen dira oraindik ere. Hainbat eliza, ermita edo udaletxeko hormetan ere eraiki izan dituzte frontoiak. Nire ustez, merezi izan du aberastasun hori guztia jendaurrean azaltzea. Gure inguruko ondarea oso aberatsa da, eta ezagutu egin behar da. Horrekin ez dut esan nahi ezezaguna denik, baina bai gutxi balioztatutakoa.

Euskal hirigintza tradizionalean, pilotalekuak ze garrantzi izan du?

Garrantzi handia dauka. Frontoia, izatez, horma bat besterik ez da, eta gauza mordoa mugitzen da horrelako eduki sinplea duen egitura baten inguruan. Frontoi batean, hainbat herritar bil daitezke jarduera ezberdinetarako, eta hori oso garrantzitsua da.

Atzerritar bat etorriko balitz Euskal Herriko kultura ezagutzera, eta hemengo hainbat herri bisitatuko balitu, segituan ohartuko litzateke frontoiak direla Euskal Herriko kulturaren elementu garrantzitsu eta adierazgarrienetako batzuk. Horiek aztertuta, bere ondorioak aterako lituzke.

Kirola egiteko erabiltzeaz gain, zertarako erabiltzen dira Euskal Herriko pilotalekuak?

Espazio publiko moduan hartzen badugu, milaka erabilpen izan ditzake frontoi batek. Esaterako, udan, gauean, ikusi izan dut jendea han eserita, denbora-pasan. Haur txikiak bizikletan ibiltzen dira frontoian, eta beste batzuek margoekin zorua margotzen dute, lurra iluna bada. Herriren batean antzerkia egiteko ere erabiltzen dutela ikusi dut. Festak egiteko ere erabiltzen da, espazio handia delako, eta bertan txosnak, orkestra eta gauza mordoa jar daitekeelako.

Animalien merkatua antolatzeko, nekazaritza azokak egiteko... hamaika gauzatarako erabil daiteke espazio libre hori. Gainera, frontoi askok ez dute esertzeko harmailarik ere, eta horrek aukera ematen du frontoia gauza ezberdinetarako erabiltzeko. Balio aniztasun horrek ere aberastasun handia ematen dio frontoiari.

Euskal Herriko frontoiak, ikuspuntu arkitektonikotik, zertan dira berdin?

Soziologikoki begiratuta, bi pertsonak edo gehiagok lagunartean joka dezaketen gunea da. Horrez gain, herriko pilotalekuek, frontoiaren horma bat kenduta, ez dute enbarazu handirik egiten hirigintzan. Frontisaren neurriak ere proportzio berekoak edo bertsukoak dira frontoi guztietan; guztiak koadrora hurbiltzen dira.

Pilotalekua eraikitzeko erabilitako harri mota ere berbera izan daiteke. Frontoi guztiek izan duten eta oraindik ere baduten sendotasuna ere kontuan izan behar da; izan ere, ongi iraun baitute, denboran gorabeherak izan arren.

Eta zertan ez dira berdin?

Zertan ez diren berdin esan beharrean, esango nuke Euskal Herriko frontoiek tipologia ezberdinak dituztela. Nagusiek ezkerraldean dute horma, eta hori izan da euskal kulturak nazioarteko joko horri egindako ekarpen garrantzitsuena. Ezker paretak XIX. mendeko ukitu hori ematen die frontoiei.

Horrez gain, badaude beste hainbat tipologia ere. Esaterako, frontoia beste eraikin batekin elkartuta egotea. Kasu horietan, eskuin pareta ere izaten dute frontoi batzuek eraikinarekin lotuta. Gainera, iparraldeko hainbat frontoik forma ezberdineko kurbak dituzte, eta arrosa kolorekoak izaten dira asko; horrek ere ezberdintzen ditu gainontzeko pilotalekuetatik. Azken batean, frontoiari ematen zaion erabilera berbera bada ere, ñabardura ezberdinak dituzte.

Herri gehienetan eskema bera da: pilotalekua egoten da, eta haren inguruan eliza, udaletxea eta herriko plaza izaten dira. Horrela izan behar al du?

Leku askotan jarraitzen diote eskema horri. Berezko ohitura izan da pilotalekuaren alboan eliza, udaletxea eta plaza egotea. Hainbat herrik hilerria ere badute frontoiaren alboan, elizaren sinbolo moduan. Horrelakoak bereziki Iparraldean aurki daitezke.

Euskal Herriko beste hainbat herritan, musika kiosko bat ere badaukate frontoiaren alboan, eta, beste batzuetan, baita entretenimendu gisa eraikitako bolatokia ere.

Hainbat pilotalekutan eraberritze lanak egin dituzte; zaharkituta daudenak berriztatu, eta beste hainbat frontoi estali ere egin dituzte. Zer deritzozu horri?

Tamalgarria da frontoiak hainbeste aldatzea. Gainera, 60ko hamarkadako okerrik handiena izan da frontoia estaltzea, hain zuzen ere. Frontisa guztiz desitxuratuta uzten du, eta hainbat urtetan izan dugun ondarea eta kultura galdu egiten da. Leku batzuetan, frontoia aparkaleku modura ere erabiltzen dute, eta hori izugarrizko astakeria da. Kalte handiak eragiten dizkio horrek frontoiari, eta hori mugatu egin beharko litzateke. Frontoia estaltzea oker larria da; dirua gastatzen dute frontoiak estaltzen, eta, gainera, ez da batere ongi geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.