Aiaraldean, txakolin tantek batzen dituzte bi lurralde. Bizkaia eta Araba, bietan barrena hedatzen baita eskualde ardozalea. Hori ezagutarazteko, Aiaraldeko txakolinaren ibilbidea bisitarien gozagarri dago, eskualdearen eskaintzak dastatzeko, ikusteko, usaintzeko…
Txakolina betidanik Euskal Herriarekin lotu izan da, eta orain arte nagusiki kostaldeari lotu zaion ardo berezia da. Hala ere, aspaldiko tradizioa du Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabako Aiara eskualdean.
1989an, Getariako Txakolina jatorri izena jarri zuten martxan; 1994an, Bizkaiko Txakolina jatorri izena; eta, azkenean, 1998an, Lurraldeko Ardoak kategorian aurkeztu zuten Arabako Txakolina, 2001ean jatorri izena eskuratu zuen arte. Hala ere, aurkituriko idatzizko lehen testigantzek erakusten dute dagoeneko IX. mendean txakolin ekoizpena jarduera arrunt eta orokortua zela Aiara haraneko nekazarien artean, bereziki Amurrio, Laudio eta Aiaran.
XIII., XIV. eta XV. mendeetan, txakolin mahastien laborantza Aiara eskualde osoan zehar hedatua zen, oso protekzionistak ziren arau batzuen babespean. Horiek eragotzi egiten zuten kanpoko ardoa sartzea, bertakoa edan bitartean. Oztopoak oztopo, txakolinaren garrak bizirik dirau Aiarako eskualdean.
Aiaraldeko sugar hori itzal ez dadin, Txakolinaren Ibilbidea osatu dute. Xede nagusia bertako txakolina ezagutaraztea da, nahiz eta antolatzaileek horrekin batera eskualdeko beste eskaintza askoren berri ematen duten. Izan ere, ibilbideak beste zenbait ekintza eskaintzen ditu, txakolinaren osagarri gisa. Bisitariari egun-pasa paregabea egiteko gonbita egiten zaio, azken batean. Hala, Aiaraldeko gastronomia eskaintza batzea lortu dute egitasmoan, eta, egunetik egunera, jatetxe, museo eta upategien arteko harremana estuagoa da horri esker. Euskal Herrian zehar duten oihartzuna ere gero eta handiagoa da.
Hasi ibiltzen
Ibilbideak txakolina du oinarri. «Hortaz, ardo berezi horren sekretuak ezagutzeko, aukera aproposa da Aiaraldeko upategi bat bisitatzea. Guztien artean, zazpi upategi aukera ditzake bisitariak. Gure Ahaleginak izenekoa ezagutzea, esaterako, txakolinaren ekoizpenera hurbiltzeko modu ezin erakargarriagoa da. Gure Ahaleginak upategia Urduñan dago, izena ematen dion bertako mahasti zaharrenaz inguratuta. Upategia Ibazurra auzoan dago, eta XIX. mendean, upategien ibilbidea izenarekin zen ezaguna. Klimak zein mendien zorroztazunak ematen dioten berezko izaera duen txakolina ekoizten dute bertan, Bizkaiko Txakolinaren jatorri izenaren barnean. Larrazabal-Durana familiak ekin zion Gure Ahaleginak mahastia landatzeari 1987an. Arkaitz Larrazabal seme gazteenak argitu duenez, duela hiruzpalau urte hasi ziren bisitak egiten, «krisiak hala behartuta». Duela urte batzuk ez zegoen arazorik txakolina saltzeko, eta egun, «bisitak salmenten osagarri baino ez dira».
«Aitonak txakolina egiten zuen baserrian», dio Larrazabalek, eta familiaren ohitura horri eustea da bere asmoa gaur-gaurkoz. Enologia ikasi zuen, eta txakolina bere «bizitza» dela dio. Onartu du orain dakien «ia guztia» aitarengandik ikasi duela, eta espero du bien artean Gure Ahaleginak upategia aurrera eramatea.
Upategia bisitatu ostean, zer hoberik Aiaraldeko jatetxe batean bazkaltzea baino. Ez nolanahiko bazkaria, gainera. Txakolinaren ibilbidearen parte diren jatetxe guztien eskaintza berezia da Txakolin Menua. Jatetxe bakoitzak, nork bere espezialitateetan oinarrituta, menu berezi bat du bezeroen gozagarri. Horren adibide da Amurrioko bihotzean dagoen Arenalde Maitea jatetxea. Baserritarrez jantzitako zerbitzariek xarma berezia ematen diote giroari. Horrela, «euskal tradizioari eutsiz, nortasun handiko jakiak» prestatzen dituztela dio Mikel Bazterra jatetxeko kudeatzaileak. Bertako Txakolin Menuaren izarretako bat postrea da; txakolin moussea txokolatezko hostopilan.
Menuen aldaera guztiek salneurri bera dute, baina Bazterraren iritziz, «40 euro asko da, eta gaur egun jendea ez dago horrenbeste ordaintzeko prest». Horregatik, bezeroen poltsikoetara moldatu beharra sentitu dute Txakolin Menua eskaintzen duten zazpi jatetxeek. Beraz, laster menuaren salneurria jaitsiko dutela iragarri du Arenalde Maiteako langileak. Neurri horrekin, espero dute menuak arrakasta izatea, orain arte «gutxik» dastatu baitute.
Bazkalosteko plana
Kafea hartu eta gero, Txakolinaren Ibilbidearekin jarraitzeko aukera ezin hobea da Likorearen Museorako bisita gidatua. Jatetxetik gertu, herriaren erdigunean dago. Arabako enpresa zaharrenetakoa da Manuel Atxa destilazio fabrika. 1831. urtean sortu zuten, eta ordutik, erabilitako tresna guztiak gorde dituzte Likorearen Museoan ikusgai jartzeko.
Manuel Atxa (Laudio, 1844-1925) izan zen enpresaren sortzailea. Bost belaunaldik hartu dute hark utzitako lekukoa, eta horregatik, destilazio fabrikak martxan segitzen du. Bistakoa da pattar eta likoreen destilazioaren ekoizpen lanetan tradizioari eusten diotela. Museoaren goialdeko solairuan dago 1831tik bizirik dirauen fabrikatxoa, eta denetarik egiten dute bertan: Acha pattarra, askotariko Karpy likoreak, mota askotako vodka eta ginebrak…
Iñigo Barañano Atxaren heren-ilobak kudeatzen du museoa. Likoreak ekoizteko prozesuan erabilitako pieza eta tresna zaharrak, argazki, botila eta sorreratik gordetako dokumentuak ikusgai daude hainbat erakusgelatan. Enpresaren sorreratik gordetako tresna eta ikur anitz biltzen ditu museoak. Denboran atzera egiten du bisitariak, museoan aurrera egin ahala. Sartzen denari aspaldiko destilazio fabrikak zuen xarma sentiarazten dio museoak.
Egun-pasa paregabea eskura dago, beraz. Bisitaria txakolin sentipenez bustitzeko aukera dago Aiaraldean.
Ezarian
Tantaz tanta eraikitako bidea
Aiaraldeko txakolinaren ibilbidea txakolindegiz, jatetxez, museoz eta abarrez osaturik dago. Txakolinaren inguruan eskaintza oso bat sortzeko batu dira, eta ateak zabalik daude jadanik bisitarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu