Madalena egunean, Bermeon (Bizkaia) teila bat botatzen dute uretara, Izaro uhartea bermeotarrena dela gogorarazteko. Ez da kasualitatea teila aukeratu izana zeregin horretarako: euskal tradizioan, teilapeak zedarritzen du etxearen eremua. «Teilape berekoak dira horiek», esaten dute Bizkaian, pertsona batzuk senideak direla adierazteko. Jabetzaren ikur da teila, eta, aldi berean, babesaren sinbolo. Garai batean, teilagintza oso jarduera ohikoa zen Euskal Herrian, eta ia herri guztietan zegoen teileria bat. Industrializazioak akabera eman zion horri, baina hor gelditu dira Telleria, Telletxea eta antzeko izenak dituzten baserri, auzo, kale eta enparauak, iraganaren oroigarri.
Beste hainbat tokitan bezala, Elorrioko San Agustin auzoan (Bizkaia) bazegoen teileria bat, Elizaren jabetzakoa eta XVIII. mendearen hasieran eraikia, baina, denboraren poderioz, oso hondatuta, erdi ahaztuta eta egoera negargarrian zegoen. Teilatua ere behera erori zen: teilaturik gabeko teileria, horra hor paradoxa mingotsa. 2017an eraikina birgaitzeko proiektu bati ekin zioten, eta iaztik hor dago Solatsu teileria, museoa eta interpretazio zentroa ere badena, bisitariei teilaren misterioak azaltzeko gertu.

«Teilaginek oso bizimodu gogorra zuten, eta uste dut merezi duela haien historia gogoratzea»
ANE ARRIAGA Solatsu teileriako arduraduna
Bere komunitatea zaindu, trinkotu eta aisialdia euskaraz emateko aukerak eskaintzeko xedez, BERRIAk hainbat esperientzia jartzen ditu BERRIAlagunen eskura, eta Solatsu teileria bisitatzea da horietako bat. Dozena bat lagun bertaratu dira, BERRIAk gonbidatuta. Inguruko herrietatik iritsi dira gehienak —Elorrio, Durango, Arrasate eta Galdakao—, baina Lakarriko BERRIAlagun bat ere badago bisitarien artean (Zuberoa).
Lanbide latza
Kontu jakingarri asko aletu ditu Solatsu teileriako arduradun Ane Arriagak bisita gidatuan: buztina atera eta lehortzeko prozesua, teilak eta adreiluak egiteko tresneria, labearen egitekoa, teilei lotutako ohiturak, sinbologia eta abar. Horretan aritzen ziren beharginez ere berba egin du Arriagak: «Teilaginek oso bizimodu gogorra zuten, eta uste dut merezi duela haien historia gogoratzea». Antzinako euskaldunentzat, lanbide desohoragarri eta duintasun gutxikoa zen teilaginena, eta inork ez zuen horretan aritu nahi; horregatik, teilagin gehienak tamargoak ziren, hots, Llanes ingurutik (Asturias, Espainia) etortzen ziren langile oso pobreak, etxerik ere ez zutenak eta leku batetik bestera ibiltzen zirenak.

Langile horiek hizkera berezia zuten, xiriga izenekoa, asturiera oinarri zuena baina beste hizkuntza batzuetatik ere edaten zuena. Euskal Herrian egindako egonaldien ondorioz, euskarak lorratz sakona utzi zuen hizkera hartan: kalkulatzen da xirigaren berben %20 euskaratik datozela, batetik bosterako zenbakiak, esaterako. Geroago, euskaldunak ere hasi ziren lanbide horretan, eta teilagintza familia jarduera bilakatu zen.
Bisitaldia amaitzeko, nork bere teilatxoa egiteko aukera izan dute BERRIAlagunek, eta, hortaz, oroigarri polita eraman dute etxera, Solatsun bizi izandako esperientziarekin batera.