Cannesko zinemaldian (Okzitania) estreinatu zuten Roman Polanskiren azken filma, D'après une histoire vraie, lehiaketatik kanpo eta zinemaldiari amaiera emanez. Aspaldiko ezaguna da zuzendaria Cannesen; han estreinatu ditu bere filmetako asko, eta 2002an Urrezko Palma gutiziatua irabazi zuen, The Pianist filmarengatik.
Aspaldi honetan Frantzian bizi da zuzendaria, eta, han beste hainbat pelikula egin baditu ere, honako hau da frantsesez filmatu duen bigarrena. Aurrekoa orain dela lau urte izan zen, Mathieu Amalric eta Emmanuelle Seignerekin egindako La Vénus a la fourrure, hain zuzen. Komedia beltz horrek harrera ona izan zuen Frantzian, eta zuzendari onenaren Zesar saria irabazi zuen.
D'après une histoire vraie-rekin, Polanski oso ongi ezagutzen duen genero batera itzuli da, thriller psikologikora. Izan ere, ospea eman zioten lehenengo lan gehienak genero horren barruan zeuden. Hastapeneko film horietan gizabanakoen alderdi iluna erakusteko grina zuen zinemagileak, eta Alfred Hitchcockekiko zuen miresmema oso nabarmena zen. Horien artean daude Catherine Deneuverekin egin zuen 1965eko Repulsion eta 1966ko Cul-de-sac.
Beste behin ere, D'après une histoire vraie-n zuzendariak berea ez den material baten gainean egin du lan. Kasu honetan, Delphine de Vigan idazlearen izen bereko eleberria da pelikularen oinarria. Liburua 2015. urtean argitaratu zen, eta arrakasta handia ezagutu zuen Frantzian. Besteak beste, Renaudot eta ikasleen Goncourt sariak eskuratu zituen.
Liburu mardula da De Viganena; hortaz, ezinbestean, pantailarako egokitzapena egin ahal izateko aurrez beharrezkoa zen lan handia egitea. Polanski ere ez da zeregin horretaz arduratu, eta beste zinema zuzendari bati utzi dio lan hori. Olivier Assayas zinemagilea —L'heure d'été, Carlos, Personal Shopper— arduratu da De Viganen eleberriaren moldaketa zinematografikoa egiteaz.
Filmean ere protagonistak Delphine du izena. Arrakasta handiko liburu bat argitaratu berri du, amari eskainia dagoena, eta bertan hainbat kontu intimo kontatzen ditu. Liburuaren oihartzunak dezente desorekatuko du idazlea, eta, era berean, hainbat gutun anonimo hasiko da jasotzen, familiaren ezkutuko istorioak kontatu izana leporatzen diotenak.
Egoera horretan, Delphinek hurrengo liburuari ekin nahi dio, baina ezin du. Halako batean, Elle izeneko emakume gazte eta misteriotsu bat ezagutuko du. Ellek oso ongi ulertuko du idazlearen egoera, eta babesa bilatuko du harengan.
Laster, baina, bien arteko harremana ilunago bihurtzen hasiko da, eta Delphin lagun berriarenganako zalantzak izaten hasiko da, ez baitu argi ikusiko bera laguntzeko dagoen ala ezkutuko zerbait bilatzen ari ote den.
'D'APRèS UNE HISTOIRE VRAIE'
Zuzendaria. Roman Polanski.
Aktoreak. Emmanuelle Seigner, Eva Green, Vincent Perez, Damien Bonnard.
Herrialdea. Frantzia.
Urtea. 2017.
Iraupena. 110 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Thriller psikologikoarekin, hastapenetara buelta
'D'après une histoire vraie' da Roman Polanski zuzendari beteranoaren azken filma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu