BIHAR BERRIAN

Tik tok, nerabeen telefonoetan ate joka

Txinako aplikazioa da Tik Tok, nerabeen artean asko zabaldu dena; kantua eta dantza dira aplikazioaren oinarri. Aplikazio horren berri emango du bihar BERRIAk, 'Bizigiro' atalean, adituekin eta erabiltzaileekin hitz eginda.

Twin Melody bikotea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Berria
2019ko urriaren 11
12:04
Entzun

Indartsu sartu da Tik tok aplikazioa nerabeen telefonoetara. Ikus-entzunezko laburrak dira sare sozialaren ardatza, eta, ardatza izatearekin batera, arrakastaren oinarria: dantza eta kantuak zabaltzen dituzte gazteek. Txinan sortu arren, mugak gainditu, eta nazioartean azkar zabaldu da, eta, herrialde askotan, deskarga gehien izan zituen aplikazioa izan zen 2018. urtean. Aitana Etxeberria eta Paula Etxeberria ordiziarrek osatzen duten Twin Melody bikoteak 9,3 milioi jarraitzaile ditu Tik Tok sare sozialean; haiekin ere hitz egin du BERRIAk, bihar Bizigiro atalean publikatuko den erreportajerako.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak martxan jarri duen proiektuaren berri ere emango du Bizigiro-k. Etxaldeen hustea geldiarazteko lanean ari da Laborantza Ganbera, eta, horretarako, diru bilketa kanpaina bat abiatu du.

Gastronomia atalean, Gasteizko Museo del Organo jatetxe begetarianoaren berri emango du; bazkide berrien gidaritzapean ireki berri dute. Sasoiko eta bertako produktu ekologikoen aldeko apustua egin dute.

Zinemari dagokionez, datorren astean zinema aretoetara iritsiko den Portrait de la jeune fille en feu filmaz hitz egingo du Gontzal Agotek. Cannesko Zinemaldian kritikak oso harrera ona egin zion XVIII. mendean girotutako dramari.

Mikel Yarza Artolak, berriz, Netflixek gaur estreinatu duen El Camino: A Breaking Bad Movie-ren kritika egingo du.

Asteburuari begirako planak ere argitaratuko ditu Bizigiro-k: igandean, Xalbador Eguna ospatuko dute Urepelen (Nafarroa Beherea); Irungo Ficoban (Gipuzkoa), Harri-Orri-Ar eskulanen azoka izango da asteburuan; Bilbon, Jokotenia euskal bideo jokoen jardunaldia egingo dute bihar; Zornotzan, Mangamore jaialdia egingo dute asteburuan, Japoniako kultura eta manga ardatz hartuta; eta Leintz Gatzagan (Gipuzkoa), bestalde, Gatzaren Eguna egingo dute igandean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.