Ez du tisanarik eskatu Ainitze Salak (Lazkao, Gipuzkoa, 1981). «Oso kafezalea naiz», esan du. Kazetariak hartu du azkenean argazkirako zerbitzariak ateratakoa: rooibosarekin egindako pitxerkada bat. «Jakin izan banu, ekarriko nituen sendabelar batzuk», esan du adituak.
Beraz, badago beste mundu bat rooibos eta basafruitu tisanez harago?
Bai, noski, eta, gainera, gure mundua da. Zeren rooibos eta basafruitu tisana horiek kanpoko izaera dute, eta gurean baditugu sendabelar pila bat ikusi ere egiten ez ditugunak, baina hor daudenak.
Eta zein da zuk proposatzen duzun mundu hori?
Niretzat funtsezkoa da berriro naturara gerturatzea. Ikusten ez duguna ez da existitzen. Askorentzat, belarrak dira denak. Baina bakoitzak bere izena dauka, bere izaera, eta zerbaitetarako balio dute.
Zer irakatsiko duzu Alkizako tailer horretan?
Tisanak egiten ikasiko dugu. «Naturatik katilura, eta katilutik ongizatera», gustuko dut esaldia. Eta horixe da helburua: naturan dugun hori ikusten ikastea.
Zeren tisana guztiak ez dira berdinak...
Ez, noski. Tisana guztiak belar urak dira, baina halakoak egiteko modu asko daude.
Eta bakoitzak funtzio ezberdina dauka?
Bai. Hor dago fitoterapiaren oinarria: sendabelarrei buruzko jakintza. Tradizioz jasotakoa izan liteke, edo lan zientifikoen ondorioa.
Spinning saio baten ostean, zein tisana da gomendagarria?
Hartzen ari zaren hori, rooibosarena, oso egokia da. Baina muskulatura indartu nahi baduzu, erromero tisana bat ere ederki legoke.

Gizarte eta Enpresa Ikasketetan ikasi zenuen hori guztia?
Ez, hortik urrutituz joan nintzen. Bideak berriro naturara, baserrira eta lurrera gerturatu nau.
Zer da fitoterapia?
Landareen terapia edo sendabelarren zientzia ere dei diezaiokegu. Azkenean, gizakia existitzen denetik existitzen da gaixotasuna ere, eta hitzak berak dio: fito —landarea, alegia— eta terapia, gaixotasun hori sendatzeko erabiliko genukeen modua.
Eta non ikasten da?
Nik Bartzelonako Unibertsitatean ikasi nuen fitoterapia.
Baina medikuak zarete? Edo petrikiloak? Edo sorginak?
[Barrez] Ez gara medikuak. Horretarako ikasketa oso luzeak egin behar dira. Guk sendabelarrei buruzko jakintza daukagu, eta jakintza zientifikoarekin uztartzen da hori: sendabelarren printzipio aktiboak kontrolatzen ditugu, eta badakigu bakoitzak zertan lagun diezagukeen. Odol analisi batzuk interpretatu ditzakegu, eta ikusi zer behar dauden, zertan hobetu daitekeen. Baina mediku izateko beste ikasketa batzuk egin behar dira.
Alegia, sendabelarrak baserritarren eta hippyen kontua dira.
Bai, hori da, ez dute ezertarako balio [barrez]. Alderantzizkoa esango nuke: jakintsuen gai bat da sendabelarrena. Gurean, tradizioz, pisu handia izan duena. Lehen, sendabelarren bidez sendatzen ginen, eta animaliak ere halaxe sendatzen genituen. Nabarmendu nahi nuke oraindik zenbat jakintza eta zenbat jakintsu dagoen baserrietan, isil-isilik, lotsatuta, ez diotelako batere baliorik ematen dakiten guztiari.
Arriskuan dago jakintza hori?
Bai, baina geroz eta jende gehiago jabetzen ari da jakintza horren balioaz. Gaur egun, medikuntza eta sendabelarrak uztartu ditzakegu. Konturatu gara osotasun batean gaudela ongi: kirola egiten dugunean, lo ongi egiten dugunean, harreman onak ditugunean, ongi elikatzen garenean... eta sendabelarrek lagundu egin dezakete horretan. Dena osotasun batean tratatuta, emaitza hobea da.
Jende gazteak badaki sendabelarren mundua existitzen dela?
Geroz eta gehiagok. Harritu egingo zinateke. Formakuntzak-eta ematen ditudanean, helburua beti izaten da sendabelarren mundua ezagutzeko gogoa piztea. Eta ez dakizu zenbat neska eta mutil gazte etortzen diren.
Tisanei buruz, hilekoari buruz... tailer asko ematen dituzu.
Neuk planifikatzen ditut. Adibidez, udazkenean eta neguan, geure immunitate sistema ahulago dagoenean, defentsak jaisten zaizkigunean, hori indartzen lagundu dezaketen sendabelarrei buruzko ikastaroak ematen ditut. Azken batean, pertsona bakoitza ezberdina da. Horretan, autoezagutza da gakoa.
Adibidez?
Asuna tisana moduan kontsumitzea ona izan daiteke odola garbitzeko, baina baliteke tentsio baxua daukan bati kalte egitea. Jakin behar dugu zertan gabiltzan, eta zer egiten dugun.
Zer dira oleatoak eta oxymelak edo ozpin-eztiak?
Sendabelarrekin tisanak egin ditzakegu, baina oleatoak eta oxymelak ere bai. Oleatoak oliotan mazeratutako sendabelarrak dira. Olio hori printzipio aktibo batzuekin aberasten dugu. Oxymelak oso aspalditik datozen jarabeak dira: ozpinez mazeratuak egon daitezke, estraktuak izan daitezke... Gauza pila bat egin ditzakegu etxean.
Zer da Onik proiektua?
Lazkaoko Beiztinberri baserrian sortzen ari garen proiektu bat da. Bizitza proiektu bat dago atzean. Helburua da jendea naturara gerturatzea, pertsonen ongizatea eta osasuna oinarri gisa hartuz.
LOTSABAKO
Sendabelarrik osoena?
Intsusa. Zuhaixka bat da. Baserrietako sarreran landatzen zen lehen, eta denerako balio du.Gozoena?
Hibiskoa. Freskoa eta gozoa da. Kolore gorrixka dauka.Garratzena?
Txikoria garratza da, baina garratzena berbena dela esango nuke.Politena?
Oroilorea edo ahanztura lorea. Udaberrian lehertzen da. Baserri inguruan ikusi dut oraintxe. Basoko lore polit bat da.