Abuztu oro, Donostia galaz janzten da, eta turistek hiria hartzen dute. Guztiek itsu-itsu jarraitzen diote Aste Nagusiko ohiturari; lehenik, izozkia, eta, ondoren, su artifizialak, edo alderantziz. Baina aurten, urte osoan hiri justu, solidario eta biziagoa izan dadin arraunean ari direnak izanen dira protagonista besten hasieran. Izan ere, Donostiak bertakoak txalotzea erabaki du: Amara Berri auzo elkarteko eta Gipuzkoako Elikagai Bankuko kideek botako dute kanoikada, 19:00etan, eta Donostiako Piraten suziria, berriz, Pentsiodunen Mugimenduak, 19:30ean.Â
Hain zuzen, Maria Serrano (Donostia, 1950) Donostiako Pentsiodunen Mugimenduko kideak ordezkatuko du aurten Matti: «Donostiako pentsiodunak lehen lerroan egongo gara, baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkari gisa botako dut txupinazoa». Â
«Donostiako pentsiodunak lehen lerroan egongo gara, baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkari gisa botako dut txupinazoa»
MARIA SERRANOÂ Donostiako Pentsiodunen Mugimenduko kidea
Karlos Etxeberria ere (Amezketa, Gipuzkoa, 1957) mugimenduko partaide da, eta piraten aitortza «pozarren» hartu dutela azaldu du, agenda politikoan egotea «garrantzitsua» baita mugimenduarentzat. Izan ere, 145.000 sinadura bildu ondoren, herri ekimen legegile bat aurkeztu dute parlamentuan, eta legebiltzarrean eztabaidara eramatea onartzeko zain gaude. Eusko Jaurlaritzari eskaera garbia egin diote: pentsioak osatzea, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Â
Etxeberriaren hitzetan, «mugimendu eredugarri eta konprometitua» direla uste dutelako egin nahi izan diete aitortza piratek. Pentsiodunek, berriz, mugimenduarekin edukitako sentsibilitatea eskertu diete piratei. «Gazteei leporatzen zaie beste alde batera begiratzen dutela, baina guk gazteengan sinesten dugu, eta bidegabekerien aurrean axolagabe ez diren pertsonekiko erresonantzia emozionala oso indartsua da», adierazi du Serranok.  Â
Bertzalde, Serranok arratsaldean Flamenka gunean ozen aldarrikatuko du eskubideen aldeko borrokak «merezi» duela, eta «adineko jende askoren bizitzari zentzua» ematen diola gizarte mugimenduen barruan eskubideak defendatzeak. Hala, borroka horretan zenbait gauza lortu dituztela gogorarazi du, hala nola pentsioak KPIaren arabera igotzea. Â
Piraten egitarauaren egun gehiagotan ere ibiliko dira pentsiodunak; abordatzean, kalejira transfeministan, piraten egunean eta herri bazkarian, bertzeak bertze. Serranok aitortu du ez duela uretarat salto eginen, baina pentsiodunen babesa edukiko du kaian: «Mugimendua oso transbertsala eta parte hartzailea da, eta gogotsu gaude ekitaldietan parte hartzeko».
«Ohorea da guretzat. Urteak daramatzagu udalarekin hizketan Aste Nagusia erdigunean ez ezik auzoetan ere ospatzeko»
NEREA ALBISUÂ Amara Berri auzo elkarteko kidea
Amara Berri auzo elkarteko kide Nerea Albisuk ere (Donostia, 1966) «auzoko ekintza guztietan» parte hartzen du, eta «izugarrizko ilusioarekin» hartu du omenaldiaren berria: «Ohorea da guretzat. Urteak daramatzagu udalarekin hizketan Aste Nagusia erdigunean ez ezik auzoetan ere ospatzeko».Â
Urtez urte, auzora gero eta ekintza gehiago ekartzea lortu dute: «Urte batean puzgarri bat ekarri ziguten, eta hurrengoan, buruhandiak eta erraldoiak. Gaur egun, ekintza dezente egiten ditugu Amara Berrin».
Hala ere, dena ez da ospakizuna. «Gaurkoa festarako eguna da, eta alkatearekin eta zinegotziekin egongo gara, baina bihar lehena izango naiz udaletxearen aurrean pankartaren atzean jarriko dena gauzak eskatzen».Â
Auzo elkarteetako kideek ongi dakite bertako bizilagunek zer behar dituzten, eta urte osoan lanean buru-belarri dabiltzala azaldu du Albisuk: «Kide bakoitzak ardura bat hartzen du bere gain; batzuk Malitik etorritako errefuxiatuekin dabiltza lanean, eta beste zenbait topoaren estaldura lortzeko lanean aritu dira. Gazteekin ere elkarlanean ari gara, auzoan gera daitezen nahi baitugu, eta baita adineko jendearekin ere; zaintza proiektu batean murgilduta gaude».
Aldarrikapen anitz dituzte, baina Albisuk aditzerat eman du udalak gero eta kasu gehiago egiten diela auzo elkarteei. Amara Berri auzoari dagokionez, omenaldiaren berriak harrera ona izan duela erran du Albisuk: «Aukera eman digu auzokoek elkartea ezagutzeko. Jende askok zoriondu gaitu, eta Artillero ondo kantatzeko eskatu».
«Guretzat aukera da jendeak elikagai bankua beste modu batera ezagutzeko, prentsan laguntza eske ateratzen baikara normalean»
LUIS MANUEL GOLDARAZENAÂ Gipuzkoako Elikagai Bankuko kidea
Gipuzkoako Elikagai Bankuaren errealitatea, berriz, bertzelakoa dela iritzi du Luis Manuel Goldarazena boluntarioak (Pasai Antxo, Gipuzkoa, 1948): «Nahiz eta Gipuzkoa osorako lan egin, gu ez gaude kalean, biltegiko lau pareten artean baizik. Beraz, guretzat aukera da jendeak elikagai bankua beste modu batera ezagutzeko, prentsan laguntza eske ateratzen baikara normalean».
Berrehun boluntario dabiltza bankuan lanean, eta urtero bi bilketa nagusi egiten dituzte, bata azaroan, eta bertzea udaberrian. Egindako lanagatik, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso dute aurten, baina Goldarazenak adierazi du eskertuta egon arren ez dela nahikoa, laguntzak jasotzeko borrokatzen segitzen baitute: «Udal guztietara joaten gara ate joka, eta Donostia da ekonomikoki gaizkien portatzen dena, alde handiz». Â
Identifikaziorik ez
Donostiako jai ereduari buruz galdetzean, lau elkarrizketatuek aho batez erantzun dute ez direla identifikatuak sentitzen. «Gutxik sentitzen dute Aste Nagusia bere. San Sebastian eguna eta santomasak, aldiz, desberdin sentitzen ditugu. Su eta izozkien jai hau ez da herritik sortu: elitista izan da», erran du Etxeberriak.
«Kontserbadorea eta instituzionalizatua» dela gehitu du Serranok. «Gasteizen blusak atera ziren; Bilbon, berriz, konpartsak; eta Iruñean peñak daude. Donostia atzetik joan da beti, eta eskerrak piratei», hausnartu du Serranok. Â
Albisuk ere nahiago ditu piraten festak, «herrikoiagoak eta parte hartzaileagoak» direlako. Etxeberriak piraten «zentzu kritikoa» nabarmendu du: «Festa aldarrikapenekin uztartzen dute, bertsolariek bezala».
«Herri mugimenduetatik sortutakoa beti da ona; askoz okerragoa da jendeak paso egitea»
KARLOS ETXEBERRIAÂ Donostiako Pentsiodunen Mugimenduko kidea
Bat dator Goldarazena ere: «Festa herrikoia izaten denean, kritikarako tartea egoten da, eta agintariei ez zaie gustatzen hori». «Instituzioak ez dira fio herritik sortutako mugimenduez, ez dutelako beraiek kontrolatzen. Alabaina, herri mugimenduetatik sortutakoa beti da ona; askoz okerragoa da jendeak paso egitea», erantsi du Etxeberriak.
Hala ere, Albisu baikorra da, eta udalarekin harremanak estutzeko prest dago: «Oreka puskatzeko ikara kendu behar dute, eta, behin konplexuak kenduta, aurrera egingo dugu».Â