Atzekoz aurrera

Tomatea: antsietatea eta loteria

Furgobaratzako kideak hasi dira ortuko gomendioen jorran. Tailer bat eman dute Tolosan, tomate landare osasuntsuak nola hazi behar diren esplikatuz: presarik gabe eta ongi zainduz.

Aitziber Otegi Furgobaratzako kidea, eskuetan tomate landare bat duela, Tolosako hitzaldian bildutakoei azalpenak ematen. JON URBE / FOKU
Aitziber Otegi Furgobaratzako kidea, eskuetan tomate landare bat duela, Tolosako hitzaldian bildutakoei azalpenak ematen. JON URBE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Tolosa
2026ko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sufritu egiten du tomateak bustiarekin. Erdizka bizi da hezetasunarekin. Ez du ongi pasatzen. «Ez da hemengoa. Ospitale batean balego bezala dago gurean, eta horregatik zaindu behar da ongi, eta denbora eskaini. Batzuetan irteten da, beste batzuetan ez. Asumitu behar duzue: loteria bat bezalakoa da tomatea. Eta saria zapore eder hori da». Aitziber Otegi Furgobaratzako kideak ahobizarrik gabe esplikatu die zer den Gipuzkoan tomateak landatzea Tolosan eman duen tailerrera agertu diren berrogei bat laguni. Eta esan die ez izateko presarik: «Lehengo baserritarrek zerbaitegatik esaten zuten: sanisidroak arte, ez sartu presarik tomateari». Zer gertatzen da? «Klima aldatzen ari dela, eta antsietateak jotzen gaituela. Eguzkitan gaude hemen, baina txaketa jantzita zaudete denok. Hotza egiten du oraindik. Beraz, bakoitzak erabaki dezala zenbat arriskatu nahi duen».

Iurramendi gainean dago Tolosako baratze parkea, izen bereko erresidentziaren aurrealdean. Tipulak, patatak eta urazak ikusten dira sail batzuetan. Lurra jorratuta dago beste batzuetan. Belar txarrak ageri dira gehienetan. Kanaberak hesolak egiteko. Marrubiak bazter batean. Lastoa, sokak eta eskularruak. Etxola bat armairuekin. Katiuskak. Sagarrondoak loretan. Erresidentzian aitona-amonak eguzkiaren epeletan. Furgobaratza iritsi da.

«Batzuetan irteten da, beste batzuetan ez. Asumitu behar duzue: loteria bat bezalakoa da hemen tomatea haztea. Eta saria zapore eder hori da»

AITZIBER OTEGIFurgobaratzako kidea

Kutxa Ekogunearen ekimenez sortutako proiektua da Furgobaratza. Gipuzkoako herrietan ibiltzen da aldiko, baratze parkeen sarean, aholkuak ematen eta baratzean aritu nahi dutenen dudak argitzen. Aitziber Otegi Kimu Bat enpresako kidea da, eta urteak daramatza jardun horretan. Tomate landare bat dauka eskuetan hartuta. «Ikusten dituzue iletxo horiek? Bada, sustrai bihurtuko dira gero. Beraz, sartu landarea ongi barrura». Apunteak hartzen ari dira asko. Hezetasuna da tomatearen etsaia, eta hezetasuna gutxitzea da aholku guztien helburua. «Zenbat eta landare handiagoa, orduan eta hezetasun handiagoa; beraz, zaindu distantzia». 50-60 zentimetro landareen artean. 80-100 ilaren artean. «Jarri urazak tarte horietan, tomateak denbora behar du, eta urazak aterako zaizkizue bitartean».

Adar zupatzaileak kendu

Tomate landarearen hostoen eta zurtoinaren artean irteten dira adar zupatzaileak. Denak hazten uzten badira, landarea handiegi egiten da, eta hezetasuna erakarri. Kendu egin behar dira. «Zenbat aldiz?», galdetu du baratzezain hasiberri batek. «Astero-astero errepasatu behar da landarea, eta hasieratik kendu. Bestela, kaosa da hori», azaldu du Otegik. Zupatzaile txikiak, eskuz; handiak, artaziz. «Egin kontu landareari zauriak egiten ari garela».

Hezetasunaren kontrako borroka etenik gabea baita tomatea haztea. Eta Otegik garbi esan die bertaratu direnei ia ezinezkoa dela mildiu onddoa ez ateratzea: tomatearen gorrina. «Zupatzaileak landarea lehor dagoenean kendu. Ez ukitu landarerik bustita dagoenean. Bestela, onddoa errazago hedatuko da». Eta galdetu dute: «Asko ureztatu behar da?». Eta erantzun du Otegik: «Ez. Zenbat baserritar ikusten dituzue hemen ureztagailua hartuta? Tomateak guk uste baino askoz ere gaitasun handiagoa du ura bilatzeko».

Landarea indartzeko gomendioak eman ditu Otegik: azeri buztana uretan egosi eta horrekin landarea lainoztatu. «Landare horrek silizea dauka, eta tomatea babestu egiten du». Eta onddoari aurre egiteko onena zer den ere esan die: kobrea. «Hauts urdin hori. Eta egokiena da urarekin nahastea eta landarea horrekin lainoztatzea. Hartu denbora. Eguzkitarako krema ematen duzuenean bezala, eman denean: zurtoinean, hostoen azpian...». Eta galdetu du jendeak: «Hasieratik bota behar zaio ongarria?». Eta erantzun du Otegik: «Ekain erdialdera, bota simaur apur bat, eta tontortu lurra. Batzuek asun hostoekin landatzen dute, baina nik ez dut probatu». Eta baratzezain aditu batek erantzun du: «Nik bai, eta funtzionatu zuen. Izugarrizko aleak jaso nituen».

Amaitu da saioa, eta tomate landareak banatu ditu Otegik jendartean: Irati, Aretxabaleta eta Pikoluze motakoak. Uxue Perurena Marian San Sebastian amarekin joan da. «Ez dugu orain arte afiziorik izan, baina sail bat hartu dugu hemen, eta ilusioz gaude. Saiatuko gara, ea zer irteten den», esan du Perurenak. «Aita baserritarra zen, eta harritu naiz tomateak horren ur gutxi behar duela esan duenean. Hark asko botatzen zion», azaldu du San Sebastianek. Maiatzean bueltatuko da Furgobaratza Tolosara. «Teoria oso ongi dakigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA