Euskaltzaindiko Onomastika Batzordearen burua

Roberto Gonzalez de Viñaspre: «Toponimia normalizatu eta normatibizatu egin behar da, ahoz asko desitxuratzen baita»

Etxetik euskalduna ez izan arren, bizitza osoa igaro du euskararen inguruan eta euskararen alde lanean. 2015ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, 2017an onomastikako batzordeburu, eta 2018an euskaltzain oso.

Roberto Gonzalez de Viñaspre, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzan, asteazkenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Roberto Gonzalez de Viñaspre, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzan, asteazkenean. RAUL BOGAJO / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1808an, Madrilgo porrotaren ostean, Napoleonek ihes egin zuen. Eta, ihesean zihoala, Gasteizera heldu zen. Lau gauez ostatu hartu zuen hiriko jauregi ederrenetariko batean: Etxezarra jauregian. Hala dio, zurezko teilatu ederraren azpian, harrizko horman dagoen epigrafeak. Bada, duela lau urtetik hona hiriko jauregi ikusgarri horretan dago Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritza. Bertan dihardu Roberto Gonzalez de Viñasprek (Bilbo, 1961), gaztetan toponimiak liluratuta euskara ikastera animatu zen adituak. 2017tik Euskaltzaindiaren onomastikako batzordeburua da, eta 2018tik euskaltzain osoa. Gaur egun, Lazarragaren eskuizkribuaren pasarte bat eta euskararen historian garrantzitsuak izan diren zenbait liburu alboan dituela igarotzen du eguna.

Bilbon jaioa zara, Arabako deitura duzu, eta Trebiñuko gaietan aditua zara. Nola uler daiteke konbinazio hori?

Sortzez bilbotarra naiz, bai. Ama hangoa zen, eta nire aita, hara joandakoa; baina, izatez, arabarra zen. Haren familia Lagrangoa eta Ekorakoa zen. Bizitzaren hasiera Bilbon igaro nuen, ikasketak bertan egin nituen. Baina, 25 urte nituela, bira geografiko bat ematea erabaki nuen. Familia guztia asko maite nuen, baina aitaren alderdiko arabartasunak pisu handia zuen nigan, eta hona etorri nintzen.

Aipatu dituzun lekuen testuinguru soziolinguistikoa ezagututa, etxean jaso zenuen euskara?

Bada, ez. Nire familian egon zen azken euskalduna nire amaren aitona izan zen. Elgoibartik Karrantza aldera joan zen, baina nire amak ez zuen ezagutu ere egin. Egia da garai konplexua zela; nik 14 urte nituela hil zen Franco, eta Bilbo zeharo erdalduna zen.

Nola piztu zitzaizun euskararekiko interesa?

Bilbon ez nuen euskararik jaso, eta, aipatu bezala, aitaren alderditik zetorkidan arabartasunak indar handia zuen nigan. Bada, euskara da horren arrazoia.

Nolatan?

Gakoa toponimian dago. Lagran herriaren izena bera ez, baina haren inguruan euskal toponimia ugari dago. Eta horrek erakusten du Arabako eremu horretan euskara XVIII. mendearen hasieran-edo galdu zela. Hori deskubritzeak liluratu egin ninduen, aurretik inguru horretan euskaraz egiten zenik ez nekien eta. Horrek piztu zidan euskararekiko jakin-mina. 

Eta nola ikasi zenuen euskara?

Autodidakta izan nintzen. Euskara neure kabuz ikasi nuen, liburuak erabiliz. Unibertsitatean nintzenean ere, euskaraz banekien, baina liburutegian igarotzen nuen ikasgelan baino denbora gehiago; asko nuen irakurtzeko eta xurgatzeko.

«Euskaltegietara doan jende gehiena titulua lortzearren doa. Baina, bueno, derrigortuta ere, gutxienez ikas dezatela»

Euskal Ikasketetako gradua egin zenuen, ezta?

Hala da, bai. Euskarak liluratuta ninduen, eta, Deustuko Unibertsitatean gradu hori existitzen zela jakin bezain pronto, erabaki nuen hori ikasiko nuela. Gogoan dut, lehenengo mailara iritsi nintzenean, nire ikaskideei esan niela: «Arazoak dauzkat euskaraz hitz egiteko, oraindik». Eta argi utzi nien nirekin gazteleraz ez mintzatzeko. Irakurtzean eta entzutean dena ulertzen nuen, baina artean ez nintzen gai euskaraz hiru hitz jarraian esateko. Baina azkar hasi nintzen ikaskideak bezala mendebaldeko hizkeran hitz egiten.

Zer giro zegoen han?

Gaur egun pentsaezina izan daiteke, baina batzuetan Gotzon Garate gitarra batekin agertzen zen klasera. Eta kantu zaharrak irakasten eta abesten zizkigun. Nik, esaterako, euskaraz erromantzeak zirenik ez nuen imajinatzen. Eta niretzat dena zen berria, dena zen aurkikuntza.

Baziren nire interesekoak ez ziren ikasgai batzuk, noski, baina beste askorekin disfrutatu egiten nuen, euskararen alde hartu nuen erabakia berresten zutelako. Esate baterako, laugarren mailan, Alfonso Irigoien izan genuen irakasle. Eta hark toponimia asko baliatzen zuen.

Zer presentzia zuen euskarak unibertsitatean?

Euskal Ikasketetatik kanpo, gainontzeko graduetan ez zegoen euskarazko ikasgairik. Hainbeste ikasle zihoazen bertara, non erabaki baitzuten euskara ikasteko aukera ematea euskara ikasi nahi zuten ikasleei. Baina horretarako irakasleak behar ziren. 

Egia esan, jende askok eman zuen izena, eta jendea klaseetara ez zen joaten titulu bat lortu nahi zuelako; ez, euskara ikasteko benetako gogoa zeukaten. Bigarren mailan nintzela hasi nintzen eskolak ematen. Urtebete lehenago hitzak totelka esaten zituen honek berak. Oraingoarekin alderatuta, bestelakoa zen giroa. 

«Jendea klaseetara ez zen joaten titulu bat lortu nahi zutelako; ez, euskara ikasteko benetako gogoa zeukaten»

Zergatik diozu hori?

Gaur egun, euskaltegietara doan jende gehiena titulua lortzearren doa. Etsigarria da. Baina, bueno, derrigortuta ere, gutxienez ikas dezatela. Tristea da horrela izatea, baina ez dago besterik, momentuz.

Gradua amaitu zenuenean, ikerketan murgildu zinen.

Bai, orduan unibertsitateak Deiker izeneko egitasmo bat zuen, ikerketara bideratua. Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu zuten dialektologia lan mardul bat egiteko. Herrietara joan ginen, grabazioak egitera. Adineko jendea grabatzera joaten ginen, jende hura desagertu baino lehen. Ondare hura galtzeko beldurra bazen. Premiazkoa zen ahoz baino jaso ezin zitekeena gordetzea.

Nola aritzen zineten?

Gehienbat mapekin aritzen ginen, herriz herri joanez, eta izen guztiak jasoz. Sekulako lana izan zen. Eredua Quebecetik ekarri zuten. Eta, egindako lanari esker, informazio asko salbatu da. Halere, horren aurretik zegoen informazioa biltzea eta gordetzea ere funtsezkoa da. Hau da, artxibo lana egitea.

Egia esan, harrigarria da esparru horretan zenbat aurreratu den; gaur arte lortu direnak orduan ametsak ziren. Euskaltzaindian, adibidez, ECO egitasmoa dugu, Euskal Corpus Onomastikoa. Ez dakit orain zenbat erregistro dituen, kontua galdua dut: 800.000, milioi bat... Bertan, ikerketarako beharrezkoa izango den informazioa iraultzen ahalegintzen gara.

Zertarako da garrantzitsua dokumentazio lan hori?

Ondarea izateaz gain, funtsezkoa da euskararen historiari buruz ikertzeko. Baina ez da hor amaitzen. Toponimia gorde behar da gauza bizia delako. Gaurdaino iritsi den zerbait bada, jaso eta zaindu egin behar dugu, aurrera proiektatuz. Eta horretarako normalizatu eta normatibizatu egin behar da. Irizpide batzuen arabera estandarizatu behar dira izenak, ahoz transmitituta oso erraz desitxuratzen direlako.

Adibidez?

Adibide pragmatiko modura, Deikerren egindako ikerketan, uste dut Orozko inguruan bildutako ebidentzia batek Pagonabarraga toponimoa aipatu zuela. Baina, noski, hiztunak, hitz osoa esan beharrean, Panarra esaten zuen. Ahoz ondo dago hori, komunikatzeko funtzioa betetzen du eta. Izan ere, herriko kodean mintzatzean, termino osoa ematea pedantea litzateke. Baina idatzizkoan —mapa edo seinale batzuetan, adibidez— ahozkoak ez du balio. Zeren ahozkoan egindako prozesu horretan informazio asko galtzen da. Idatzizkoa eta ahozkoa elkarren erasoan ez dauden bi plano dira. Bide horretan, Luis Villasantek Franco hil ostean esan zuen moduan, onomastika euskararen normalizaziorako zutabeetako baten gisara ulertu behar da, ortografia eta aditzak bezalaxe. 

Zer bide zabaltzen dituzte ikerketa toponimikoek?

Adibide bat emate aldera, Arabako euskararen historia soziala ikertzeko bidea. Euskara ikuspegi diakronikotik okertzeko euskarri potenteenetariko bat da.

Eta, gaur egun, zertan aritzen zara?

Onomastika Batzordearen buru naiz, eta batzorde horren barruan antroponimia eta toponimia daude, pertsonen eta lekuen izenez arduratzen diren alorrak, hurrenez hurren. Antroponimian izugarrizko aldaketa ekarri zuen Franco hil ostean legediak euskal izenak ipintzeko aukera emateak. Jende asko hasi zen galdetzen ea nola den haien izena euskaraz, eta, jakina, Euskaltzaindiari dagokio horri erantzutea. Eta, horretarako, ikerketa egin besterik ez dago.

Sabino Aranak bere izendegia asmatu zuen, baita arrakasta lortu ere: Karmele, Edorta eta antzeko izenekin. Baina lehendik ere bazen oso kamustua zegoen tradizio bat. Kontuan hartu behar da XVI. mendean Trentoko Kontzilioa egin zutela, eta, han, erabaki zuten kristau orok izen kristaua izan behar zuela. Ondorioz, horren aurreko dokumentuak arakatu behar dira.

«Euskaltzaindiaren lana da erakundeen eta herritarren kezkak argitzea eta hutsuneak betetzea»

Zer dokumentu mota?

Nabarmentzekoa da artxibo lana egiteko erabiltzen ditugun garai hartako material gehienak Nafarroatik datozkigula. Izan ere, Nafarroa erresuma bat izan zen luzaroan, eta erreinu baten funts dokumentalak dauzka. Ezagunak dira, esate baterako, XIV. mendean egin zituzten erroldak. Horietan, herriz herri agertzen dira bertako biztanleen izenak, batzuetan ezizen eta guzti. Eta, jakina, herri euskaldunetan, hau da, ia Nafarroa osoan, ezizena euskara hutsean da.

Zer erronka izan ohi dituzue izendegiarekin?

Izen neutroek hautsak harrotu ohi dituzte. Halakoetan, ezinbestekoa da jakitea, gizarte moduan, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun. Gaur arte heldu zaizkigun izenek genero markatua dute, eta hori ezin dugu aldatu. Eta haurrei generorik ez duen izen bat ipini nahi bazaie, ondo dago, baina ezin da edonola egin. Jendearen sentsibilitatea kontuan izan behar da.

Eta horretarako bidea toponimoak erabiltzea izan daiteke?

Hori da, izen neutroak sortzeko iturri agorrezina dira. Halako kontsulta asko izaten ditugu. Halakoetan, guk adierazten diegu euskaraz zuzen nola adierazi behar den. Ondoren erregistro zibilean edo epaitegietan gertatzen diren ika-miketan ez gara sartzen.

Eta toponimiari dagokionez, zertan ari zarete orain?

Esan bezala, Euskaltzaindiaren lana da erakundeen eta herritarren kezkak argitzea eta hutsuneak betetzea. Eta orain Euskal Herriko mendiak eta mendiguneak izendatzen gabiltza.

Nola egiten duzue hori?

Lehenengo pauso moduan, hara joaten gara, eta bertakoei galdetu toki horri nola deitzen dioten. Baina ez gara erabat fidatu behar horrekin. Izan ere, bertako batek esan dezake: «Betidanik x deitu diogu», baina pertsona horrentzat «betidanik» 30 bat urte izango dira. Eta, mendien kasuan, kartografia lanak oso baliagarriak zaizkigu. Baina horien fidagarritasuna ere erlatiboa da. Izan ere, kartografia lan gehienek jatorri militarra dute, eta sarri lan horiek egin zituzten militarrak ez ziren euskaldunak.

Orduan, zein irizpidek balio du gehien?

Ahoz jasotako lekukotzak pisu handia du, baina ez da azken hitza. Oreka bat topatzea da gakoa: daukagun informazioaren eta gure iritziaren artekoa. Betiere irizpide soziolinguistikoa kontuan izanda, jendeak toponimo horrekin identifikatuta sentitu behar duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA