Jaiak. Bilboko Aste Nagusia

Tortillak argitzen du jaia Bilbon

Aurten ere jendetza bildu du Areatzan Bilboko Konpartsek antolatutako patata-tortilla lehiaketak, eta Aste Nagusian egunez ere jai giroa izaten dela erakutsi du beste behin ere.

Lagun talde bat BIlboko Aste Nagusiko tortilla lehiaketan, atzo, Areatzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Lagun talde bat Bilboko Aste Nagusiko tortilla lehiaketan, atzo, Areatzan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko abuztuaren 21a
05:05
Entzun

Astearte eguerdia da Bilboko Aste Nagusian, eta patata tortilla usaina du festak Areatzan. Bilboko konpartsek egunero antolatzen dituzte lehiaketa gastronomikoak bertan, baina, alde handiz, tortillena izaten da jendetsuena. Ehunka mahai eta suk hartu dute txosnen eremua alderik alde, eta, guztira, laurehun tortilla inguru aurkeztu dituzte kuadrillek lehiaketarako. Tipularik gabe. Tipularekin. Piperrarekin edo gabe. Bakarrak irabazi du, baina gutxienekoa dirudi lehiak, egunez ere jai giroari eustea baita benetako lorpena.

Patatak txiki-txiki egitea hautatu du, esaterako, Amagoia Arrieta eta Irune Linazaren kuadrillak, eta arrautzak ez gehiegi irabiatzea. Baina, gero, aldaerak datoz. Badaezpada. Hiru tortilla aurkeztu dituzte, guztira. Badaezpada. Tipularekin eta piperrarekin bat, tipularekin bakarrik beste bat, eta tipularik gabea hirugarrena. 11. postua lortu zuten parte hartu zuten lehen urtean —«trofeoa ere badaukagu!»—, baina Arrietak dioenez, benetan giroagatik hartzen dute parte geroztik. «Kuadrilla batzeko aitzakia aproposa izaten da».

Lehiaketan parte hartzerakoan tortilla bakoitzari izen bat eman behar zaio, eta badu sinbolismo puntua horrek ere. Usansolo herria deitu dio haietako bati Arrietaren eta Linazaren kuadrillak, taldeko kide bat bertakoa delako. Josu gogoan izendatu dute bigarrena, lagun baten oroimenez. Eta A las ocho en Flores Lis (Zortziretan Lis lore dendan) da hirugarrenaren izena, lagun batzuekin Santutxuko lore denda horren inguruan geratzeko ohitura dutelako.

Arrautzak dira sekretua

Aitor Lexartza maiz egoten da Areatzako lehiaketa gastronomikoetan laguntzen. Patata-tortilla lehiaketan, ordea, epaimahai kide ere izaten da. Ohitura du horretarako. Aritu izan da Euskadiko Patata Tortilla Txapelketa antolatzen, eta Burgosko (Espainia) lehiaketako epaimahaiko kidea ere izan da inoiz. «Hobeto edo okerrago, baina denok dakigu tortilla bat egiten». Baina detaileei buruz galdetuz gero, ezinbestean, erudizio puntu bat darie haren hitzei. «Arrautza nahiko edukitzea da garrantzitsuena», hasi du azalpena. «Arrautzak ematen dio zapore berezia, baina, noski, nahi duzunaren arabera, patata mota bat edo bestea ere aukera dezakezu. Baina, nire ustez, arrautzen eta arrautzak lantzeko duzun moduaren araberakoa da emaitza».

«Piper berdea bai, hori sartuko nioke batzuetan, eta Gipuzkoan asko sartu ohi diote, baina berakatza... berakatza gehiegi da niretzat»

AITOR LEXARTZATortilla lehiaketako epaimahaiko kidea

Eta zer egin beharko litzateke arrautzekin? «Arrautza patataren berotasunarekin egin dadila gustatzen zait. Nik egiten dudanean, behintzat, horrela egiten dut. Bost minutu-edo uzten dut patata eta arrautza batera egin daitezen. Salmonella famatu hori ere hil egiten da hor, eta, behin hori egindakoan, zartaginera bota, baina tenperatura oso baxuan, justu-justu kanpotik egin dadin, eta barruko zaporea ez dadin aldatu».

Irribarre egin du Lexartzak ea tipularekin edo tipularik gabe egin behar ote den galdetutakoan. Haren hitzetan, tortilla lehiaketa gehienetan jadanik gainditutako eztabaida delako hori, eta, halakoetan, arrautzei buruzkoak izaten direlako solasaldirik gehienak. «Nik egiten dudanean, tipularekin egiten dut, baina nik nahiago izaten dudalako Santander estiloko tortilla. Bi direlako patata tortillarik ezagunenak: Santander erako tortilla eta Betanzos erako tortilla. Eta ez dut ulertzen Santander erako tortilla bat tipularik gabe, ez eta Betanzos erako bat ere tipularekin. Biak dira onak, niretzat».

Eta berakatzak? «Hori beste kontu bat da», barrez Lexartzak. «Piper berdea bai, hori sartuko nioke batzuetan, eta Gipuzkoan asko sartu ohi diote, baina berakatza... berakatza gehiegi da niretzat».

Dantzan kozinatzea

Tipula sutan duela, egurrezko koilarari eragin bitartean, txosnetatik heltzen den musikarekin dantza txikian dabil Leire Torres. «Duela sei urte hasi ginen, eta beti etortzen gara geroztik. Batez ere ongi pasatzera etortzen gara, eta bigarren helburua baino ez da lehiaketarena». Lehen ehun postuetan geratu ohi dira urtero, azaldu duenez, eta berehala eman du horretarako darabilten trikimailuaren berri. «Guztion arteko elkarlana; ondo kozinatu bitartean ondo pasatzea eta gozatzea». Dantza ere egin behar dela, alegia.

Kuadrilla bat, Bilboko Aste Nagusian, patatak zatitzen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
Kuadrilla bat, Bilboko Aste Nagusian, patatak zatitzen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES

Alaitz Etxeberriaren familiak badaki tortilla lehiaketa irabaztea zer den. Duela bi urte lortu zuten lehen postua. Orduan bi taldetan hartzen zuen parte sendiak: gurasoak alde batetik, eta seme-alabak bestetik. Elkarrekin eman dute izena aurten. «Arrautzak dira sekretua», onartu du Etxeberriak. «Patata garrantzitsua da, baina arrautzak dira tortilla fina gera dadin lortzeko sekretua». Lau tortilla aurkeztu dituzte, guztira. Amamen izenak jarri dizkiete biri —Mentxu eta Mati— eta libreago jokatu dute beste bien izenak jartzerakoan. Bernahezurra deitu dute hirugarrena, eta Athleticen gizonezko futbol taldeari keinu egiteko baliatu dute laugarrena: Nico se queda (Nico geratu egingo da).

«Biba!». Garaipen oihu ozen bat entzun da bat-batean Idoia Etxebarriaren eta Maria Herranen mahai ingurutik. Lehiaketa irabazi dute? Ez. Orduan? «Kontxo, sua piztea lortu dugu!». Gasa darabilen labe txiki horietako bat darabilte, eta patata eta tipularekin batera ikus daitezke hura erabili ahal izateko jarraibideak mahaian. «Ikusten? Ez da hain erraza ere eskatzen duten bezalako tortilla perfektu bat egitea». Aste Nagusiaz «egunez ere» disfrutatzeko modu bat da lehiaketa gastronomikoena, diotenez, eta tortilletan lehen aldia izan duten arren, aurrez parte hartu izan dute txipiroien lehiaketan ere. «Baina ez genuen lortu garaiz bukatzerik», gogoratu du Herranek lehenik, eta barrez osatu du azalpena gero Etxebarriak: «Azkenean, tortilla bat egin genuen!».

«Txipiroien lehiaketan ere eman genuen izena, baina ez genuen lortu garaiz bukatzerik, eta, azkenean, tortilla bat egin genuen!»

IDOIA ETXEBARRIA ETA MARIA HERRANTortilla lehiaketako partaideak

Tipularekin ala tipularik gabe? «Tipularekin!», erantzun du kolpean Amanda Tenderok. Piperrarekin ala gabe? «Piperrik gabe». Berakatzarekin? «Bai, berakatzarekin», ziur hasieran eta zalantzatiago gero, «baina erabili daiteke berakatza lehiaketan?». Eta ezetz lagunek. «Nik beti jartzen diot ba!». Hirugarren urtea dute lehiaketan. Nagusiki lagunekin egoteagatik, dioenez. «Ez dugu sekula irabazi, baina behin baietz sinetsarazi zidaten, eta hor ibili nintzen pozarren. Mundu guztiari esan nion irabazleak ginela, eta gezurra zen! Baina berdin dit; niretzat, urte hartan irabazi egin genuen».

Txakolinaren trukoa

10:30ean ireki dute lehiaketan parte hartzeko izen ematea, baina goizeko bederatzietan jada leku bila ibili da jendea. Hondartzarako itzalkinen azpian ari dira batzuk, haimak eraman dituzte beste batzuek, eta letra forma duten puxikak itsatsiz idatzi dute euren taldearen izena Xabi eta Illare Gardeazabal aita-alabek eurenean: Tortillitas. Ez dago dekoraziorik onenarentzako saririk. Pena. Tortilla bakarra aurkeztu dute lehiaketara, baina, azaldu dutenez, euren helburua ez da irabaztea. «Parte hartzea eta ondo pasatzea da ideia».

Pringles paketea zabalik du mahaian Xabier Zunzunegiren kuadrillak. «Baina horiek guretzako dira, e! Ez tortillan jartzeko!». Lehen urtea dute lehiaketan, eta «dibertitzea» izan da haien estrategia. «Dekorazioa da gure armarik onena: urdaiazpiko apurtxo bat ipini, gazta apurtxo bat ipini... Inprobisatu egingo dugu!».

Antolakuntza taldeko hizlariaren ahotsa zabaltzen dute bozgorailuek Areatzan. «Une kritikoa iritsi da! Ez daitezela orain patatak erre! Eta nire iritzia jakin nahi baduzue, bota tipula. Zer da tipularik gabeko tortillaren kontu hori!». Eta azken ohar bat gehiago ere gero. Azken trikimailua, beharbada. «Oso garrantzitsua da tortilla prestatzeko, eta adi, ez dakizuela txakolina berotu!». Eta jai giro horretan urtuta doa lehia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.