Donostian egin ostean, gaur Zarautzen (Gipuzkoa) aurkeztuko du Beruna patrikan liburua Ander Izagirre kazetariak (Donostia, 1976). Horren atariko, Zarautz eta Donostia artean bizikleta martxa egingo dute. 15:15ean dute hitzordua, Kursaal atarian. Izagirrek dio Tourrak txikitatik eragin dion «lilura» dela liburuaren oinarria. Julen Gabiriak egin du itzulpena, eta Patxi Gallegok egindako komikia ere badu.
Liburua Tourra ikusterajoan zinen eguna gogoratuz hasten da. Ez duzu erraz ahaztuko, ezta?
1985. urtean eraman ninduen lehen aldiz aitak Tourra ikustera, eta ez dut ahaztuko: Pirinioetara joan, kanpalekua jarri, lasterketaren karabana ikusi, eta, batez ere, nire bi idoloak, Peio Ruiz Cabestany eta Pedro Delgado, ihes eginda ikustea. Delgadok irabazi zuen, etadena borobila izan zen. Ordutik, narrazio handi bat bezala bizi izan dut. Literaturaren ikuspegitik joko handia ematen du. Denetik du: tragedia, komedia, porrota, garaipena...
Literatur kontakizunetan bezala, protagonisten arteko ezinikusia ez dira falta izan Tourrean.
Alde horretatik, zerrenda luzea da: Coppi eta Bartali, Anquetil eta Poulidor, Merckx eta Ocaña...Lehia horretan, gainera, gizartean eta politikanzeuden istiluak islatzen ziren. Coppi eta Bartaliren arteko lehian, adibidez, Bigarren Mundu Gerra ostean Italian demokristauen eta komunisten artean zegoen ezin ikusia islatzen da. Coppi aurrerakoia eta ezkertiarra zen, eta Bartali kontrakoa. Bartalik, haatik, oso istorio polita du atzean. Bigarren Mundu Gerrak iraun bitartean ez zegoen lehiaketarik, baina entrenatzen jarraitu zuen, Toscanan. Bitartean, juduen aldeko sare bati laguntzen aritu zen: bizikletaren eserlekuaren tutuan dokumentu faltsuak eramaten zituen haientzat.
Narrazio horren barruan, ba al damarkatu zaituen istorioren bat?
Roger Walkowiakena, 1956ko Tourreko garailearena. Ez zen irabazteko faboritoa, eta hedabideen mespretxua jasan behar izan zuen. Behin eta berriz esaten zuten maila horretako txirrindulari batek ezin zuela Tourra irabazi. Azkenerako damutu egin zen irabazteaz. Loria zigor bihurtu zitzaion.
Tragediei lotuta, zer esan Tourrean bizia galdu zuten txirrindularien inguruan?
Horrek erakusten du Tourrean epikaren eta tragediaren artekoharia oso mehea dela. Txirrindulariek muturreko ahaleginak egiten dituzte, eta gero eta erronka gogorragoak jartzen zaizkie ikuskizunaren mesedetan. Txirrindulariek beraiek duten anbizioa gehitu behar zaio horri. Tom Simpsonen taldeko mekanikari baten esaldi batek ondo baino hobeto laburbiltzen du hori. Mekanikariak esan zuen Tom Simpson hil zuen substantzia Tom Simpson bera izan zela. Irabazteko anbizioak eraman zuen drogak hartzera, dopatzera.
Euskal Herriko txirrindulariek Tourrean utzitako arrastoa nolakoa izan da?
Handia; hasieratik, gainera. Tourrean lehiatu zen Euskal Herriko lehen txirrindularia Vicente Blanco izan zen, 1910ean. Herrena zen, eta, parte hartzeko, Bilbotik Parisera bizikletan joan zen. Lehertuta iritsi zen, eta, lehen etapan irten arren, denboraz kanpo iritsi zen helmugara; kanporatu egin zuten.
Zergatik dugu euskal herritarrok hainbeste lotura Tourrarekin?
Tradizioagatik. Euskal Herrian jende asko ibili da bizikletan. Gainera, bizikletak egiteko enpresa garrantzitsuak egon dira,baita txirrindularitza talde ospetsuak ere. Gaur egun, erreferente den talderik gabe, zaleek txirrindularitza jarraitzen segitzen dute. Hori poztekoa da.
Baina Tourrak ez al du galdu garai batean zuen xarma?
Bai. Dopinaren ondorioz izandako sinesgarritasun arazoengatik, besteak beste. Askok diote kirolik jazarriena izan dela dopinagatik, baina argudio hori biktimista da. Ezin da beste aldera begiratu.
Zer egin daiteke sinesgarritasun hori berreskuratzeko?
Lehia dagoen unetik, beti egongo da norbait tranpa egin duena. Nik ez dut sinesten dopina erabat desagertu daitekeenik. Iskanbila askorik ez egotea espero behar dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Ander Izagirre. Kazetaria eta bidaiaria
«Tourrak joko handia ematen du literatur narraziorako»
Frantziako Tourraren harropuzkeriak, traizioak, abenturak, pozak eta balentriak biltzen dituen liburuaren euskarazko itzulpena argitaratu du Izagirrek. 'Beruna patrikan' du izenburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu