XX. mendean folklorean oinarritzen zen eta tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko loturaren erakusgarri zen musikak plazak betetzen ditu oraindik. Jatorria iraganean duen arren, folk musika ez da iraganean trabatuta geratu. Horren erakusgarri da Bidasoa Folk egitasmoa.Â
Bihar hasiko da egitasmo hori, eta igandean amaitu. Egun bakoitzean bi kontzertu izango dira, eta herri bat izango da oinarri egun horietako bakoitzeko: bihar, lehen egunean, Hendaiaren (Lapurdi) txanda izango da. 16:30ean, Angeluko (Lapurdi) Kopsei Star Orchestrak joko du kalejiran. Balkanetako tradizioan eta hango artista handietan oinarritutako musika dantzagarria jotzen du talde horrek. Musikaren bidez, Serbia, Mazedonia eta Bulgariako kulturan murgiltzeko aukera emango diete Euskal Herriko ikus-entzuleei. Jarraian, 19:30ean, Seamus & Caoimhe taldeak hizkuntza irlandarrei lotutako emanaldia egingo du Gaztelu Zahar frontoian. Egitasmoak Gipuzkoan jarraituko du asteburuan; larunbatean, Hondarribian, eta igandean, berriz, Irunen. Etzi, 20:30ean, Julie Rouault arituko da, eta 21:30ean, Maria Terremoto; Hondarribiko Gernikako Arbola plazan izango dira bi emanaldiak. Igandean, berriz, Caamaño & Ameixeirasek emango du kontzertua 20:00etan, eta Xabi Aburruzagak 21:00etan; biek ere Irungo Junkal plazatxoan.
Nuria Alzaga mugaz gaindiko Bidasoa-Txingudi partzuergoko zuzendaritza batzordeko presidenteak adierazi duenez, aurten Hondarribian egin dute apusturik handiena taldeei dagokienez: «Konturatu gara jendea ez dela mugitzen herriz herri; hau da, Irungo kontzertura irundarrak joaten direla, eta berdin gertatzen dela beste bi herrietan. Orduan, urte bakoitzean herri bateko eskaintza bereziki erakargarria bihurtzearen alde egin dugu; aurten, Hondarribikoa». Hurrengo bi urteetan beste bi herrien txanda izango da, beraz. Bi hamarkadatan, hainbat artista bildu dituzte Bidasoa Folk egitasmoan; besteak beste, Ruper Ordorika eta Kepa Junkera. Alzagak azpimarratu du urteotako erantzuna «oso ona» izan dela, baina nabaritzen dela karteletako talde edo musika motak baldintzatzen duela erantzun hori.Â
Jaialdiaren 25. aldia izango da aurtengoa. Alzagak gaineratu du horrelako jaialdiak ez dituztela leku askotan egiten, eta argi utzi du berak ez lukeela huts egingo halako aukerarik. Gainera, kontzertu guztiak doakoak dira. «Eta ez da askotan izaten zuzeneko musika entzuteko horrelako eskaintzarik ez gertu eta ez dohainik».
Elkartasuna helburu
Alzagak nabarmendu du jaialdi bat baino zerbait gehiago dela Bidasoa Folk egitasmoa, eta badituela eginkizun jakin batzuk. Hiru herrik antolatzen dute, eta, beraz, kulturaren bidez lurraldeak eta pertsonak elkartzea du helburu. Gai nagusitzat tradizioa daukaten arren, gaurkotasunari garrantzia ematen diote urtez urte. Baita eskualdeko herrien arteko elkartasunari ere.