Asteburuko proposamenak

Tradizioa elkargune

Santa Lutzi azoka egingo dute bihartik igandera bitarte Zumarragan eta Urretxun. Egitarau berezia prestatu dute; haren barruan, urtero bezala, Zumarragako ganadu feria. Hegazti gripea dela eta, ez da hegaztirik egongo.

Zumarragako Santa Lutzi azoka, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Zumarragako Santa Lutzi azoka, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko abenduaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gabonak ate joka dira jada, eta pixkanaka gerturatuz doaz garai horretako azokak ere. Santa Luzia eguna izango da etzi, eta hainbat herritan ospatuko dute, bakoitzak bere erara. Zumarraga eta Urretxu (Gipuzkoa), esaterako, urtero legez, euskal kulturaren, baserritarren lanaren eta auzokoen arteko topaleku bihurtuko dira.

Ez da festa girorik faltako asteburu osoan Urola Garaiko bi herri horietan. Besteak beste, kalejirek, musikak, artisautzak, herri kirolek eta kultura ekitaldiek girotuko dituzte kaleak. «Baserritarrak eta bertako produktuak jendeari gerturatzeko aukera da, eta, aldi berean, Gabonen atarian, elkargune gisa dugu egun hau». Hala deskribatu du Santa Lutzi azoka Mikel Serrano Zumarragako alkateak. 

Bi herriek eskutik dihardute antolaketan, baina bakoitza ekintza desberdinengatik nabarmentzen da. Urretxu, esaterako, Arabako Errioxako ardoaren azokarengatik —ostiralean izango da, 18:00etatik 20:30era—, baita bertan egiten duten urteko ardoaren dastaketa irekiarengatik ere —19:00etan izango da, Urretxuko udaletxeko portaloian—. Zumarragan, berriz, ganadu azoka da ekitaldi nabarmenena —larunbatean izango da—. Jende «mordoa» joaten da, eta alkateak azaldu du jendeak «interes berezia» duela zaldi abereen sariketan.

Hegazti gripea eta txerri izurria direla eta, aurtengo azokak murrizketa bat izango du: «Hegaztiek eta Euskal Autonomia Erkidego kanpotik datozen animaliek ezin izango dute parte hartu». Serranok uste du horrek agian «eragina» izango duela salmentarako ekartzen diren abereen kopuruan. Edonola ere, argitu du sariketetan «ohiko» kopuruak mantenduko direla. 

Urteroko zita izaki, zaldi abereen sariketa egingo dute, jendearen interes nagusikoa; aurten hiru kategoriatan egongo da banatuta: pottoka arraza, Euskal Herriko mendiko zaldia eta haragitarako zaldia. Berritasun bat ere izango duela azaldu du alkateak: «Epaimahaiaren balorazio zehatzagoa egin ahal izateko, animaliak beren ukuilutik atera, eta epaimahaiaren eta ikusleen aurrean erakutsi beharko dira». Haren ustez, aldaketa horri esker, «hobeto» ikusiko dira ezaugarri «morfologikoak» eta animalien «portaera»: «Bi alderdi horiek funtsezkoak dira azken kalifikazioa emateko».

Hamaika ekitaldi

Ardo eta ganadu azokez gain, badaude beste hainbat motibo asteburuan Zumarragara eta Urretxura joateko. Ehundik gora postu izango dira guztira bi herrietan: artisauak, jakiak, nekazaritza tresneria, arropak eta beste. Jakien artean, noski, ez dira taloak faltako. Alkateak argitu du, besteak beste, leku hauetan topa daitezkeela: Euskadi plazan, Urdaneta kalean eta Renfeko trintxeran. 

Egun handia larunbata izango da, baina ostiralean ere jai giroa nonahi izango da. Urretxuko Iparragirre plaza ardoz blai dagoen bitartean, esaterako, Pagoeta gune soziokulturalean Esanezin taldeak eta Uxue Kerejetak kontzertua joko dute, 19:30ean. Herrian egingo den beste ekintza bat ere aipatu du Serranok: «Bihar gauetik etzi goizera, Labeaga kalean txahal bat erreko da hamasei orduz. Etzi goizeko hamaiketatik aurrera, txahal horren pintxoak salduko dira, 3 euroan. Jasotako dirua Katxalin irabazi asmorik gabeko elkartearentzat izango da». 

Larunbatean, berriz, herri kirolak, Non dago Wally? jolasa eta profesionalen arteko pilota partidak izango dira Urretxun. Eta larunbata biribiltzeko, Oilar Beltzak rantxera taldeak kontzertua joko du, 19:30ean, Areizaga-Kalebarren plazan.

Igandean, beste hainbat ekitaldi ere izango dira; horien artean dago bertso jaialdia: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Nerea Elustondo eta Mikel Iturriotz izango dira kantuan Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.