«Ni sukaldean ari banaiteke, edonor ari daiteke»; horixe da Koldo Royo sukaldari donostiarraren filosofia, eta ideia horren ildotik argitaratu berri du Pintxos y tapas para torpes liburua, Oberon Practico argitaletxean. 160 pintxo inguru bildu ditu, gilda klasikotik hasi eta txerri azpizunez betetako pikuen pintxoraino.
Errezeten erraztasuna eta umorea dira liburuaren ardatza. Antonio Fraguas Forges ilustratzailearen irudiek arindu dute obra. Royorentzat, funtsezkoa da sukaldean umorea izatea: «Garrantzitsua da sukaldean ondo pasatzea, barre egitea. Batzuetan sukaldean sartzeak ematen duen beldurra kentzeko balio du».
Hasiera batean pitxoak sukaldean ondo moldatzen ez direnekin lotzeak harridura sor dezakeen arren, liburuaren egileak garrantzia kendu dio horri. Pintxoak agertzeko modukonplexua alde batera utzi du, sinpletasunaren izenean. «Sukaldariok, askotan, oso diskurtso konplexua erabiltzen dugu; baina, oraingoan, sinpleago egin dugu, pintxo hauek erraz egin daitezke, eta dibertigarriak dira».
Hamar ataletan sailkatu ditu pintxoak: pintxoak eta burruntziak, montaditoak, miniak, tartaletak, arrautzopilak, platertxoak, eltze txikiak, edalontzitxoak eta kopak, frijituak eta koilaratxoak.
Krisi garaiari aurre egiteko liburua ere bada. Tabernetako pintxo jatea jaitsi egin da egoera ekonomikoak estutzen duen garaiotan, eta, hala, ohitura hori etxera ekarri nahi du Royok. Lagun artean gozatzeko liburua da, beraz. «Elkartean elkarrekin erabiltzeko liburua da, edo aitari edo amari oparitzeko egokia. Pintxoak jendearekin kontsumitu behar dira; horregatik, jende guztiarentzako liburua da, edonork egin ditzake liburuko errezetak».
Liburuan erabili duen umorea erosleengana hedatzeko asmoa du egileak. Liburua argitaratu zen egun berean eten zuen ETAk bere jardun armatua, eta albiste hori liburuaren izaerarekin lotu du Royok: «Euskal herritarrak alaiak izan gera betidanik, eta azkenaldian triste samar geundela uste dut. ETAk emandako berriarekin batera jaio da nire liburua, eta hori gure izaera alaiaren erakusle izan daitekeela uste dut».
Royok ez du zailtasun handirik izan errezeta guztiak biltzeko liburuan. Liburuak egiteko orduan eskarmentua du. Orain dela bost urte hasi zen sukaldeko liburuak argitaratzen, eta ordutik hamaika lan kaleratu ditu. Tapas, Pintxos y tapas en el País Vasco eta Cocina típica española dira argitaratu dituen liburuen artean ezagunenak. Aurreko liburuetan erabilitako errezetak egokitu ditu aurkeztu berri duen lanean. Liburuak argitaratzeaz gain, telebistan sukaldari gisa behin baino gehiagotan aritu izan da. Hala ere, sukaldean hasi nahi dutenentzako liburu bat argitaratzea beharrezkoa zela uste du Royok, eta horregatik erabaki zuen baldarrentzako liburu hau argitaratzea. «Sukaldean ibiltzea dibertigarria izan daitekeela adierazi nahi dut, bestelako formalismoetatik urrunduta».
Royo afuegolento.com Interneteko aldizkariaren sortzailea da, eta orain dela bi urte Aquiara jatetxea ireki zuen Palman (Herrialde Katalanak).
Bilduma bateko parte
Koldo Royoren Pintxos y tapas para torpes liburua, Oberon Practico argitaletxearen baldarrentzako bildumako parte da. Hala baldarrek egiteko moduko pintxoez gain, baldarrentzako argibideak ematen dituzten hainbat liburu argitaratu dituzte dagoeneko, hala nola: ardoa edateko, urdaiazpikoa mozteko, haurdunaldia igarotzeko, dirua egiteko edota argazkiak ateratzeko liburuak.
Traketsena ere, sukaldari
Hasiberriak pintxoak eta tapak egiten jarri nahi ditu Koldo Royo sukaldariak 'Pintxos y tapas para torpes' liburuanUmorez eta errezeta errazez beteta dagoen sukaldaritza liburu bat aurkeztu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu