Triatloia «edonork» egin dezake

Martxoaren 16an hasiko da Triatloia Maite Dut egitasmoaren 'Hamabi astetan triatleta' erronka. Triatloi bat lehen aldiz egin nahi dutenei aukera ematen die bidelagun ugarirekin prestatzeko, eta doan, gainera.

Laura Olabarria, Janire Atxurra eta Amaia Lizaso, joan den astean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Laura Olabarria, Janire Atxurra eta Amaia Lizaso, joan den astean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Zarautz
2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guk ez dugu oso arin korrika egiten, ez gara paregabekoak bizikletan, igeri egiten ikastolan-eta ikasitakoa dakigu... Baina zergatik ez?». Ixone Lozaren hitzak dira. Duela bi urte izan zuen Triatloia Maite Dut egitasmoaren berri, izena eman zuen, eta triatloi bat egin; iaz, berriro. «Egitasmo honek konfiantza eman dit niri: konfiantza nigan. Egia da triatloien munduan emakume gutxi daudela —gero eta gehiago azken bizpahiru urteetan—, eta dauden emakumeek maila handia daukatela. Nik ez nuen neure burua ikusten triatloi batean izena ematen... ‘Baina nora noa ni?’. Eta Triatloia Maite Dut-ek konfiantza eman dit, eta zera esan ahal izatea neure buruari: ‘Zergatik ez?’. Bakoitza bere mailan arituta, triatloia denontzako modukoa da».

Halaxe da. Jende askok ezinezkotzat jotzen du triatloi bat egitea, ustez kirolari biziki iaioentzako modukoa baino ez delako. Bada, 2011tik, Arazi Ideiak Borobiltzen eta Fitgune enpresek Triatloia Maite Dut egitasmoa sortu zutenetik alegia, argi utzi dute uste hori okerra dela. Hamabi aste daude martxoaren 16tik ekainaren 20ra, eta aste horietan denetan, Hektor Llanos entrenatzaileak ondutako entrenamendu taulei segituz gero, edonor gai izan daiteke triatloi bat egiteko. «Hamabi astetan triatleta erronkaren helburua da erakustea edonor gai dela triatloi bat egiteko, eta baita kirolarekin erlazio ona edukitzeko ere. Gure helburua ez da onena izatea, podiumetara igotzea, baizik eta elkarrekin eta taldean kirolaz gozatzea», azaldu du Laura Olabarria antolatzaileak. Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 9ra arte —BERRIA hedabide babeslea da—.

Hain zuzen ere, kirola modu ez-lehiakorrean egitea bultzatzeko xedez sortu zuten egitasmoa. Orain dela hamazazpi urte antolatu zuten Hemezortzi astetan triatleta erronka; duela sei urtetik, hamabi astekoa izaten da. Helburu bat du erronkak: ekainean lehen triatloi proba egin ahal izatea. Horretarako, distantzia aukeratu beharra dago. Izan ere, ez dago triatloia egiteko modu bat eta bakarra. Superesprint distantzia aukeratzen dutenek 350 metro egiten dituzte igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Halako bi egin behar izaten da esprint distantzian; 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika, alegia. Distantzia olinpikoa, berriz, hauxe da: 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika.

Zerbitzua doakoa da, eta erronka bete ahal izateko baliabide denak eskaintzen dizkiete triatleta hasiberriei: entrenamendu taulak, azalpen bideoak, zalantzak eta kezkak argitzeko Telegram bidezko komunikazioa, aurtendik Whatsapp bidezkoa ere bai... «Triatloia modu seguru, osasungarri eta ez-obsesibo batean prestatzen laguntzen dugu», gaineratu du Olabarriak. Gainera, distantzia bakoitzak bere enbaxadorea dauka, hau da, eduki sortzaile euskaldunek ere erronkan parte hartzen dute, eta prestaketan beste triatletekin eskuz esku aritu. Aurten, Unax Uralde izango da distantzia olinpikoko enbaxadorea, Iker Iribarren esprintekoa, eta Janire Atxurra superesprintekoa.

«Bai, noski, mesedez»

«Aita lekuko: txikia nintzela, igandeetan negar egiten nuen, oheari eutsita —negar arrantzaka, e!—, ez nuelako mendira joan nahi. Ez nuen ezer jakin nahi kirolaz. Txikitatik izan naiz neska lodia, eta ez nuen uste besteak bezain gai nintzenik kirola egiteko. ‘Orduan, ez bada besteen mailan, ez dut nahi’. Horregaz, bukaerara arte. Gero, kirola egiten berriro hasi, baina buru osasunagatik utzi egin behar izan nuen; hiru bat urte daramatzat kirolik egin gabe», kontatu du Atxurrak. «Hauxe da!», pentsatu zuen, baina, Triatloia Maite Dut egitasmoko enbaxadore izateko gonbidapena egin ziotenean: «Batzuetan arrazoi bat behar dugu zerbait egiten hasteko; ez gara gai geure kasa egiten hasteko. Eta seinale bat behar dugu. Mezua irakurri nuenean, hau erantzun nien: ‘Bai, noski, mesedez’».

Gogotsu dago entrenamenduekin hasteko: «Ez daukat ideiarik ere nolakoak izango diren, baina ondo antolatuta, dena atera ahal da. Nik goiz-arratsalde egiten dut beharra, eta goizeko bostetan edo iluntzeko zazpietan entrenatu ahal naiz, eta uste dut lortuko dudala. Dena dago zure esku; ez da ordutegi bat eduki behar». Hori da gauza bat, eta enbaxadore lana egitea beste bat: «Uste dut nire ekarpena hau dela: erakustea edonork ahal duela, eta inoiz ez dela berandu hasteko. 25 urte dauzkat, hiru urte daramatzat kirolik egin gabe, ez dut gorputz atletikoa, eta demostratu nahi dut ahal dela. Animatu, eta kexatu. Niri gustatzen zait kexatzea. Kexatuta dena errazagoa da, eta bizitza politagoa. Erakutsi nahi dut pertsona normalek egin ahal dugula, eta ez duzula zertan superatleta bat izan».

Ixone Loza (erdian), triatloi bat egin ostean. IXONE LOZAK UTZIA
Ixone Loza, erdian, triatloi bat egin ostean. IXONE LOZAK UTZIA

Hain zuzen ere, triatloien munduari beldurra galtzeko balio izan zion Lozari Triatloia Maite Dut egitasmoak: «Ni bezalako emakume kirolzale asko daude, eta lehia hori baztertu behar dugu, aurrerapauso bat eman, eta beldurra galdu. Beldur baikinen. Hemezortzi astean entrenatuz hasi nintzen erronka horrekin, eta gero emakumeen topaketa egin zuten Getarian [Gipuzkoa]. Beste emakume batzuk ezagutu nituen hor, triatloien munduan murgildu ginen, eta oso-oso esperientzia aberasgarria izan zen».

Urtero antolatzen dute topaketa hori. Izan ere, egitasmoaren helburu nagusietako bat emakumeen parte hartzea bultzatzea da, eta baita kirola egiteko espazio seguruak sortzea ere. «Ni bi urtez joan naiz, eta aurten ere joango naiz seguruenik, niretzat sekulako plana da eta», nabarmendu du Lozak. «Han bildu ginen zortzi-bederatzi emakume, adin desberdinetakoak —batzuk oso gazteak, beste batzuk apur bat nagusiagoak—, triatloien munduari buruz gehiago jakin nahian. Lehenengo urtean, Helene Alberdi etorri zen, eta harekin bizikletan ibiltzeko aukera izan genuen. Iaz ere izan genuen horretarako aukera, Eneritz Urrutiarekin, Ainhoa Muruarekin, Adriana Campoyrekin... Haiekin hitz egin egin genuen, haiekin jan, gure zalantzak eta beldurrak kontatu... Euskal Herriko erreferentziazko emakume kirolariak ez ezik, beste emakume batzuk ere ezagutzen dituzu, triatloian aritzeko gogoa dutenak, baina bultzada hori behar dutenak».

Erreferenteak

Eneritz Urrutia punta-puntako triatleta da, eta aditu moduan parte hartzen du Triatloia Maite Dut egitasmoan. Oso gustura parte hartu izan du emakume triatleten topaketan: «Oso zaila da neskak talde handi batean elkartzea eta bakoitza bere beldurrez, jakin-minaz eta zalantzez aritzea. Konturatu nintzen eredugarri izan ahal ginela haientzat, eta lagungarri: bizikleta irteerako beldurrak, neopreno azpian zer olio jarri, trantsizioak nola egin...».

Urrutia bera ere behinola hasi zen triatloiak egiten, eta ondo ulertzen ditu emakume hasiberriak: «Emakume gutxi gara. Mutilekin alderatuta, askoz-askoz gutxiago. Nire ustez —eta agian mito bat da—, neskak arduratuago egoten gara besteek zer esango ote duten; mutilak erdiko maila izanda ere ausartzen dira. Neskak gehiago gara gauzak prestatzekoak. Nik urtebete pasatu nuen entrenatzen lehenengo triatloia egiteko. Entrenatzaileak esaten zidan prest nengoela, baina nik entrenatzen segitu nahi nuen, guztiz prest egon arte».

Eneritz Urrutia, triatloi bat egiten. ENERITZ URRUTIAK UTZIA
Eneritz Urrutia, triatloi bat egiten. ENERITZ URRUTIAK UTZIA

Badaki, gainera, triatloien munduan sartzea ez dela erraza, informazio asko eduki behar dela, «txikikeria» askoren berri izan... «Hasieran, ez nekien gauza asko zelan egin... Urte askoan gauzak ikusiz eta irakurriz ikasten duzu, baina egia da ez dela erraza. Gauza asko daude triatloi baten atzean, eta Triatloia Maite Dut egitasmoak horien berri ematen dizu: triatleta berri moduan, altxor bat da».

Hori altxor bat da, baita kirolerako espazio seguruak izatea ere, Amaia Lizasoren ustez: «Egitasmoaren bidez hasi nintzen triatloien munduan. Mundu horrek beldur handia ematen du. Txikitatik egin izan dut igeri eta korrika, baina paseoko bizikleta soilik neukan hartua, Zarautzen etxetik hondartzara joateko. Errepidera irteteak beldurra ematen zidan. Baten batean atera, eta aitari deitu nion: ‘Bila etorri’. Inguruan norbait aurkitzen baduzu bizikletan ibiltzera ateratzeko, askoz errazago egiten da, eta beldur hori galtzen duzu pixkanaka. Egitasmoaren bidez, norbaitekin ari zarelako sentsazioa duzu; ez zaizu iruditzen zu bakarrik ari zarela entrenamendua egiten».

Ados, dena argi. Eta orain zer? Erantzuna argi du Atxurrak: «Zer duzu egiteko? Ezer ere ez. Hemen duzu egiteko zerbait. Zuk nahi duzunean egin ahal duzu. Egin. Mugitzen hasteko aukera bat da hau, eta helburua handia da. Batzuetan kostatu egiten zaigu gauzak egitea ez badugu helbururik ikusten». Ezin ezetz esan: edonork maita dezake triatloia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.