The Lowdown, Sterlin Harjok sortutako telesaila —Reservation Dogs arrakastatsuaren atzean dagoen egilea— Dale Washbergen (Tim Blake Nelson) heriotzarekin abiatuko da; itxuraz, bere buruaz beste egin du. Flashbacken bidez, ikusleak pixkanaka deskubrituko du Washberg idazle misteriotsua izan zela; sekretu ugari gordetzen zituen. Gainera, Dale Washberg Donald Washbergen anaia da: negozio-gizon boteretsua eta gobernadore izateko hautagai nagusietako bat. Heriotza horrek piztuko du Lee Raybonen barne motorra, eta ikerketaren abiapuntu bilakatuko da. Raybonek Tulsa (Arizona, AEB) hiriaren historia ofizialaren atzean ezkutatzen diren egia ilunak azaleratzea izango du helburu, tokiko botere egituretan sustraitutako ustelkeria argituz eta ikusleari hiriaren geruza sozial eta politikoa erakutsiz.
The Lowdown telesaila erakargarri bihurtzen duten elementuetako batzuk, zalantzarik gabe, Lee Raybon pertsonaia eta Ethan Hawkeren interpretazioa dira. Protagonista ez da detektibe klasiko bat, baizik eta bere burua truthstorian gisa —egiaren historialari gisa— definitzen duen kazetari obsesiboa. Idealismoaren eta autoengainuaren arteko oreka ezegonkorrean mugitzen da pertsonaia, egia bilatzeko grinak bultzatua, baina ez da bere mugen eta kontraesanen jakitun. Hawkek ausardiaren eta baldartasunaren, seriotasunaren eta umore sotilaren arteko konbinazio berezia transmititzen du, ikuslea erakarri eta aldi berean deseroso sentiarazten duen antiheroi konplexu bat eraikiz.
Seriea drama eta thriller generoen artean mugitzen bada ere, The Lowdown-ek komedia beltzeko une ugari eskaintzen ditu; horri esker, kontakizuna arinagoa eta telesaila dibertigarria bezain ikuserraza da.
Zinema beltzaren eta pulp literaturaren eraginak etengabe ageri dira: Coen anaien, David Lynchen, Raymond Chandlerren eta Jim Thompsonen arrastoak nabarmenak dira, eta ikusleak erraz identifikatuko ditu erreferentzia horiek. Hala ere, erreferentzia horien pisua handiegia da; izen handi horien itzala presente egonik, telesailak ez du beti haien indar edo koherentzia maila berean funtzionatzen, inondik inora ere.
Trama nagusiaren azpian, narratiba gurutzatzen duten elementu historiko eta sozialak agertzen dira, bereziki Tulsaren arrazazko eta politikari lotutako iraganari egiten dizkioten erreferentzia inplizituen bidez. Geruza horiek egungo gertaerak kokatzen dituen atzealde gisa funtzionatzen dute, eta istorioari sakontasun narratibo eta sinbolikoa ematen diote.
The Lowdown 2025eko proposamen berezienetako bat da: neo-noir generoa umorearekin eta gizatasunarekin uztartzen duen telesaila, Ethan Hawkeren antzezpen sendoak eta ikuspegi estetiko bereizgarri batek ondo babestuta.
American Film Institute: urteko onenak
Tradizioak aurrera jarraitzen du sarien denboraldian. American Film Institute erakundeak bere Top 10 klasikoa argitaratu du, AEBetako zinemarentzat urteko lanik onenak biltzen dituena. 2000. urteaz geroztik, irabazi asmorik gabeko erakunde horrek zinema industriaren ondarea ospatzeko eta etorkizuneko zinemagileak hezteko helburua du, eta urtero hamar film eta telesailik onenak aukeratzen ditu.
Telesailen zerrendan, honako hauek hautatu dituzte aurten: Adolescence, Andor, Death by Lightning, The Diplomatic, The Pitt, Pluribus, Severance, The Studio, Task eta gaur hizpide hartutako The Lowdown.
fitxa
- Sortzailea. Sterlin Harjo.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Ethan Hawke, Keith David, Kyle MacLachlan eta Kaniehtiio Horn.
- Non ikusi. Disney+.
- Atalen iraupena. 50 min.
- Generoa. Drama, thrillerra.