Asteartean sekulako sustoa hartu nuen BERRIA hartzean. «Alderdi guztiak legeztatuko dituzte Tunisian», zioen letra handiz. Letra txikiz, berriz, Tunisian batasun nazionaleko gobernua osatu behar zutela eta preso politikoak askatuko zituztela. «Arranopola! —pentsatu nuen— Tunisiaraino iristen al da Rubalcabaren eskua?». Harrituta nengoen, baina harridura ziztuan bihurtu zen kezka.
Nik uste nuen mundu honetako gaiztoen zerrenda nahiko ondo zehaztuta zegoela. Irak, Iran, Ipar-Korea, Kuba, Siria, Afganistan, Libia, Venezuela, Txina, Birmania, Sudan… baten bat ahaztuko zait, baina hasierako hamaikako horrekin gaiztoek talde polita daukate demokraziaren kontrako ligan jokatzeko. Lurralde horietan guztietan diktadore ezinago gaiztoak eta ezinago krudelak daude. Horietan guztietan preso politikoak. Baina, hara non hamaikako —ustez— itxi horretan guk uste baino lurralde gehiago dagoen! Hara non Tunisia ere gaiztoen klubekoa den!
Eta neure buruari galdetu nion: zergatik hedabideek ez digute ezer esan? Non zegoen El Mundo hura salatzeko? Non El País eta El Correo?
Kontua oso serioa da. Urrunera jo gabe, gure lehendakaria Abu Dhabi izeneko lurralde batean dago gure enpresarien konpainian. Imajina ezazue Abu Dhabi diktadura bat dela non boterea beti familia gutxi batzuen eskuetan dagoen eta inork ez dion ezer esan lehendakariari.
Ados, ez da gure kasua, baina…
…eta Abu Dhabi demokraziarik gabeko gaiztoen zerrendan balego…?
Maratila
Tunisia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu