Bizilagunekin elkarteko kidea

Eihar Egaña: «Kontua ez da turisten aurka egitea, industria turistikoaren aurka baizik»

Donostian erruz areagotu da turismoa azken urteetan, eta horrek ondorioak eragin ditu bizilagunengan. Bizilagunekin elkarteko Eihar Egañak egoera hori salatu du.

Eihar Egaña. GORKA RUBIO / FOKU
Eihar Egaña. GORKA RUBIO / FOKU
DONOSTIA
2026ko abuztuaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtetik urtera gero eta turista gehiago etortzen dira Euskal Herrira, bereziki Donostiara. Eta horrek bizilagunen artean kezkak eta eztabaidak sortu ditu hirian. Eihar Egaña (Donostia, 1988) Bizilagunekin elkarteko kidea da. Turismo ereduan aldaketa bat egin dadila proposatu eta aldarrikatu du. 

Zer ondorio pairatu dituzue donostiarrok turistifikazioak eraginda?

Deigarriena uda garaian kaleetan sortzen den masifikazioa da, eta hori turistifikazioaren ondorioa da. Ondorio ikusezinagoak ere badaude: lan munduan sortzen den prekaritatea, prezioen igoera, etxeena bereziki. Auzotarrak kanporatuak izaten ari dira alokairuen garestitzeagatik; ez auzoetatik bakarrik, Donostiatik ere bai. Azkenean, gaur egun ez dago etxerik alokatzeko, jabeentzat ez da errentagarria, eta etxe turistikoak sortzea erabakitzen dute, diru sarrera gehiago lortzeko. Gaur egun, alokairua 18 euroan dago metro koadroko, eta hori kontuan izanik tentsio handiko eremua dela. Gune naturalak ere artifizializatzen hasi dira. Uhartean daukagu adibidea: eskultura bat jarri zuten faroaren azpian, olatu artifizial bat irudikatuz bezala.

«Auzotarrak kanporatuak izaten ari dira alokairuen garestitzeagatik: ez auzoetatik bakarrik, Donostiatik ere bai»

 

Zerbitzuetan antzeman duzue aldaketarik?

Bai, bere garaian Donostiako taxi elkarte batekin bildu ginen, eta esan ziguten lehen herritarrei ematen zitzaiela zerbitzua: adinekoak osasun zentrora eramatea, adibidez. Baina, gaur egun, gainezka daude, eta bereziki hoteletatik deitzen diete turistak Arzak jatetxera eramateko, besteak beste. Adibiderik ikusgarriena garbiketarena da. Turistifikatuenak dauden auzoak garbi mantentzen dituzte, baina, periferiara ateraz gero, ikusten da ez dutela hainbeste garbitzen.

Uste duzu erakunde publikoek neurriak hartzen dituztela egoera konpontzeko?

Hartu dituzten neurriak makillajekoak direla uste dugu. Jendeari deigarriena iruditzen zaionari begira egindakoak dira; adibidez, bisita gidatuetarako arautegi bat jarri zuten, gehienez 25 pertsona bildu daitezen, baina horrek ez du ezer aldatzen. Terrazen ordenantza bat ere badago, baina udalak ez du betetzen. Santa Maria elizako eskailerak aire zabaleko terraza bat bihurtu dira, eta, guk dakigula, ez diote inori isunik jarri, ez tabernei, ez pertsonei. Abuztuaren 31ko kaleko bizilagunak ere nazkatuta daude, turistak gazta tarta jateko portalean esertzen zaizkielako eta zaborra lurrera botatzen dutelako. Arauak badaude, baina ez dira betetzen ari. Tasa turistikoaren gaia ere aipatu izan da, baina ikusi beharko da diru hori zertarako erabiliko litzatekeen. Bartzelonan, Venezian… toki askotan dago tasa turistikoa jarrita, eta, hala ere, turismoak gora egiten jarraitzen du.

Uste duzu Donostiako Aste Nagusiko jai eredua galtzeko zorian dagoela?

Baliteke arriskuan egotea. Auzoko jaietan desberdina izaten da auzoaren kokapenaren arabera. Tokiko esperientzia saltzen da orain: «Joan piratetara, txosnara…», abordatzean parte hartzeko esango diete hurrengoan. Aurrekoan muntatze txanda bat egin nuen, eta pentsatu nuen: turistei muntatzearen esperientzia saldu beharko genieke, horrela lagundu dezaten behintzat.

«Zu ere turista izaten zara kanpora zoazenean» esango balizute? 

Gure helburua ez da turisten aurka egitea, baizik eta industria turistikoaren aurka. Egiturazkoa den zerbait da, kapitalismoaren barruan dagoena. Eta aztertu behar da zertarako erabiltzen diren turismoak ekartzen dituen irabazi horiek. Donostian, gaur egun, elitearentzako turismoa dute helburu, hotel gehienak hiru izar baino gehiagokoak dira eta. Etxe turistikoekin gauza bera. Esaten digute Donostiak ez dakit zenbat Michelin izar dituela, eta horrek turismo mota jakin bat erakartzen du.

«Jendea tabernetan egoteak dirua ematen digu» esaten dutenei zer esango zenieke? 

Turismoak dirua ekartzen du, bai: gutxi batzuentzat. Besteoi prekaritatea ekartzen digu. Eta badaude hori frogatzen duten datuak: turistifikatuak dauden herriak edo hiriak dira pobreenak. Anna Pacheco idazleak liburu batean hori zioen: bost izarreko hotel bateko langile batek bere soldatarekin ezingo lukeela hotel horretan bertan gaua pasatu, eta Donostian badaude horren adibideak. Duela urte batzuk, bi taberna itxi zituzten, eta jabea atxilotu; paperik gabeko pertsonak zituen lanean, hamabi orduko lanaldiak egiten. Hor ere ikusten da: irabaziak gutxi batzuentzat izaten dira.

«Turismoak nolakoa izan behar duen herritarren artean erabaki behar da, ez gutxi batzuen artean eta haien irabaziei begira»

Nolako harrera izan du elkarteak bizilagunen artean?

Gure helburuetako bat hirian eztabaida sortzea da, baita mobilizatzea ere. Ikusten dugu jendea oso erreta dagoela. Udalaren inkesta batean ere frogatu zen hori. Uste dut herritarren ia %80k esaten zutela turismoak gainez egin zuela. Beraz, alde batetik lortu da helburua betetzea; eztabaidatu behar da turismoak eta aisialdiak orokorrean nolakoa izan behar duen. Hori herritarren artean erabaki behar da, ez gutxi batzuen artean eta haien irabaziei begira.

Galdera-Erantzuna

Donostiako txokorik kuttunena?
Ulia mendia.

Artillari izango bazina, zeri emango zenioke su?
Turistifikazioari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA