Tutankamon, mito baten azaleratzea

1922an aurkitu zuten faraoiaren tonba, eta hiru urte geroago haren momia. Mugarri bat izan zen arkeologian, 3.000 urte lehenago utzi bezala topatu baitzuten: Tutankamon hiru sarkofagotan gotortuta zegoen, eta 140 amuleto zituen gorputzean.

Tutankamon faraoiaren heriotza maskara, 2007an, Municheko erakusketa batean. PETER KNEFFEL / EFE
Tutankamon faraoiaren heriotza maskara, 2007an, Municheko erakusketa batean. PETER KNEFFEL / EFE
amaia igartua aristondo
2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko aurkikuntza izan zen, eta ezohiko oihartzuna izan zuen. Howard Carter arkeologoak eta haren taldeak topatu zuten Tutankamon faraoiaren tonba, 1922an, Egiptoko Erregeen Haranean, eta mugarri hark inoiz ez bezalako interesa piztu zuen berehala hedabideen artean. «Etengabe ateratzen ziren albisteak», Maria Luz Mangado egiptologoaren arabera. Hedabideek, baita tokikoek ere, xehe-xehe eman zuten Carterren urrats bakoitzaren berri; arkeologoa makina bat hitzalditara gonbidatu zuten Europan egitasmoaren nondik norakoak azaldu zitzan, eta bidaia ofizialak antolatzen hasi ziren laster; besteak beste, Euskal Herritik. Urteetan iraun zuen aparrak. Hala, hiru urte geroago erregearen momia azalerarazi zutenerako, Tutankamon mito bilakatua zen daborduko. 1925eko urriaren 28an atera zuten azken sarkofagotik; asteartean beteko dira ehun urte.

Ehortzi zuten toki berean aurkitu zuten Tutankamon (ca. K. a. 1342-1325), ukitu gabe, hilobiratze hatu oparoarekin eta amuleto guztiekin. «Ez da ohikoa izaten», nabarmendu du Jesus Herrerin antropologo eta La momificaciĂ³n egipcia (Erasmus argitaletxea, 2023) liburuaren egileetako batek. Hogei bat urte daramatza Egipton behar egiten, ehunka momia eduki ditu eskuetan, eta horietatik hogei inguru baino ez zeuden osorik; lapurrek hondatuta zeuden gainerakoak, momiak apurtzen zituzten-eta benden artean eta gorputzaren barruan zeuden bitxiak osteko. «Beraz, Tutankamonen momiak garrantzi handia du, badakigulako nor den, non zegoen, nola ehortzi zuten, nola kokatu zuten... Datu oso baliagarriak dira».

(ID_17607050234395) (/Berria) Tuntankamonen momia sarkofagoetatik ateratzeko erabili zuten polea sistema, 1920ko urteetan
Tutankamonen momia sarkofagoetatik ateratzeko erabili zuten polea sistema, 1920ko urteetan. BERRIA

Kuartzitazko hilkutxa batean zegoen, tonba osatzen duten lau ganberetatik handienean. Eta harrizko egitura horren barruan, hiru sarkofagok babesten zuten erregea, matrioxka bat balitz legez. «Artisautza artelan izugarriak dira», balioetsi du Herrerinek: kanpoko sarkofagoak egurrezkoak dira, urrezko laminekin apainduta daude, eta hirugarrena urrezkoa da erabat; 110 kilo ditu. Puzzle horrek esplikatzen du, hein batean, tonba aurkitu zutenetik momia topatu arte ia hiru urte igaro izana. Mangadok nabarmendu duenez, Carterren taldeak «ardura» handiz jokatu zuen: pieza bakoitzaren inbentarioa egin, kontuz bildu, eta Kairoko museora bidaltzen zuten, propio eraikitako trenbide baten bidez —hamar urte behar izan zituzten lan hori egiteko, 5.000 pieza inguru baitzeuden tonban—; halaber, polea sistema bat taxutu zuten ganberan bertan, sarkofagoak jaso ahal izateko. «Beharrezkoa izan zuten lan metodologia bat; esan dezakegu arkeologia modernoa aurkikuntza horrekin inauguratu zela», egiptologoaren berbetan.

Azken estalkia zabaldu zutenean agertu zen faraoia: bere heriotza maskara famatua zeukan jantzita, eta erretxinaz josita zegoen. «Esaten dutenez, Tutankamon momifikatzeko teknikak ez ziren oso sofistikatuak izan, beharbada heriotza goiztiarra izan zelako, edo agian baltsamatzaileak ez zirelako oso finak izan», azaldu du Herrerinek. Material garestiak baliatu zituzten, baina ohi baino erretxina gehiago erabili zuten gorpua lantzeko, eta, azken sarkofagoa urrezkoa izanik, ez zuen xurgatu soberako produktua, egurrezko hilkutxetan gertatzen zen bezala. Ondorioz, erretxinak eta bendek ore bat osatu zuten erregea ehortzita egon zen 3.000 urteetan, eta, beraz, bildukia askatu beharrean, erauzi egin behar izan zuten gorpua eta hark zekartzan amuletoak aztertzeko. «Momia zatikatu egin zuten. Adibidez, orain ez dauka bularrezurrik», nabarmendu du antropologoak.

Natura imitatuz

XVIII. dinastiako kide izan zen Tutankamon; ordurako, Egipton ehunka urte zeramatzaten momifikazioak egiten. Praktika 4.000 urtez hedatu zen, guztira. «Uste zuten gorputza arimaren tenplua zela, eta, betiko bizi ahal izateko, tonba bat izan behar zuten, eta gorputza momifikatuta», argitu du Mangadok. Ez zen errege familiakoen kontua bakarrik, klase apalagoetako kideek ere jo baitzuten teknika horietara, baina agintari gorenena izaten zen momifikaziorik finena.

«Faraoien momietan lihorik delikatuena erabiltzen zen, kalitaterik onenekoa. Bendak lodiagoak edo meheagoak izan zitezkeen, zuriagoak edo horiagoak...»

MARIA LUZ MANGADO Egiptologoa

Prozesu natural bat izan zen abiapuntua. Herrerinen esanetan, momifikazioa garatu duten kultura ia guztiak bizi izan dira gorpuak sikatzeko klima egokia zuten lekuetan, eta Egiptoko basamortua eremu bereziki aproposa izan da horretarako. «Dinastien aurreko garaietan, orain dela ia 5.000 urte, lurrean ipinitako gorpu batzuk naturalki momifikatzen ziren. Haientzat ezusteko handia izango zen, eta jainkoen esku hartzearen seinale bat ere bai, ikustea pertsonak antzeko itxura mantentzen zuela ehortzi eta urte batzuetara». Ez zen kasu guztietan gertatzen, aldagai askok baldintzatzen zuten-eta momifikazio naturala. Hura imitatzen hasi ziren, aldagaiok kontrolatuta, beti gauzatuko zela bermatzeko. «Prozesu oso luze bat sortu zuten, sofistikatua eta zeharo konplexua: 70 egun irauten zuen».

Ehunka urte horietan, askotarikoak izan ziren teknikari egindako ñabardurak, txertatu eta baztertutako urratsak. Baina badira bi metodo beti aplikatu zituztenak, «eraginkorrak ziren seinale»: gorpua sikatzea eta erraiak kentzea. Jabetu ziren gorpua ez usteltzeko premiazkoa zela likidoak drainatzea, eta bazekiten hori nola egin, jakiak modu berean kontserbatzen zituzten eta: gatzetan sartuta. Natrona erabiltzen zuten, hain justu, jainkoen gatza. Mahai batean natron geruza bat ipintzen zuten, gorpua gainean kokatu, eta gatz berarekin estaltzen zuten ondoren. Berrogei egunez lagatzen zuten horrela, eta, bitartean, likidoak galduz joaten zen, osmosi izeneko prozesu kimiko baten bidez. «Ura ezinbestekoa da bizitzeko, ez bakarrik gizakientzat, baizik eta izaki bizidun guztientzat, baita bakterioentzat ere. Gorpua sikatuz, usteltzea etetea lortzen zuten», esplikatu du Herrerinek.

(ID_17607052219985) (/Berria) Howard Carter eta aurkikuntzan parte hartu zuen beste kide bat faraoiaren momiaren ondoan. Erretxinaren kau...
Howard Carter eta aurkikuntzan parte hartu zuen beste kide bat Tutankamonen momiaren ondoan. Erretxinaren kausaz, faraoiaren gorpua belztuta zegoen. BERRIA

Organoak ere bakterio iturri ziren, orobat. «Haiek ez zekiten, baina guk bai: usteltzea eragiten duten bakterio gehienak erraietan daude, batik bat hesteetan: ez dira kanpotik etortzen». Arrainak eta bestelako animaliak lehortzen zituztenean ere, barrua husten zieten aurrena. Momiei dagokienez, beste horrenbeste: sabelaren ezkerreko aldean ebaki bat egin, eskua hartan sartu, eta organoak ateratzen zizkieten. Horiek ere momifikatu, eta ontzi kanopoetan gordetzen zituzten. Lau ziren, guztira: urdaila, birikak, gibela eta hesteak jasotzen zituzten, eta bakoitzak jainko babesle bat zeukan.

«Ez dauka bihotzik»

Baina baltsamatzaileek ez zioten arreta soilik gorputzari ipintzen. Momia biltzeko bendak ere inportanteak ziren. Lihoa erabiltzen zuten, batez ere. «Tailer berezietan lantzen zituzten», nabarmendu du Mangadok. Material hark hainbat funtzio zituen, egiptologoak zerrendatu duenez: etxeko arreoa taxutzeko balio zuen, jantzigintzarako, momifikaziorako... «Faraoien momietan  lihorik delikatuena erabiltzen zen, kalitaterik onenekoa. Bendak lodiagoak edo meheagoak izan zitezkeen, zuriagoak edo horiagoak... Egia da denboraren eta momifikazioan erabilitako esentzien ondorioz oihala hondatu egiten dela, eta balitekeela kolorez aldatzea ere».

politeismoaren berrezarpena: Tutankamonen ekarpenik behinena

Tutankamonek hamar urte ere ez zituen egin Egiptoko faraoi (ca. K. a. 1334- ca. 1325), baina, hala ere, haren erregealdia erabakigarria izan zen. Garai bereziki gatazkatsu batean heldu zen tronura: Akenatonek boterea kendu zien Amon jainkoaren apaizei —K. a. 1353tik 1336ra izan zen faraoi, gutxi gorabehera—, sistema politeista baztertu eta monoteismoa ezarri zuen —Aton jo zuen jainko bakartzat, eguzkiaren irudikapena—, eta Amarna izendatu zuen hiriburu Tebasen ordez. Tutankamon izendatu zutenean faraoi, Tebasko apaizek boterea berreskuratzeko abagunea ikusi zuten, Maria Luz Mangado egiptologoak esplikatu duenez. Tutankamonek bi kultuak ezagutu zituen, eta haren izenean ere islatu zen sistema aldaketa: Tutankaton zen hasieran, eta Tutankamon gisa hil zen. Hala ere, haren hilobiratze hatuan bi kultuen arrastoak ageri dira, baita bi izenak ere. «Kartutxo batzuetan kamuflatuta dago: hasieran Tutankaton ageri zen, eta Tutankamon idatzi zuten gainean», Mangadoren arabera.

Bilduki horretan makina bat amuleto jasotzen zituzten. Tutankamonek 140 inguru zituen. «Hildakoari paradisura ailegatzen laguntzen zioten», azaldu du Herrerinek. Izan ere, paradisurako bidea «ginkana» moduko bat zen egiptoarrentzat: aurrera egin ahala, jainkoek ipinitako probak gainditu behar zituzten, eta haien galderei erantzuteko betetzen zituzten tonbak otoizlaburrez eta esaldiz. Azken erronkan, bihotza pisatzen zieten. «Momia askok bihotza galtzen zuten, eta kakalardoen amuletoekin ordezkatzen zuten», xehatu du antropologoak. «Tutankamonek ere ez dauka bihotzik». Intsektu horrez gain, putreak, Horusen begia eta Osirisen figurak zituen erregeak gorputzean barreiatuta, besteak beste, baita bi sastakai ere, horietako bat meteoritoz ondutakoa. «Momifikazioak iraun zuen urte mordoan, bolada asko egon ziren; dinastia batzuk kanpotik etorri ziren, eta beren jainko eta sinesmen propioak txertatu zituzten Egiptoko politeismoan».

Hainbat mende geroago erdietsi zuten gailurra, dena den: XXI. dinastiako momiak dira «perfektuenak», Herrerinen irudiko. «Ordura arte egiten ez ziren gauzak gehitu zituzten: adibidez, begi artifizialak; gainera, paketeak sartzen zituzten gorputzeko atal batzuetan, masailetan esaterako, aurpegiari bolumena emateko, ura galtzean oso zimurtuta geratzen zen eta».

«Tutankamonek sendatu gabeko haustura ireki bat dauka hanketako batean: baliteke zauriaren ondorioz infekzio bat eduki izana, eta horregatik hil izana»

JESUS HERRERIN Antropologoa

Orduko prestutasunak bestelako ondorioak ere baditu, ordea: ehun biguna zenbat eta hobeto kontserbatu, orduan eta informazio gehiago izango du ikerlariak gorputz horrek izan zituen gaixotasunen, zaurien eta esperientzien inguruan. Eta errazagoa izango zaio, halaber, heriotza zerk eragin zion argitzea. «Heriotza guztiek ez dute arrastorik uzten eskeletoan edo ehun bigunetan», ohartarazi du Herrerinek, «baina, batzuetan, analisi oso zorrotzak egin daitezke, batez ere momifikazioa oso ondo egina badago».

Tutankamoni dagokionez, arrastoak badaude, baina oraindik ez dago adostasunik haren heriotzaren inguruan. «Bularrezurrik ez daukanez, esan zuten hipopotamo batek eraso ziola. Edo gurdi istripu bat izan zuela. Hori sinesgarriagoa da, hanketako batean sendatu gabeko haustura ireki bat dauka eta: baliteke zauriaren ondorioz infekzio bat eduki izana, eta horregatik hil izana». Malaria ere aipatu izan dute, eta, bestalde, osasun arazoak zituen endogamiaren kausaz. Gauza ziurra da oso gazte hil zela, 19 urterekin; motiboen inguruko eztabaidak haren mitoa puztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.