Duela hamabi urte, Mallorcara joan zen, hango jatetxe batean lan egitera, eta, ondoren, sukaldari nagusiarekin New Yorkera joateko pausoa eman zuen. «Urtebetez geratzeko asmoarekin joan nintzen, baina hemengo giroak harrapatu egin ninduen ondoren», dio Eder Moralesek. Txikito jatetxea dauka Chelsea auzoan, bederatzigarren etorbidean, eta euskal sukaldaritza eskaintzen du. Joan den urtetik, txakolinaren euskal ordezkaria da AEBetako hirian. «Ez da titulu txarra, egia esan», dio irribarrez. Igande honetarako bigarren Txikifest jaia antolatu du, txakolinaren jaia, txakolinaren izena zabaltzeko asmoarekin.
Txakolinaren festa antolatzen hasi zineten joan den urtean, non eta New Yorken. Nolaz?
Ohartzen hasi nintzen hemen, New Yorken, txakolina gero eta jatetxe gehiagotan agertzen hasi zela. Ez gure jatetxean bakarrik, baita goi mailako beste hainbat lekutan ere, hala nola jatetxe frantsesetan, italiarretan eta abar. Asko zabaltzen ari den edari bat da, baina, egia esan, inork gutxik daki zer den txakolina. Beraz, hasierako ideia hemengo jatetxeen artean gure-gurea den edari horren bereizgarriak zeintzuk diren azaltzea da. Hau da, txakolina nola zerbitzatu behar den, ardo gaztea izaki urtean urtekoa edan behar dela, eta abar.
Eta zergatik iruditzen zaizu hasi zi-rela txakolina eskaintzen menuetan?
Kontuan hartu hemen mundu osoko ardoak dasta eta topa daitezkeela. Itsasmendi upategiak, esaterako, lan handia egin du inguru honetan, eta goi mailako jatetxe askotan eskaintzen du txakolina. Baina, esan bezala, ardo hori modu jakin batean edan behar da, eta hori erakusteko egingo dugu igande honetan bigarren Txikifest jaia.
Txakolina ere asko aldatu da azken urteetan. Horrek zerbaitetan lagundu al du nazioartera hedatzeko garaian?
Bai, noski. Gaur egun egiten den txakolina askoz ere hobea da edateko; teknika asko aldatu da, eta horrek asko lagundu dio nazioarteko ateak zabaltzeko garaian. Arima, ordea, ez du galdu. Erraz edaten den edari bat orain ere, batez ere udaberrian, eta ez dauka alkohol asko. Lekuan lekuko ekoizpenaren arabera, gainera, asko aldatzen da txakolina. Esaterako, Gipuzkoan egiten denak apar gehiago dauka, Bizkaian edo Araban egiten denarekin alderatuz gero. Orain arte gehien merkaturatu dena Bizkaikoa izan da, baina Txikifesten txakolin mota ugari dastatu ahal izango dira. Denetara, hamalau upeltegi egongo dira datorren igandeko festan. Horiez gain, munduko gastronomia ere das-tatu ahal izango dira. Hamabi jatetxe arituko dira lanean. Besteak beste, sukalde italiarra, indiarra, frantsesa eta abar egongo dira.
Beraz, txakolina beste zapore batzuekin nahasteko aukera paregabea...
Bai. Inongo ezbairik gabe, berrikuntza bat izan daiteke. Euskal Herrian zapore jakin batzuekin nahasten dugu txakolina. New Yorken izanda, ordea, beste era bateko zaporeekin nahastea, aberasgarria izateaz gain, berritzailea ere izango da.
Lehenengo aldian, zer-nolako harrera izan zuen jaiak?
Oso ona. Gure jatetxearen atzeko aldean dagoen kalea itxi egin genuen, eta han ospatu genuen txakolinaren festa. Denetara 400 pertsona inguratu ziren, eta 500 txakolin botila hustu ziren. Egon zen balantzaka irten zen baten bat, baina orokorrean jendea oso gustura egon zen [Barreak]. Kalean egindako jaia izan zen. Beraz, euskal estiloan egin zen bete-betean. Nola bestela!
Jarritako helburua bete zenuten?
Ez genuen esperotako oihartzuna izan komunikabideetan, baina lehen urtea izan zela kontuan hartuz gero, gustura egoteko moduko harrera izan genuen, egia esan. Hein batean helburua ere bete genuen, apurka txako- lin terminoa ezagunagoa dela- ko, eta ardoaren inguruan ere informazio gehiago baitauka jendeak.
Iganderako, zer espero duzue?
Oraingoz txartelen erdiak baino gehiago saldu ditugu. Datu ona da, oraindik astebururako proposamenak ez baitira argitaratu hedabide nagusietan. Beraz, harrera beroa izatea espero dugu.
Eder Morales. Txikifest jaiaren antolatzailea
«Txakolina edateko hobea da orain, eta horrek nazioartean zabaltzen lagundu du»
Bigarren Txikifest jaia ospatuko dute igande honetan New Yorken. Txakolina nazioartean gero eta zabalduago badago ere, ez omen da horrenbeste ezagutzen. Horregatik antolatu dute jai hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu