Ezarian. San Anton eguna

Txakolinez busti da Getaria

Jende andana bildu da Getarian San Anton egunez, txakolinaren uzta berriaren aurkezpenean. Mahasti Jaun eta Mahasti Andere sariak Etiopia Utopia fundazioari eta Gabriella Ranelli kritikari gastronomikoari eman dizkiete.

Fruitu lurrineko txakolina irten da aurten; iazkoak baino alkohol graduazio gutxiago du. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Getaria
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Txakolinak hartu zuen Getaria, eta herriak jendez gainezka egin zuen atzo. Urtero moduan, San Anton eguna ospatu zuten herrian, eta aurtengo txakolin uzta aurkeztu zuten. Gustura eta pozik zeuden denak, eta alaitasuna zen nagusi kalean. Gustura ekoizleak, azkeen urteetako uztarik onena izan delako, eta pozik jai giroan jendea, edariaren txisparekin alaituta, kontu kontari.

«Aurtengo uzta historikoa izan da», zioen Ruth Mozok, Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzaileko gerenteak. Kalitate oneko edaria eta iazkoa baino ekoizpen handiagoa lortu dute, eta ez dauka zalantzarik kontsumitzaileei gustatuko zaiela.

Ez zirudien astearte buruzuri bat zenik atzo Getarian, ezohiko irudia erakusten baitzuen herriak goizetik. Hamabiak alderako, herriko frontoia, plaza eta inguruko kaleak jendez lepo ageri ziren, eta zaila egiten zen ibiltzea ere. Hara bildutakoak irrikan zeuden txakolin berria edateko. Saltokietan txakolina saltzen hasi aurretik, ordea, Mahasti Jaun saria eman zuten, ohiturari jarraituz.

Aurten bi saritu izan dira: Etiopia Utopia fundazioa eta Gabriella Ranielli Euskal Herrian bizi den New Yorkeko kritikari gastronomikoa. Txistulariek ireki zieten agertoki arteko bidea sarituei, eta ohorezko aurreskuarekin egin zieten ongietorria ondoren. Angel Olaran misiolariak Etiopian egindako lan humanitarioa zabaltzeko sortu zen Etiopia Utopia fundazioa. Olaran orain dela hogei urtetik bizi da Afrikako herrialde hartan, eta aurretik beste hogei urte pasatu zituen Tanzanian. Atzo Imanol Apalategi fundazioko lehendakaria joan zen sariaren bila, baina ezin Olaran gogoratu gabe utzi: «Angelek egon behar zuen hemen».

Aurreikusitako gidoitik aterata freskotasuna irabazten dute sari banaketek, eta hori gertatu zen atzo. Agertoki gainean hitz egitera zihoala, oroigarria eskutik erori zitzaion Apalategiri, eta izugarrizko soinua egin zuen. Beste gisa bateko opari bat ere jaso zuen: Hondarribia zuriko mahatsondo landarea eman zioten, Etiopian landatzeko. «Sinbolikoki garrantzi handia dauka honek. Orain dela 20 urte Angel hara joan zenean zuhaitz bakarra zegoen, eta orain 100.000 daude. Ea landarearekin berdin egiten dugun», esan zuen Apalategik.

Saria jasotzea oso pozgarria dela gaineratu zuen, eta hemengo ikuspegia oso ezberdina dela hangoaren aldean, arrakasta diruarekin lotzen baitugu hemen. «Pobreziaren aurkako gerra da gurea. Angelek beti esaten du txiroa izateak ez duela esan nahi triste bizitzea», esan zuen. Olaranek ikastetxe bat sortu du han, eta 400 ikasle ditu gaur egun. Ikastetxeko diru arazoei aurre egiteko, mikroenpresa bat sortu nahi dute orain. Martxan duten beste proiektu bat Irribarreak izenekoa da: herritarren aho osasuna zaintzeko, dentista eta erizainei heziketa ematea da helburua.

Gabriella Ranielli kritikari gastronomikoaren istorioa ere berezia da oso. Donostiarekin maitemindu zen orain dela 25 urte, eta New Yorketik hona etorri zen bizitzera. Sona handia du bere lanbidean: 2010ean,Wall Streel Journal egunkariak munduko hamar kritikari onenen artean aipatu zuen. Turismo gastronomikoarekin lotutako agentzia bat darama gaur egun: Tenedor Tours.

«Ilusio handia egin dit mahasti andere izateak. Oso kutuna dut edari hau. Txakolinak ere bidaiatu egiten du gaur egun, eta hori aurrerapauso handia da», azaldu zuen Raniellik. Izan ere, Estatu Batuetara joaten denean hango saltokietan Euskal Herriko txakolina ikusten duela argitu zuen. «Baina han, hemen bezalaxe, berehala amaitzen da». Euskaldunak oso abegikorrak direla eta hemen oso ondo bizi dela uste du. «Pentsa, nirekin etortzen diren turista askok hegazkina atzeratzen dute hemen egun gehiago geratu ahal izateko», zioen umoretsu.

Kopa eta pintxoa

Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzailearen barnean dauden 26 upategiak izan ziren Getarian atzo. Upategi bakoitzak zazpi kaxa txakolin eraman zituen, eta guztira 2.100 botila egon ziren edateko. Etenik gabe saldu ziren kopak. Sei eurorekin kopa hartu eta bost basoerdi kontsumitzeko aukera zegoen.

Patxi Aizpurua urteroko txakolinaren festara inoiz huts egiten ez duten horietakoa da. Debatik (Gipuzkoa) etorri zen oinez mendiko botak jantzi eta makila eskuan hartuta, eta itzulera ere halaxe egin behar zuen. «Gaurko eguna egun sakratua da niretzat. Asko gustatzen zait txakolinaren mundu hau».Txakolin baten eta bestearen arteko aldea bereizten abila dela nabarmendu zuen: «Behin San Anton egun batez upategi guztietako txakolina probatu nuen. Etxera bueltan oinez nindoala zelai batean etzanda geratu behar izan nuen zorabioa pasatzeko», azaldu zuen irribarretsu, eta upategienizenakbata bestearen atzetik aipatu zituen.

Jakina da edaria janariarekin lagunduta hobeto sartzen dela, eta Getariara bildutakoek pintxoak jateko modua ere izan zuten, 800 pintxo prestatu baitzituzten. Pintxo lehiaketa ere antolatu zuten, eta Giroa taberna atera zen garaile. Mokadutxoa hartzen ari zirenen artean, Claudio Uerder eta Annie Diriberi frantziarrak zeuden. Landetatik etorri zen lagun kuadrilla egun-pasa, eta oso giro polita zegoela zioten: «Getaria lehenagotik ezagutzen genuen, eta festa honetara etorri nahi genuen. Zein da txakolinik onena?», galdetzen zuten. Frantsesez ez ezik, ingelesez mintzatzen zirenak ere bazeuden tartean. Adin guztietako pertsonak zebiltzan batetik bestera, baina erretiratuak ziren nagusi. Tabernak lepo, eta askotariko salgaiak zituzten saltokietan jendea begira, batez ere. Ondoan zuten tonbolak kentzen zien agian protagonismoa.

Kupela taldeko kideak aritu ziren giroa berotzen, eta txakolinari eskainitako abestiak ez zuen hutsik egin: «Txakolina, txakolina, Getariako erregina». Bertsolariak ere lagundu zieten. Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok udaletxeko balkoitik kantatu zuten, urtero bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.