Nire lagun Felixek berria kontatu zidanean, ezin izan nuen sinetsi. Elkarte bat euskal txapelaren erabilera bultzatzeko? Bai zera! Haatik, nire lagun Felixek esku-telefonoa Internetera konektatu eta hantxe, tabernan bertan, eman zidan Txabai izeneko elkartearen berri.
Iazko neguan hasi nintzen txapela erabiltzen eta aitor dut hasiera ez zela erraza izan. Txapelak adineko jendearekin duen lotura begi-bistakoa baita, festarako gorde dugu gazteok, eta horregatik parranda egunetan soilik ateratzen ditugu gure txapelak armairutik. Antza, jendetzaren aterpean —txapelpean?— askoz ere eramangarriagoa da lotsa.
Arestian esan bezala, iaz hasi zen nire matxinada. Agur beldurrari eta lotsari. Gure amak zioskun bezala, lotsa lapurtzeko baino ez! Beraz, neguko egun hotzetan, txapela buruan eta ibili munduan, pipa eta guzti. Eta haurrak opari eskean etortzen bazaizkit, niri bost. Olentzero naiz eta harro nago!
- Gora txapelak! —egin nuen topa.
Nire lagun Felixek, ordea, berehala zapuztu zidan poza.
- Ze txapel eta ze txapel-ondo! Hik ez duk inoiz ikasten. Orain gorbata eraman beharra zagok!
Eta jarraian kontatu zidan ezen Anasagastik gorbata eramatea aholkatu ziela Bake Konferentziara joan behar zutenei.
Horrexegatik, hain zuzen ere, ez nintzen Aietera joan. Olentzeroren antza izatea, tira, baina Ibarrola eskultorearena, ezta pentsatu ere! Nork bere mugak ditu.
Nik ere, Lopez Lehendakariak bezalaxe, marra gorriak ditut.
Maratila
Txapelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu