Txapelketak eta musika nagusituko dira Elgoibarren

Gaur hasiko dira jaiak, txupinazoarekin eta kanpai jotzearekin, eta igandera arte iraungo dute

2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gaur hasi eta igandera arte San Bartolome jaietan murgilduko da Elgoibar (Gipuzkoa), eta egun batzuz bada ere, kezkak eta arazoak alde batera utzi eta parrandaz gozatuko dira herritarrak. Etxanizen 65. Oroimenezko Txirrindulari Lasterketarekin hasiko dute gaur eguna elgoibartarrek, baina txupinazoa eta kanpai jotzea 13:00etan egingo dira. Udaletxeko balkoian ikurrina jaso eta igandera arte jai giroa lehertuko da herriko kaleetan barna. Gero, Mauxitxa txaranga kalejiran ibiliko da.

Arratsaldean, adin guztientzako ekintzak izango dira. Haurrek, esaterako, primeran pasatuko dute eurentzat Foruen plazan jarritako parkean, edo erraldoi eta buruhandiekin kalejiran. Arratsaldean ere izango da kirolarentzat lekua: Elgoibar futbol taldeak Anaitasuna taldearen aurka jokatuko du, Mintxetako futbol zelaian. Azkenik, 23:00etan, Kukai taldeak Karrikan dantza ikuskizuna eskainiko du Foruen plazan.

Bihar egun handia izango da Elgoibarren, San Bartolome eguna ospatuko baitute. Elgoibarko, Iruñeko eta Guardiako dultzaineroen dianak emango dio hasiera egunari. 10:45ean, herriko zaindariaren prozesioa egingo da, eta, gero, meza nagusia amaitutakoan, Haritz Euskal Dantzari Taldeak eta Udaleko Txistulari Bandak 77. sokadantza egingo dute Foruen plazan. Ondoren, Udaleko Musika Bandaren kontzertua egingo da.

Bihar ere haurrentzako parkea izango da Foruen plazan, eta erraldoi eta buruhandiak eta zezen-zikleten kalejira ibiliko da kalez kale. 18:00etan, profesionalen arteko esku pilotako partidak ikusteko aukera izango da ikastolako frontoian, eta 19:00etan, Trapu Zaharrak taldeak Gira&bira ikuskizuna emango du Nafarroa plazan. Eguna amaitzeko, Markeliñeren taldeak Karbon Klub ikuskizuna egingo du Foru plazan.

Ondorengo egunetan umeen, gazteen eta baserritarren egunak ospatuko dituzte. Igandean amaituko dira jaiak, Erretiratuen Egunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.