Biolontxeloa bizkarrean hartuta, Orreagatik (Nafarroa) Fisterrako lurmuturrera (Galizia) doan Donejakue bidea oinez egiten ari da Dane Johansen txelo jotzailea. Txeloa lagun, Bachen sei suiteak jotzen dihardu bidean aurkitzen dituen hainbat elizatan. Eunatekoan aritu zen atzo.
Goiz ekiten dio bideari Dane Johansenek (Alaska, AEB, 1985). Deusen okerrik ez bada, 06:00etarako hasten da ibiltzen. Zazpi bat kiloko biolontxeloa eta hari atxikita daraman zorroan ura eta jatekoa bizkarrean hartuta, kilometroak eta kilometroak egiten ditu egunero. Iruñetik Garesera doan bidea egin zuen atzo. Txangoa bukatzean, Muruzabal herrian dagoen Eunateko eliza erromanikoan kontzertua eman zuen. Gaur, Lizarran joko du, eta bihar, Los Arcosen.
Maiatzaren 16an atera zen Orreagatik, eta ekainaren 27rako iritsi nahi du Fisterrara, oinez 960 kilometro egin ondoren. Kontzertuak emateko ez eze, dokumental bat egiteko ere baliatuko du Johansenek bidaia. Bidean musikariarekin batera doan zortzi laguneko taldea The Walk to Fisterra (Finisterrerako bidea) filma grabatzen ari da. Nafarroako hainbat elizatan jotzeko eta grabatzeko baimenak lortzea ez da erraza izan. Lan horretan ezinbesteko laguntzaile izan du Diego Arbizu, txelo jotzaile eta Pablo Sarasate Kontserbatorioko irakaslea.
Musika eta bidea uztartuz
Dokumentalean, Johann Sebastian Bachen sei suiten 36 mugimenduak grabatuko dituzte. New Yorkeko Julliard School musika eskolako irakaslea da Johansen, eta Escher String Quartet laukotean jotzen du. Donejakue bidearen berri ibilaldiak asko maite dituen lagun baten bidez izan zuen, 2008. urtean. Harrezkero, bidea nola egin pentsatzen ibili da. Bachen suiteak jotzea erronka da txelo jotzailearentzat. «Esperientzia sakon bat izan nahi nuen, eta Bachen musikak horretarako aukera eskaintzen du». Egiten ari den bidea musikak ikuspegi askotatik ulertzeko eta bizitzeko aukera eskainiko diola sinetsita dago Johansen. «Musikak nire barruko bidea aurkitzen laguntzen dit. Donejakue bidea egin eta gero, musikarekin dudan harremana eta bidearekin izan dezakedan harremana ezberdina izanen da».
Alaskakoa izanik, natura bere bizitzaren parte dela azpimarratu du. Naturarekin duen harremanak bultzatuta, musika eta natura uztartzeko aukera ere bilatzen du bidean. «Nire erromesaldi fisikoa musikaren adierazpenarekin uztartu nahi nuen. Donejakue bidean musika eta natura lot daitezke. Hori bakarrik ez, hain eliza ederretan biolontxeloa jotzeko aukera izatea zoragarria da», dio irribarretsu. Beste erromesekin egoteko aukera izatea ere eskertu du. «Orreagako eta Zabaldikako kontzertuak sekulakoak izan dira. Erromesak asko hunkitu ziren, eta ni ere bai. Gainera, musika jotzerakoan eliza handien eta txikien arteko aldeak oso interesgarriak dira».
Egiten ari den lanean, hain zuzen, zailena bidea, kontzertuak eta filmaren grabaketa uztartzea ei da. «Egun berean ibiltzea, eta, gero, jotzea eta grabatzea, nekagarria da, baina aberasgarria ere bai. Egutegi eta ordutegi bat dugu, eta ezin gara gelditu».
Txeloa, biderako lagun
Txeloa bizkarrean hartuta, Donejakue bidea egiten ari da Dane Johansen txelo jotzaile estatubatuarra, bitartean bideko hainbat elizatan kontzertuak eskainiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu