Gasteizko jaiak

Txikiek ere badute zer ospatu

Haurren eguna da gaur Gasteizko jaietan. Edurne eta Zeledon Txikik ehunka ikusleren aurrean egin dute jaitsiera, eta haur guztiekin batera abestu eta dantzatu dute.

Zeledon Txiki eta Edurne Txiki, haurren egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zeledon Txiki eta Edurne Txiki, haurren egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko abuztuaren 7a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euritako bana eskuan eta haurren egunaz gozatzeko asmoz jaitsi dira Edurne eta Zeledon Txiki San Migelgo elizatik. Zeledonen urratsei jarraituz, eta hark abuztuaren 4an egin zuen antzera. Andre Maria Zuriaren plaza goitik behera zeharkatu dute. Eguerdiko hamabietan hasi da jaitsiera, baina hogei minutu lehenago ere beteta zegoen tokia.

«Ama, txizagura!», oihukatu du 4 urteko ume batek amari elastikotik tiraka egiten dion bitartean. Amak erlojuari begiratu dio, eta komunera joateko denbora nahikoa duela pentsatu du, umeari eskutik heldu eta taberna baterantz alde egin baitu. Bien bitartean, plazan bilduta dauden umeek Aldapan gora abestiaren erritmoan egiten dute dantza, eta haurrak bistatik ez galtzea izan da guraso eta aitona-amona guztien kezka. 

«Oihan, Maier, Unai!», hiru umeen izenak ozen oihukatu ditu aita batek, haserre. Hirurek barre egin dute, eta aitonaren atzean ezkutatu dira; ondo dakite berak ez diela errietarik egingo. Aitonak ere barre egin du, bilobei dien maitasuna ezin ezkutatuta. Aitak irribarre egin du azkenean, baina etxean entseatutakoa gogorarazi die txikiei: «Nola esan dugu joango ginela?». Aho batez erantzun diote denek: «Elkarrekin eta eskutik helduta!». Eskutik heldu, eta pozik alde egin dute jaitsiera ahalik eta ondoena ikusteko leku baten bila.

11:30ean oraindik nahiko hutsik dago plaza, baina laster hasi da betetzen. Goiz heldu direnek itzaletan lortu dute lekua. Geroago iritsi direnek, ordea, eguzkitako krema atera behar izan dute. «Alba, egon geldirik mesedez!», galdegin dio ama batek alabari. Haurra ezin da geldirik egon, eta aurpegia kremaz beteta izateak ez dio axola. «Ez dut ezertxo ere galdu nahi!», saiatu da ama konbentzitzen.

(ID_14149675) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-08-07, Gasteiz. Ama Zuriaren jaiak
Zeledon Txiki eta Edurne. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urduritasuna nabari da txikien aurpegietan. Bat-batean San Migel elizatik Edurne Txikiren panpina atera da, eta ohartu direnak oihuka hasi dira; geroz eta gutxiago falta da. «Aita, begira! Edurne!», esan du zirraraz beteta aitaren sorbaldan eserita dagoen haur batek.

Hamar minutu falta direnean, buruhandiak eta erraldoiak sartu dira plazara. Txarangaren soinuek eta buruhandien kolpeek itxaronaldia arindu dute, eta eguerdian suziria entzun da. Musika banda Uno de enero abestia jotzen hasi da orduan, eta haurren eguneko protagonista nagusi biak plaza gurutzatzen hasi dira, airean. Berehala txalotu dituzte ikusleek, eta, jaitsierak bost minutu iraun baldin badu ere, umeek atzamarrekin seinalatu dituzte behin baino gehiagotan Edurne eta Zeledon Txiki. 

«Etorkizun oparoa»

Andre Maria Zuriaren plazaren atzealdean lurreratu dira Edurne eta Zeledon Txiki, erraldoien parean, eta, balkoirako bidea egin duten bitartean, batera agurtu dituzte ikusleak. Zeledon Txiki ume guztiei bostekoa ematen saiatu da, eta Edurne Txikik irribarre bana eskaini die. Elizaren pareko eskailerak pixkanaka igo dituzte, euritako biak itxi, eta, mikrofono bana bereganatu dutenean, Gasteiz goraipatu dute: «Gora Gasteiz! Gora Andre Maria Zuria! Gora Zeledon! Gora Edurne!». Ikusleek harrera beroa egin diete hitz horiei, eta txaloka hasi da plaza osoa.

Isiltasuna gailendu denean ekin diote benetako mezua zabaltzeari. Zeledon Txikik hartu du hitza lehenengo: «Primeran pasatzeko eguna da gaurkoa, eta frogatu nahi dugu blusek eta neskek etorkizun oparoa dutela», aldarrikatu du. Edurne Txikik jarraitu dio, eta haur guztiak haiekin «abestera, dantzatzera, salto egitera eta ondo pasatzera» gonbidatu ditu. Ikusleek berriz ere txalotu dituzte Edurne eta Zeledon Txiki. Behin hitzaldia amaitu dutenean, euritakoak hartu dituzte berriz, eta balkoian salto egiten hasi dira, festa eta giroa piztu nahian.

Ikusleetako asko saltoka hasi dira; beste askok, berriz, itzalen bat bilatzeari ekin diote, bero handiaren eraginez. Aukera berriak kanta entzun da bozgorailuetatik, eta txikiek eroen modura abestu dute, pozarren. Haien eguna da, eta inork ez die ondo pasatzea eragotziko. «Nire bizitzako egunik onena izan da», esan dio neska jantzita doan ume batek aitonari. Aitonak besarkada bat eman dio, eta dantzatuz alde egin dute plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.