Eskolako jolastokia. Mundu oso bat. Umeetako askorentzat, eguneko unerik ederrena igarotzeko lekua; beste zenbaitentzat, amesgaiztoen gunea, ia infernua. Un monde-k jolastoki hori guduzelai gisa erretratatzen du; unibertso propio baten izaera ematen dio. Gizartean gertatzen diren gatazken metafora bat ere bada, eta hortik filmaren izenburua ere: Un monde. Mundu bat, bere gatazka, dibertimendu eta arauekin. Eskolako heldu jendearen unibertsotik aldenduta, mundu horretan neska-mutikoek jolastu egin dezakete eta ondo pasa dezakete, baina paira dezakete beste haurren jazarpena eta gisa askotako injustiziak, paira dezakete bullyng-a .
Laura Wandel zinemagile belgikarraren lehen filma da Un monde, eta Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten, baita Fipresci saria eskuratu ere. Zuzendariak behaketa gertuko bat transmititu nahi du, horretarako kamera protagonisten aurpegietatik oso gertu jarriz, eta lehen plano horietan miserien eta erasoen kateatze bat marrazten da, konpontzeko batere itxurarik ez duena.
Lehengo eta egungo errealitate gordina da eskolako jazarpena, nahiz eta lehen akaso ez zuen izendapen hori, akaso izendapenik ere ez; eta gordinki islatzen du filmak. Ez dago ia inolako afekturik, ez dago ia enpatiarik. Salbuespen gutxi batzuekin, jende heldua apenas arduratzen den umeen arteko eraso eta jazarpenez, eta haurren artean ere inor ez da bereziki kezkatzen eraso egiten dioten horretaz. Haienganako keinu adeitsuak oso urriak dira.
Indiferentzia horri eskapo egingo dio Nora txikiak (Maya Vanderbeque), ordea; hark ez du nahiko bere adinekoekin jolastu, baizik eta etengabe bere anaia Abelen ondoan egon nahiko du (Gunter Duret). Apur bat zaharxeagoa da Abel, eta ezin izango dio kasu handirik egin arreba txikiari, nahikoa baitu etengabe pairatzen dituen eraso eta abarrak saihesten. Are, arreba txikiaren aldiroko presentziak zaildu egiten du anaiaren egoera, zaildu besteekiko harremana eta besteen erasoak leuntzeko ahalegina.
Baina arreba ez dago geldi egoteko; arreba da, eta kezkatu egiten du anaiaren egoerak. Abisua pasatzen die helduei, irakasleei, ingurukoei, baina apenas egiten dioten kasurik: «Mutikoen kontuak dira» da jasotzen duen erantzuna.
Kamera hurbilean
Gai eta planteamendu zail bat dakar filmak: zer egin dezake mutiko batek halako egoera batean, eta zer egin dezake bere arreba txikiagoak, gainera ikusirik inguruan duen tentsio horrek guztiak bere egoera ere are zailtzen duela? Un monde filmean, Laura Wandel zuzendariak kamera sorbalda gainean erabiltzea hautatu du, ia kontaketaren protagonismo guztia Noaren aurpegieran utziz. Horrela, sentsazioen gordina ia bere larruan bizi du ikusleak, eta apenas ikusten den erasotzaileen aurpegirik ere. Helduak ere ez dira askotan azaltzen, eta ematen du, hain zuzen ere, beste mundu batean bizi direla. Alabaina, era berean, azaltzen duten indiferentzia horrek berak gogoetarako bide ematen du; umetan jazarle izandakoak izan litezke heldutan hezitzaile behar dutenak...
'UN MONDE'
Zuzendaria. Laura Wandel.
Aktoreak. Maya Vanderbeque, Günter Duret, Karim Leklou, Laura Verlinden.
Herrialdea. Belgika. Urtea. 2021.
Iraupena. 72 min. Generoa. Drama-bullyng-a.
Estreinaldia. Otsailaren 25ean estreinatuko da Hegoaldean.
Datorren asteko estreinaldiak
Txikien mundua ispilu
'Un monde'-k 'bullyng'-aren ertz ilunak islatzen ditu bi anai-arreba gaztetxoren begirada ardatz harturik. Laura Wandelen lehen filma da, eta harrera ona izan zuen Cannesko jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu